India

tigerHerri indigenen abaroan, tigreen populazioa gora

Tigrearen aliatu paregabeak izan daitezke herri indigenak. Galtzeko arriskuan dagoen espeziea izanik, tigreak natur erreserbetan babestuak daude Indian. Alabaina, tigrea babesteko aitzakiaz, gobernuak kanporatu egiten ditu kasu gehienetan eremu horietan bizi diren herri indigenak. Haatik, herri indigenen eskubideen alde lan egiten duen Survival International Gobernuz Kanpoko Erakundeak jakinarazi duenez, herri indigenek onura besterik ez diote ekartzen tigreen populazioari. Euren jatorrizko bizilekuari eutsita natur erreserbetan bizitzen jarraitzen duten herri indigenek, zehazkiago esanda. Karnataka estatuko BRT erreserbako kasua jarri du adibide Survival Internationalek, Indiako gobernuaren datuak oinarri. 2010etik 2014ra, 35etik 68ra handitu zen tigreen populazioa aipaturiko erreserban. Hain zuzen, herri indigenek euren bizilekuari eutsi ahal izan dioten Indiako erreserba bakarra da hura. Tigreek bertan izandako hazkuntza ez da beste inon gertatu. Soliga herri indigena bizi da hantxe, eta tigreekin harreman estua dute, ohoratu egiten baitute. Bada, lau urteotan, ez dute inolako arazorik izan ez tigreekin, ezta isileko ehiztariekin ere. Halere, ezohiko kasua da, Indiako gobernuak ia beti kanporatzen dituelako natur erreserbetan bizi diren herri indigenak. Survivalen arabera, herri indigenen eskubideak babesteak on egiten dio bioaniztasunari, indigenen bizi ohiturek natur aniztasuna errespeta-tzen dutelako. Erakundeak salatu duenez, indigenak kanporatu izan diren erreserbetan kontrakoa gertatzen da: milaka turista jasotzen dituztenez, tigreak ohitu egiten dira gizakia ikustera, eta horrek mesede egiten die isileko ehiztariei. Ondorioz, herri indigenak kanporatzeko politika salatu du Survivalek, immorala ez ezik, oinarrizko giza eskubideen kontrakoa eta ingurumenerako zinez kaltegarria ere badelako.