Euskaraz bizitzeko hautua egin dutenak erdigunean ipiniko ditu 'AEK jendea' egitasmoak

aekjendeaAzken hamarkadotan, milaka lagunek euskaldundu dute euren burua euskaltegiren batean, eta egun euskaraz bizi dira. Euren erabakimen eta ahaleginari nahiz euskaltegien lanari esker, milaka eta milaka lagun irabazi ditu euskarak. Asko izanagatik, haiei guztiei aurpegia ipini eta erdigunean jarriko ditu AEK jendea egitasmoak. Hala, urtez urte, AEK jendeak aukera eskainiko du AEKn euskaldundutako lagun baten esperientzia ezagutzeko, pertsona hori herritar askoren ordezkari gisa hartuta. Izan ere, euskara ikasita eta euskaraz bizitzen hasita urrats garrantzitsua ematen duten lagun horiek guztiak beste herritar askoren bizkorgarri izaten dira, eta txalotzeko jarrera ere erakusten dute. Oso garrantzitsua iruditzen zaio AEKri izena eta aurpegia jartzea AEKn bizi-esperientzia aparta izandako lagun horiei. 2016ko hastapenetan egitasmoari hasiera emango dion lehen protagonista hainbat bideren bitartez ezagutu ahal izango dugu, besteak beste AIZU! aldizkarian.