Ezin naiz geldirik egon; bestela, akabo!

xantaXanta Sousa
Txinga eramalea

Euskal Herriko eta Nafarroako txinga eroate txapelduna da Maria Do Amparo Xanta Sousa (1972, Salvador de Bahia, Brasil) Baztan-Bidasoa Herri Kirol Taldeko kidea. Esku banatan 25 kiloko txingarekin 48 plaza, hiru laurden eta 2,35 metro eginda, berea du Euskal Herriko markarik onena. Lesakan bizi da orain dela 18 urte bertara ezkondu zenetik. Kirolzale porrokatua, sokatiran eta futbolean aritu izan zen, baina txingak ditu maiteen. Arpanarekin eta aizkorarekin ere aritzen da. Lesakan bizi denetik euskara eta gaztelania ikasi ditu, baita frantsesa ere, Ibardingo benta batean egiten baitu lan.

Xanta, ez Santa. Santutik gutxi, ala?
Hemen Xanta deitzen didate, eta Brasilen Santa. Koadrilako batek erran zuen “zu ez zara santa”, eta Xanta paratu zidaten. Brasilen oso ohikoak dira ezizenak. Eta ni bihurria nintzen, kar-kar!
Kirolean bezain indartsua zara eguneroko bizitzan?
Bai. Bizitzan gertatzen den moduan, uneak izaten ditut. Pertsona aktiboa naiz, ezin naiz geldirik egon. Bestela, akabo! Per-tsona normala naiz, baina mugitua. Etxea erortzen bada, ez nau azpian harrapatuko!
Txingekin indarra beharko da, baina teknika ere bai, ezta?
Teknika eta sufrimendua. Sufritu egin behar da, gogorra da. Gustuko ere izan behar da, bestela ez zara horretan ibiliko. Txingak asko gustatzen zaizkit. Bi burdin puska dira, baina beti erraten dut niretzat ez direla bi burdin puska, nire maiteak baizik. Gustura aritzen naiz. Erronka dira niretzat.
Zerk erakarri zintuen herri kiroletatik?
 Kirola gustuko dut, Brasilen bizi nintzenean ere bai. Bat-bateko maitemina izan zen, besterik ez. Probatu nuen eta gustatu zitzaidan. Giro polita, jendea oso jatorra... mundu sanoa da. Gainera, jendea ezagu-tzen duzu eta… ez dakit nola deskribatu.
Zer eman dizute herri kirolek?
Lagunak… denetarik pixka bat, eta nire buruarekiko erronkak gainditzea. Nire burua hobetu dut egunero, pixkanaka.
Herri kiroletan trebea, hiru hizkuntza ikasi dituzu... Saiatua ala egoskorra?
Burugogorra naiz. Astoaren modukoa: zerbait buruan sartuz gero, aurrera. Ez dakit hori ona ala txarra den, baina halakoa naiz. Hizkuntzak oso gustuko ditut. Brasilen, eskuarki, gustuko dugu hizkuntzak ikastea. Bigarren hizkuntza ingelesa dugu, eta hizkuntza gehiago ere ikasi ohi ditugu.
Hemen hiru hizkuntza ikasi dituzu.
Hementxe bizi naiz; koadrilan beti, edo normalean, euskaraz aritzen gara, beraz, nire inguruan euskara erabiltzen bazuten, ez nuen atsegin lagunak niri itzultzen ibili behar izatea.  Oporretan baldin bazaude, bai, baina bestela ez.
Zer sumatzen duzu faltan Brasildik?
Familia. Gogorra da. Ama botatzen dut faltan batik-bat.
Eta Brasilen zaudenean, zer Lesakatik?
Hemen nagoenean, Brasilera joan nahi izaten dut; han nagoenean, berriz, Lesaka izaten dut gogoan. Hala da, zin dagit. Azkenean, ez dakit zer naizen! Biak behar ditut. Sei hilabete han eta beste sei hemen, hori litzateke perfektua. Lesaka bihotzean daramat. Txikia da, gustura nago, giroa... badu zerbait. Eta ostatu piloa, hori egundokoa da!

Di-da batean
Zerk alaitzen dizu eguna? Beste egun bat hasi da eta hemen nago!
Eta tristatu? Ingurukoren bat gaizki egonez gero, nola lagundu ez jakiteak.
Zerk eragiten dizu barrea? Oso irribarretsua naiz.
Eta negarra? Gurasoen faltak, edo zerbait gaizki ateratzean sentitzen den ezintasunak.
Zerk haserrarazten zaitu? Egia diren jakin gabe jendeari buruz esaten diren txutxu-mutxuek, min eman dezaketenek.
Bizio bat: Asko!
Kirol bat: Denak. Den-denak!
Kirolari bat: Pelé eta Ayrton Senna.
Sanferminak, Lesakakoak ala Iruñekoak? Lesakakoak, dudarik gabe.

Eñaut Mitxelena