Bunbuiloetan euskaraz

 

 

 

Ez dira asko, baina badira. Azkenaldian, euskarazko komikigintzaren oihartzuna handiagotzen ari da. Bizirik dena, txikia izanagatik, bizi-bizi dabil. Halaxe dirudi. Esaterako, iragan berri den 2015. urtea oparoa izan da argitalpen aldetik: aurreko urteekin alderatuta, komiki sorta polita iritsi da liburu-dendetako apalategietara. Gainera, egitasmo mordoxka abiarazi dute euskal egileek. Hortxe dira H28 aldizkari “saretirikoa”, Donostia 2016ren babespean aurten egingo den Zapart! egitasmoa, 2014tik Bilbon antolatzen den Parrapean Komiki Egunak jardunaldia, Donostian sorturiko Komikigunea... Une jakin bateko loraldia ote ala indarra hartzen ari den joera baten egiaztapena? Hots, euskal komikigintza gorantz ari al da? Galdera horiei erantzuteko eta euskarazko komikigintzak bizi duen egoera ezagutzeko, komikietan aritu eta aditu diren hiru lagunen lekukotasunak bildu ditugu. Argi-ilunez beteriko binetak marraztu dizkigute, baina ilunetik argira datozenak. Izan badirelako eta, batez ere, ari direlako. Eñaut Mitxelena, Txomin L. Aramaio.

marko“Egiazko komiki argitaletxerik ez izatea pairatzen du euskal komikigintzak”

Hogei urte daramatza marrazki munduan Marko Armspachek (Bordele, Frantzia, 1969), eta denetarik jorratu izan du: animazioa, ilustrazioa, ikastaroak... Egile arrakastatsua da merkatu frankofonoan, eta duela sei urtetik komikiak egitetik bizi da. Ezagun du nazioarteko merkatua, baita euskal komikiaren mundua ere, hainbat lanetan parte hartu izan baitu.

Berak nahi baino gutxiago egiten du lan euskaraz Markok, eguneroko ogia irabazteko lan gehienak frantsesez egiten dituelako zein bere euskara maila dela-eta. Elkarlanean ibili izan da euskal egileekin, eta egun, esaterako, euskaraz egiten ditu H28ko kolaborazioak eta Marrazkilari batekin bizi txiste-saileko lanak. Euskarazko komikigintzari oso atxikia dago, eta ohiko egilea da euskal komikigintza tartean izaten den ekimenetan, baita euskal egileek parte hartzen duten atzerriko azoka esanguratsuetan ere, askotan zubi lana eginez. Eskarmentuaren talaiatik, argi du Markok: “Euskal komikigin-tza hobetzen ari da, eta bestelako oldarrean dago”. Hori dioenean, komiki azoketako lana ez ezik, euskarazko argitalpenak ere gogoan ditu: Xabiroi aldizkariak euskarazko komikia bultzatzeko egindako lana, H28... Markoren hitzetan, “euskal marrazkilariak, gainera, esportatu egiten dira... Marka ona da, marka profesional ona. Halere, ez dugu ahantzi behar Euskal Herrian zein beste herrialdeetan komikigintzaren egoera ekonomikoa larria dela”.
Hala, sorkuntza eta ekonomia bereizi ditu: “Sorkuntza handitzen ari da, seguru”. Arlo ekonomikoan, aldiz, “egiazko komiki argitaletxerik ez izatea pairatzen du euskal komikigintzak. Helburua ez da zure lana inprimatzea. Funtsean, argitalpen dinamika behar da: ezagutaraztea, proiektu ekonomikoa antolatzea eta argitaletxe baten babesa sustapenerako. Egitura editorial berezia ukaitea falta da!”.
Argitalpenerako egitura izatea funtsezkoa da Markoren aburuz, beste hainbat faktoreren gainetik. Esaterako, euskal komiki irakurleak gutxi izatea ez du oztopotzat jo-tzen: “Irakurlerik ba denentz? Bai, bada. Eman diezaiogun irakurtzeko. Irakurriko du!”. Komiki irakurlea “fidela, dinamikoa, gaztea eta kuriosoa” dela deritzo, eta, bere ustez, “hobe da kalitatea kopurua baino”. Dena den, ezinbestekoa iruditzen zaio euskal irakurleek ez jartzea mugarik euren buruari: “Prest al leudeke edozein motatako gidoiak irakurtzeko? Hau da, prest al daude ez bakarrik beraien herriari edo historiari loturiko gaiak irakurtzeko, baizik eta denetarikoak? Historikoa, politikoa, intimista, onirikoa, pornoa, fantasiazkoa... Horrek mugituko du komikiaren geroa”.
Geroaz mintzo delarik, egungo egoera aldatzekotan, etorkizuna Hego Euskal Herritik etorriko dela uste du Markok, “Iparraldea sobera eragina delako Frantziako komikiarekin”. Frantzian, komiki kultura eta industria oso indartsua da; Espainian, berriz, hutsaren hurrengoa. Errealitate horiek oso nabariak dira Bidasoa ibaiaren alde bietan. Frantziako komiki tradizioa sendoa izan arren, ez da baikor ageri: “Duela 10 urtetik, komikia krisian da, bereziki eskaintza izugarri ugaritu eta azkartu delako. Komiki gehiegi dago merkatuan, denbora gutxiago irauten dute dendetan, eta jendeak ez dio gehiegizko eskain-tza horri erantzuten. Marrazkilarien egoera gero eta gehiago gaizkiagotzen ari da eta, ikusita nolako krisian gauden eta zein diren kultur arloko politikak, zailagoa izanen da, maleruski”.  Hala, zehatz azaldu du marrazkilariek bizi duten egoera hori:  “Oro har, gainerako lekuetan  bezala ikusten da marrazkilari ezagunenak joritzen direla, ezezagunak ito egiten direla eta tartean daudenak bizirik irauten dutela!”. Azken batean, “komiki mundua krisian da, eta komikigileak punpaka”.
Krisiak krisi, komikiak egitetik bizi da Marko, Hego Euskal Herrian egile askoren-tzat ezinezko dena. Oro ez da urre, baina: “Behar bezala ongi bizitzeko, nahiz eta urtero bi bilduma plazaratu, ene lanei buruzko hi-tzaldiak antolatzen ditut eskoletan, mediateketan... edonon”. Bestelako jardunei ere ez die aterik ixten, “kuriosoa naizelako eta ez dakidalako nola izango naizen hemendik bost urtera. Gaur egun dudan abantaila bakarra da ene argitaletxearen konfiantza ukaitea. Horri esker, proposatzen dizkidan proiektuen artean hauta dezaket”.
Bateko eta besteko azoketan ibilita, parada dauka hainbat herrialde eta hizkuntzatako komikigintzaren egoera ezagutzeko. Horregatik, alderaketak egin ditzake  euskal komikiaren panoramarekin. Esaterako, berriki Tesalonikako (Grezia) komiki azokan izan da. “Egile dinamikoak topatu ditut. Argitaletxeak ere txikiak, baina bizirik. Hango komikigintzaren egoera larria da: batetik, krisia; bestetik, komikiaren irudia haurren literaturari lotuta dago. Salmenta handienak 1.000 ale ingurukoak dira... merkatu txikia!”. Argazki horrek Euskal Herrikoa irudi dezake, baina alde esanguratsu batekin: Greziak 11 milioi biztanle inguru ditu. Nondik, nola eta non begiratzen den, aurpegiera ere halakoa. Halere, kontu batean seguru da Marko: “Marrazkia bitarteko indartsua da, izugarria. Ez da inoiz hilko, eta beti berrituko da! Eragin dezagun jakin-mina eta beti biziko gara!”.

fano

“Euskarazko komikia irakurtzeko gosea nabari dut”

Ikastolen Elkarteak argitaraturiko Xabiroi komiki aldizkariaren koordinatzailea da Dani Fano (Donostia, 1968) marrazkilari eta komikigilea. H28 jaio berriarekin batera, maiztasun jakinarekin argitaratzen den euskarazko komiki aldizkari bakarra da Xabiroi.

Zalantzarik ez du Fanok: “Euskal komikigintzaz hitz egiteko, jarraitutasuna duen zerbaiti buruz hitz egin behar da. Urtero errepikatzen bada gutxi gorabeherako berritasun kopururen bat, 'gintza'ren bat badagoela esango dut. Bestela, zaila da 'gintza'z hitz egitea”. Unean uneko egitasmoetatik harago, “asmo baten  falta antzematen dut, argitaletxe handi batena edo. Hau da, goazen komiki lerro bat ateratzera, edo goazen urtero, behintzat, berritasun bat edo bi ateratzera. Xabiroin badugu, Astiberrik ere... baina, bestelakoan, halakorik ez dago. Egia da komikiak argitaratzea garestiagoa dela, koloreengatik eta... Baina errentagarria izan daiteke”.
Egiturazko arazoetatik harago, euskal komikigintza “gorantz ari dela” dio. “Batez ere, jarreran sumatu dut: kanpoko jarrera, irakurleen jarrera edo... ez dakit nola esan. Getxoko Komiki Azokan eta Durangokoan sekulako mugimendua izan da. Nik uste geureganatzen ari garela komikiaren mundua”. Beste faktore bat ere aipatu du: Xabiroiren inguruan errotu den egile sarea. “Sare hori ekimen baten inguruan sustraitu da, baina ondoren ere oso aktibo jarraitu du, eta adarrak sortzen ari dira: beste egitasmo batzuk, adibidez, H28. Nik uste euskal komikiak orain badaukala bestelako oihartzuna, eta burutzea falta da. Sortu da kezka edo nahia edo zaletasuna euskal komikiarekiko, baina orain hori baliatu behar da”.
“Euskarazko komikia irakurtzeko gosea” nabari du Fanok. Hots, publikoa bada, eta erantzuten du. “Nahikoa den? Bada, ez. Literaturak duena nahikoa al da? Eta zinemarena? Gauden egoeran gaude, kultura ez da futbola”. Xabiroin urtero bilduma bat atera ohi dute, “eta ongi saltzen dira, literatura bezainbat. Hau da, badugu nahikoa publiko gauzak ateratzeko eta ibilbidea izateko. Ematen badiezu, irakurleek erantzuten dute”.
Irakurleentzako garai onak direla uste du, “oso garai oparoa”. Kopuru aldetik baino, formatu, proposamen eta gai aldetik. ”80ko hamarkadan, aldizkarien garaian, gaiak, formatuak eta proposamen bisualak oso mugatuak ziren. Orain denetarik eskaintzen da, eta oso modu ezberdinetan”. Aniztasuna eskaintzan, eta irakurleen artean. Anitzagoa da irakurlea orain. “Horrek asko pozten nau. Esaterako, lehen nekez aurkitzen zenituen emakume irakurleak; egun, aldiz, gure erosleen artean emakumeak dira pila bat”.
Haatik, zer-nolako garaia da egilearen-tzat? “Euskal Herrian, ia inor ez da bizi komikigintzatik bakarrik. Bizitzako une jakin batzuetan zure sarrera ekonomikoen zati handia izan daiteke, baina inoiz ez da egonkortzen. Hemengo salmentekin, ezinezkoa da soilik horretatik bizitzea. Bizi zaitezke marrazteaz, denetarik eginez. Hala ere, ez da erraza”.
Komikigintzaz bizi ahal izateko, “aukera bakarra da beste hizkuntza batzuetan argitaratzea”. Horretarako irtenbide bakarra baterako argitalpenean dakusa: “Egitasmo bat garatu eta eskura ditugun tresnak baliatu kanpoko argitaletxeekin elkarlanak abiatzeko. Baditugu-eta tresnak. Adibidez, Etxepare Institutua, nazioarteko azoketan mugitzen dena”. Atzerriko argitaletxeekin lankidetzak abiatuta, “argitaratzea askoz merkeagoa izango da, eta herrialde gehiagotan salduko dira lan horiek. Horrela, kontuak atera egiten dira. Hemen ezin ditugu irakurleak asmatu; direnak dira, gehiago ez.” Atzerrian saltzeko gaia badagoela sinetsita dago Fano: “Komikigile oso onak ditugu, ondorioz, nazioartean badugu esparru bat konkistatzeko”. Baina horretarako proposaturiko bidea “garatu egin behar da, eta argitaletxeek agente lana egin behar dute. Hori egiten du, adibidez, Astiberrik, eta eredua da hemen”.
Bide horretan administrazioaren lagun-tza ezinbestekoa dela dio. “Xabiroiren kasuan, herri-administrazioak gure aldeko apustu garbia egin duela uste dut, baina gauza batzuk hobe daitezke”. Elkarlan eza aipatu du: “Erakundeen eta administrazioen arteko elkarlana. Adibidez, Etxepare Institutua jar dadila harremanetan Komikigunearekin, haiek harremana dutelako Angulemako Komiki Azokarekin, eta jorra ditzatela bide berriak. Horrelako sinergiak askotan oso zailak izaten dira herri-administrazioetan. Hori gainditu egin behar da. Era berean, sortzaile eta ekoizleei kasu egin eta haiekin batera elkarlana sortu beharra dago”.
Bestalde, komiki sorkuntzarako laguntzak ere nahitaezkotzat jotzen ditu: “Eman dezatela diru kopuru bat urtero; horrek bermatu egingo luke kalitatezko bi edo hiru lan ateratzea”. Elkarlanari laguntzak gehituta, urtean bospasei lanen argitalpena ziurtatuko litzateke, Fanoren iritziz. Hori bai, “ez ditugu nahi, eta ez ditugu izan behar, hogei berritasun urtean. Guk ezin dugu sekulako tamaina izan. Txikiak gara eta izango gara, eta ez dut nahi ez dagokigun neurria hartzerik”.

josune“Euskal komiki egile femeninoak geratzeko etorri dira”

Historikoki gizonezkoek gizonezkoentzat sortutako ekoizpen kulturala izan da komikigintza. Horrela uste du Josune Muñoz (Bilbo, 1967) euskal filologo, komikigintza ikerlari eta Skolastika kultur zerbitzuen enpresaren zuzendariak.

Gizonezkoen esparrua izan da komiki mundua; eta emakumeon presentzia, txikia”. Gaia sakon aztertu du Muñozek eta, datuak eskuan, argi eta garbi hitz egiten du: “Mundu matxista izan da oro har, eta, batzuetan, misoginoa ere bai. Gizonezkoek eratutako sistema izan da, eta gizonezkoei begira egindakoa. Beraien artean banatu denez sektoreko pastela, ez zegoen lekurik guretzat. Sistemak bota egiten gintuen. Egun, gauzak aldatzen ari dira pixkanaka-pixkanaka, eta emakumeok ere komikigintzaren parte izaten hasiak gara, baina bide luzea dago egiteke oraindik”. Aldaketa horretan faktore garrantzitsua izan da, esate baterako,  prestaketa artistikoa. “Duela gutxi arte, emakumeok zailtasunak izaten genituen komikigintzaren inguruan prestakuntza jasotzeko. Arte Ederretako unibertsitateetan-eta sartzea ezinezkoa zitzaigun. Prestatzen hastea mugarria izan da guretzat”.
Emakumeek komikigintzan duten etorkizunari dagokionez, baikorra da, beraz, Muñoz. “Gure komiki ekoizpena gero eta handiagoa da. Era berean, gero eta komiki gehiago kontsumitzen ditugu, eta horrek bidea egiten laguntzen du”.
Euskal Herrian ere prozesu bera gertatzen ari da Muñozen ustetan: “Etxean ere eraldaketa horren hastapenetan gaudela esan daiteke. Historikoki egon izan dira emakume egile batzuk, baina sistemak bota egiten zituen komikigintzatik. Aurreko hamarkadetan, emakumeak ez ziren komikigintzan hasten bertan geratzeko. Maria Jesus Cuende edota Anparo Akarregi etortzen zaizkit burura. Egun, ostera, geratzen hasiak dira”. Besteak beste, Maite Gurrutxaga eta Eider Agirre daude hor. “Aldizkarietan-eta gero eta presentzia handiagoa dugu emakumeok, baita ilustrazioaren munduan ere”.
Euskal komikigintzak indarra hartu du azken urteotan eta horrek ere bide eman dio emakumeen parte hartzeari. “Gehiago argitaratzen da, eta gurea bezalako eremu txikietan beharrezkoa da hori. Xabiroi moduko aldizkarien jaiotzak edota EHUk argitaratzen duen Rumble! komiki eta ilustrazio aldizkariak bidea egiten laguntzen dute. Harrobia dira hemengo artistentzat”. Urte askoan, ez da egon antzeko argitalpenik Euskal Herrian, eta bertoko komiki ekoizpena txikia izan da zentzu horretan. Etenaldia egon da. “Egun, bizirik gaude berriro eta, hainbat urtean geldirik egon ostean, euskal komikigintza martxan ipini dela esan daiteke. Argitaratu egiten da, eta itzulpenak ere egiten dira. Daukaguna sendotu beharra dago, harrobia egin, eta, denborarekin, lanak agertzen joango dira”.
Bizkaiko Foru Aldundiak antolatuta, Emakumeak eta literatura: Komikia eta generoa tailerra eman berri du Muñozek, eta aurreko urteotan baino parte hartze handiagoa izan du oraingoan. “44 emakumek eman dute izena aurten tailerraren gaztelaniazko eskaintzan. Aurrekoetan baino dezente gehiagok. Horrek argi uzten du emakumeek komiki munduaren gainean duten interesa handitzen doala”. Euskarazko eskaintzan, ordea, lagun bik bakarrik eman dute izena. “Ea hurrengo urteetan emakume gehiagok ematen duten izena euskarazko tailerretan”. Muñozen berbetan, produktu kultural guztietan egileak, argitaletxeak, saltzaileak eta bezeroak daude. Baita komikigintzan ere. “Denak hartu behar dira kontuan. Inoiz baino emakume egile gehiago dago, inoiz baino gehiago argitaratzen dute, baina emakumeen presentzia oso txikia da oraindik argitale-txeetan eta komikigintzarekin loturiko bestelako esparruetan. Aurrera goaz, baina egoera ez dago normalizatuta”.