Sukaldaritzari gehiegizko garrantzia ematen al diogu euskaldunok?

ikamika

Sukaldaritza Euskal Herrian nonahi nabarmentzen da, agerikoa da: goi-mailako sukaldari ugari, Mitxelin izardun jatetxe mordoxka (berriki, Bilboko Zarate jatetxeak lehenengoa jaso du), nazioartean ospe handia, Basque Culinary Center goi-ikasketen zentroa, turismoa erakartzeko baliotzat hartzea... Egunerokoan ere izugarria da sukaldaritzari egiten zaion lekua, batik bat hedabideetan. Hala, esaterako, azken urteotan ugaritu egin dira sukaldaritzari buruzko telebista saioak eta dagoeneko ez dira errezetak kozinatzera mugatzen: lehiaketak, norgehiagokak... formatu anitzeko saioak noiznahi. Sukaldea ardatz, gainera, denetariko eskaintza izan ohi da: hedabideetako sailak, argitalpenak, jardunaldiak... Batzuei neurrigabekoa irudituko zaie gastronomia erlijio eta sukaldariak guru bilakatu dituen joera; tamainakoa, beste batzuei. Zuen ustez, neurrigabea da sukaldaritzak jendartean harturiko lekua? Enkarterriko AEK-ko C1 mailako taldea

1. Sergio

Elikadura garrantzitsua da gure bizitzan, osasuntsu izateko lehen urratsa baita; beraz, sukaldaritza ere inportantea da, noski. Hobeto jateko ideiak telebistatik edo aldizkarietatik atera ditzakegu. Dena dela, uste dut zoroen pare gabiltzala hainbesteko garrantzia emanda Mitxelin izarren kontuari: saria ematea plater minimoak egiteagatik, urruneko lau osagai botata eta prezio itzela jarrita, ez zait oso normala iruditzen. Egia esan, nahiago ditut auzoko tabernetako eguneko menuak.

2. Nerea

Egia da nolabaiteko uholdea bizitzen ari garela, hedabide guztietan agertzen zaigu sukaldaritza modu batean edo bestean, eta niri, behintzat, ez zait gaizki iruditzen. Uste dut denoi gustatzen zaigula horrelako gauzak ikustea edo entzutea. Gainera, saio horiek guztiek jendea animatzen dute kozina-tzera eta gauza berriak egitera. Gure menuak interesgarriagoak eta osasungarriagoak izan daitezke horrela.

3. Iratxe

Beti gertatzen den bezala, gizartea moden atzetik joaten da. Orain, guztiok ikasi behar dugu kozinatzen, umeek nahiz helduok. Gure sukaldeetan gailurik modernoenak izan behar ditugu, telebistan iragartzen dizkigutenak, jakina. Cup cakes egiteko tailerrak nonahi topa ditzakezu, ikastaroak eta hitzaldiak, sukaldaritza sortzailea eta abar. Non geratu dira betiko madalenak? Nik ohiko arrautza frijituak nahiago ditut, jarraibideak irakurrita jan behar dituzun plater modernoak baino...

4. Sarai

Kaleko jendearen artean ez; ez, behintzat, nire inguruan. Egun berezi baterako otordua prestatu behar baduzu, jendea txunditzeko platera egin nahi izango duzu eta, agian, baliatuko duzu saio horietako errezetaren bat. Baina egunerokoan jendea ez da horrela ibiltzen. Euskal Herrian primeran kozinatzen da, aparteko elikagaiak ditugulako eta etxeko bizitza betidanik egin delako suaren inguruan, sukaldean. Ohitura badugu, baina hortik denok master chef bihurtzera salto handia dago.

5. Txomin

Euskaldunok aspalditik dugu sukaldari-tzarako sen berezia, hori erraz ikus daiteke gure jai eta ospakizunetan. Nazioartean, gure sukaldaritza onenetarikoa da, zalantzarik gabe. Dena dela, Mitxelin izarrek eta horrelakoek jatetxeei ematen diete distira, ez benetako sukaldaritzari. Euskal sukaldaritza beste zerbait da, gure etxeetako eguneroko plateretan dago, betiko errezetetan, txokoetan...