Mende erditik gorako euskalduntzearen ernamuina

kaltzada

Hil honetan beteko dira 50 urte Rikardo Arregik (Andoain, 1942-1969) gutun garrantzitsu bat bidali ziola Euskaltzaindiari. Urtarrilaren 14an idatzia, Euskaltzaindiko idazkariorde Alfontso Irigoienek jaso zuen. Horrez gain, Arregik beste hainbat laguni ere igorri zien eskutitza, tartean Jose Maria Satrustegi euskaltzain nafarrari. Gutun horren kopia izango zen, hain zuzen ere, lehenengo Korrikan (1980) lekukoaren barruan joango zen mezua. M. Egimendi.

Rikardo Arregik euskaldunak alfabetatzeko ekimen bat martxan jartzeko  eskatzen zien Euskaltzaindiari eta euskaltzainei eskutitz hartan, eta eginkizun horretarako batzorde bat osatzeko. Satrustegiri urtarrilaren 17an igorritakoan, lan hori Nafarroan ere gauzatzeko aukeraz galdetzen zion. 1966ko urtarrilaren 28ko batzarrean Euskaltzaindiak proposamena onartu eta batzordea eratzea erabaki zuen.
Zerk bultzatu zuen Rikardo Arregi proposamen hura egitera? Hona hemen azalpena, Arregiren beraren hitzetan: “Euskeraz dakiten geienak ez dakite ez euskeraz irakur-tzen ez euskeraz idazten. Erri batek indartsu bizi nai baldin badu kulturaren beharra du ta gaur egunean kultura geien bat idatziaren bitartez zabaltzen da. Beraz Euskalerriak erri bezela indartsu bizi nai badu idatziari bideak zabaldu behar dizkio. Ortarako beharrezkoa da euskeran analfabetoa den Euskalerria alfabetizatzea” (Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika Sailburuordetzak argitaratutako Bidegileak bilduman, Rikardo Arregiri eskainitako liburuxkatik hartua).
Rikardo Arregiren gutun hura 60ko hamarkadako helduen euskalduntze-alfabetatze mugimenduaren abiapuntutzat jo izan da askotan. Dena den, Euskaltzaindiaren Alfabetatze Batzordea sortzearen zuzeneko eragilea izan bazen ere, ordurako zenbait euskaltzale hasiak ziren helduak euskalduntzen, Bilbo inguruan batez ere. Urte haietako historia ezagutu nahian jo dugu  Julen Kalzadarengana. Izan ere, Julen Kalzada Ugalde (Busturia, 1935) Herri Gaztedi mugimendu katolikoko kidea zen 60ko hamarkadan, eta haren baitan hasi zen alfabetatze-euskalduntze lanetan. 1969an espe-txeratu egin zuten, hainbat abadek Francoren aurka egindako gose greban parte hartzeagatik, baina 1976ko amnistiaren ondorioz atera eta AEK-ko burukide izan zen hurrengo urteetan.
Herri Gaztedi, euskalduntzearen hastapenetan
Kalzadak gogoan duenez, Vatikanoko II. Kontzilioaren ostean, “Elizako gauza guztiak, ahal zela, lekuan lekuko hizkuntzan egitea komeni zela-eta, Bizkaian Herri Gaztedi mugimendua sortu zuten abadeek”. Guztia prestatu beharra zegoen euskaraz idatzi eta berba egiteko, eta “ekintza bidezko hezkuntza” planteatu zen. Herri Gaztedi 1963-64 inguruan hasi zen gazteak alfabetatzen, bere eginkizun guztiak, baita elizatik kanpokoak ere, euskaraz egitea erabaki bai-tzuen: “Pauso aurrelaria izan zen orduan, Euskaltzaindiak berak ere bilerak gaztelaniaz egiten baitzituen. Herri Gaztedin ez zegoen euskarari buruzko teoria hutsalik, praktika gauzatzen zen, dena euskaraz eginez”. Herri Gaztedik ondo hartu omen zuen Rikardo Arregiren gutuna, baita hark eskatuta Euskaltzaindiak sortutako batzordea ere: “Hain ondo, ezen 1969ko Aste Santuan erabaki zuen Euskaltzaindiak sustatutako prozesuan sartzea, Berrizko moja-etxean egindako ikastaroan”. Hala ere, Euskaltzaindiaren batzordearen helburu nagusia euskaldunak alfabetatzea zen, euskaraz irakurtzen eta idazten ikastea, baina Kalzadak dioenez, “Herri Gaztedikoek, eta gero AEK-koek ere bai, nahiago zuten, gramatika ikastea baino, jendeak elkarrizketa guztiak euskaraz egin ahal izatea, gai teknikoak edo politikoak ateratzen zirenean, kasu, euskaldunek ere gaztelaniara jotzen zutelako”.
Bizkaian jarduten zuen Herri Gaztedik, baina Gipuzkoan abadeen mugimendua ez zen hainbeste garatu; hortaz, beste nonbaitetik jaso behar zen babesa euskararen aldeko lana egiteko: “Rikardo Arregik eta haren ingurukoek Euskaltzaindian bilatu zuten babes hori. Hortik etorri zen 1966ko gutuna”.
Mugimendua batez ere Bilboko Santutxu auzoan abiatu omen zen, ordurako hasiak baitziren ikastolak sortzen: “Bilboko ikastoletako ume haien gurasoak euskara ikasten hasi ziren, etxean haurrekin egin ahal izateko. Fokua Karmelo ikastola izan zen, horren inguruan sortu zen helduentzako gau-eskola, euskalduntze prozesua”. Kalzadak gogoan du Santutxuko Karmelo elizaren inguruan  biltzen zirela Gaztedi Dantza Taldea eta San Anton Orfeoiko jende abertzalea: “Dantza taldeak dantza egitera joaten zen herrietan hartu zuen batik bat hizkuntzaren kontzientzia; eta orfeoikoek, euskal kantak abesten zituztenean, eurek ezer ulertu gabe kantatzen zituzten abestiak euskaldunek ulertu egiten zituztelako”. Halere, Santutxuko mugimenduak ez omen zuen Euskaltzaindiaren Alfabetatze Batzordearekin zerikusi handirik izan hasieran: “Haiek alfabetatzen zebiltzan; gu, berriz, euskaldunak egiten”.
Gau-eskoletatik AEKra
Hurrengo urteetan, ordea, alfabetatzea eta euskalduntzea bilduko zituen erakunde bakar baten ideia garatzen joan zen, leku gehienetan talde bera zelako bata eta bestea antolatzen zituena, eta irakasle berberak zirelako batzuei eta besteei irakasten zietenak. Alfabetatze-Euskalduntze Koordinakundea (AEK) sortzeko erabakia 1975ean hartu zen Bilbon, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoan 70 pertsona baino gehiago bildu zituen batzar batean: “Partaide gehienak Bilbo ingurukoak izan ziren, baina Bizkaia osoko jendea egon zen”. Berrantolaketa beharra ikusirik, 1976ko otsailean sortu zen AEK, eta 1977ko Durangoko Azokan aurkeztu, gau-eskolen egituratze prozesua amaitutzat jota.
Metodologiari dagokionez, gau-eskoletan zebiltzan irakasleek AEK koordinakunde moduan eratu baino lehen sortu zuten euskara irakasteko materiala: “Dimako Indibiti auzoan batzar garrantzitsua egin zen” dio Kalzadak. “Irakasle zebiltzanentzat lan handia bihurtu zen euskara eta alfabetatze maila ezberdinak zituen jendea mailakatu eta maila bakoitzari egokitutako irakaskuntza gauza-tzea. Ondorioz, Indibitiko batzarretik atera zen Euskalduntzen izeneko metodoa, funtsezko urratsa garai hartan: Euskalduntzen 1 1972an kaleratu zen; eta Euskalduntzen 2 eta Euskalduntzen 3, 1973an”.
Euskalduntze-alfabetatzearen eskarmentua ez da, beraz, nolanahikoa. Ezta atzo goizekoa ere: denboran neurtuta, mende erditik gorako jardunaz ari gara.