Auzoko: euskararen bidez harremanak estutzen

auzoko

Kezka bati erantzuteko sortu zen Auzoko, izan ere, Euskaltzaleen Topaguneak eta UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak beharra ikusi zuten Euskal Herrira etorri berriei hizkuntza harrera egiteko; hala, 2008an ikerketa egin zuten gaiari nola heldu erabakitzeko. Hortik sortu zen egitasmoa, herrira iritsi berriak izan ala ez, euskara ezagutzen ez zuten horiei gerturatzeko aukera eskaintzeko asmoz. 2009an hasi ziren lanean lehenengo herriak, eta gaur egun 12 herritan daude taldeak: bakarra Araban, Gasteizen hain zuzen ere; eta hamaika Gipuzkoan, zehazki Eskoriatzan, Oñatin, Azpeitian, Ibarran, Antzuolan, Arrasaten, Azkoitian, Donostian, Bergaran, Aretxabaletan eta Soraluzen. Mikel Arrillaga.

Itsaso Lekuona Euskaltzaleen Topaguneko teknikariak azaldutakoaren arabera, hiru helburu nagusi ditu Auzokok: “Euskaratik urrun daudenak euskarara hurbiltzea, herritarrak herriko hizkuntza aniztasunaz jabe-tzea eta, aurreko biekin lotuta, hainbat jatorritako pertsonak harremanetan jartzea”.  Taldeak astean behin biltzen dira eta beti jolas giroan egiten dute hurbilketa hori: “Euskal hiztunek lagunduta eta giro atseginean lantzen dira euskaraz komunikatzen hasteko oinarrizko hitz eta esamoldeak”.  Programa abiatzeko, hiru osagai dira ezinbestekoak. Alde batetik, herriko dinamizatzailea: taldea gidatuko du, ekintzak proposatu... Bestetik, auzokideak, euskarara hurbildu nahi dutenak. Azkenik, auzotarrak, euskaldunak dira eta auzokideei lagunduko diete bidea egiten. “Auzokideen aldetik interesa sumatzen da, baina zailagoa izaten da auzotarrak taldera erakartzea. Horrek erakusten du euskaldunon sentsibilizazioan egin beharreko lana”.
Orain arteko lana oso ongi baloratzen du Euskaltzaleen Topaguneak. Zenbait herritan bide polita egin du Auzokok, Bergaran, esaterako. Duela sei urte ekin zioten ekimenari eta, horri esker, jatorri anitzetako jende asko jarri da euskalduntze bidean.
Itsasok dioenez, “Senegaldarrek, adibidez, oso modu aktiboan hartu dute parte taldean. Horietako batzuek musika taldea sortu zuten eta euskaraz abesten dute”.  Bestalde, ohiko taldeaz gain, beste bi ere ari dira lanean: emakumez osaturiko taldea bata eta Osin-txu auzoan bestea. Gainera, “harreman zubi ugari sortu dituzte eragileen arteko elkarlanari esker”.
Soraluzen elkarrengandik ikasten
Bergaratik Maltzagarako bidean dago Osintxu auzoa, eta Deba ibaiari jarraituz gero, Soraluze. Herri horretan 2015eko irailean hasi ziren Auzokorekin. Aurretiko lanen ostean, ekimena herriari aurkeztu eta bi talde osatu zituzten. Maialen Elizburu herritarra da dinamizatzailea, eta guztira zor-tzi auzotarren eta 21 auzokideren gaineko ardura du. Taldeetan biltzen dira sahararrak, marokoarrak, nigeriarrak, brasildarrak, pakistandarrak eta bangladeshtarrak.  Berak dioenez, 20 hizkuntza inguru hitz egiten dira Soraluzen: “Gure auzokideen hizkuntzak dira dairija, hassania, arabiera, bengalera,  ingelesa, portugesa eta gaztelania. Programa honen bidez, bidea jarri dugu besteenak ezagutzeko, eta euskarak egiten du denen arteko kohesio lana”.
Asteartero elkartzen dira Soraluzen Jeny Dosantos, Isabel Alarcia eta Esther Altuna beste taldekideekin. Jeny eta Isabel auzokideak dira, eta Esther auzotarra. Jenyrentzat oso ezezaguna zen euskara Kolonbiatik iritsi zenean, baina semearen bidez ikasi zituen lehenengo hitzak. Auzokon izena eman zuen eta pozik dabil: “Astean behin elkartzen gara. Irudi eta jolasen bidez ikasten dugu batez ere. Orain, euskaraz hitz egiten dut semearekin”. Isabel Alarcia ere auzokidea da. Bergarakoa da, Soraluzen bizi bada ere. Bederatzi urte eman zituen euskara ikasten, baina lotsa ematen dio jendaurrean aritzeak: “Gustatzen zait etortzea, aspaldi ikasi nituen berbak gogoratzen hasi bainaiz. Bilobarekin euskaraz egin nahi dut; horregatik nago hemen”. Esther Altuna, berriz, auzotarra da. Arrasatearra, Soraluzera ezkondua. Berak dioenez, giro polita dute: “Esperientzia ederra da eta jendea ezagutzeko aukera ematen du. Izugarri ikasten dugu beraiengandik. Jende irekia ezagutu dugu eta harremanak sendotzen ari gara”. Elkar ezagutze horretan, azaroan egindako talo ikastaroak lagundu zuen. “Horrela, gure herriko ohitura bat ezagutu zuten. Aurrera begira, asmoa dago nork bere herrialdeko janaria eramateko; egundokoa izango da”.

AISA ikastaroak AEKn

Auzoko baino lehenagokoak dira Soraluzen AISA ikastaroak. 60 orduko iraupena dute, eta bi helburu nagusi: atzerritarrei hizkuntza harrera egitea eta euskararen oinarrizko ezagutza ematea.  2009an antolatu zuten lehendabizikoa, baina Mikel Leunda Euskara Teknikariaren arabera ez zen oso ongi atera: “Etorri berri horiek lehentasun batzuekin etortzen ziren, eta lotura handiegia iruditzen zitzaien hiru hilabeteko ikastaroa. Taldeak osatu arren, baja ugari izan genituen”. Hori dela-eta, puska batean ez zuten ikastaro gehiagorik antolatu.
Urte batzuk pasa ondoren, 2013an berriro heldu zioten AISAri. Hala ere, ezberdin antolatu zuten: “Elkarlana hasi genuen Gizarte Zerbitzuen sailarekin. Diru-laguntza eske etortzen ziren herritarrei prestakuntza eskaintzen genien, eta laguntzak jasotzeko baldintza gisa ezarri zen. Hala, erraz lortu genuen 12 laguneko taldea osatzea, eta asistentzia ere ona izan zen”. 2014an eta 2015ean ere antolatu zituzten ikastaroak, azkenengoan beste pauso bat emanda, ordea: “Udalak peoi lanetarako eskatzen zuen euskara maila AISArekin parekatu zen. Helburua zen herriko etorkinei hainbat lan egiteko aukera ematea, baina gutxieneko maila bat eskatuta”.
Geroztik, udaberri partean antolatzen dituzte ikastaroak. Herritarrak konturatu dira AISA ezinbestekoa dela Udalean lan horiek egiteko: “Horrek asko erraztu digu ikasleak erakartzea. Azkenaldian, gainera, lortu dugu ikastaroa egindako ikasle batzuek euskalduntze prozesua abiatzea euskaltegian”.