Mendizaletasuna eta lehia Zegaman

maratoi

Aurten, maiatzaren 22an izango da Zegama-Aizkorri mendi maratoi ospetsua. Munduko Kopako proban sartuta dagoelako bilakatu da famatua, baina ez da berezia horregatik bakarrik. Herri baten eta ikusleen ilusioak eta indarrak ematen diote xarma lasterketari, eta korrikalariek ibilbide guztian zehar nabaritzen dute hori. Mendi lasterketan izena emateko epea urtarrilaren bigarren astean irekiko da. Lorea Iparragirre.

Ohiturak aldatzen joan dira urteak pasatu ahala, eta kirolak gero eta garrantzi handiagoa du gure egunerokotasunean. Asko dira gorakada izan duten kirolak, eta mendi lasterketak dira horien adibide. Zegama-Aizkorriko maratoia 2001. urtean egin zen lehengo aldiz; urte haietan, oraindik nahiko ezezagunak ziren horrelako mendi lasterketak. Urtetik urtera gero eta sonatuagoa bihurtuta, orain munduko erreferenteetako bat da Zegama herri txikiak antolatzen duen lasterketa.
Zegama-Aizkorri mendi maratoiak 42,19 kilometroko luzera du, eta  5.472 metroko desnibela. Lasterketa polita eta teknikoa da. Hori adierazi nahi izan du Ainhoa Txurruka antolatzaileetako batek: “Ibilbidean zehar gailur handirik igo ez arren, zoruaren desberdintasunak oso lasterketa teknikoa bihurtzen du, eta hori erakargarria da mendizaleentzat eta korrikalarientzat”. Zailtasunaz gain, paisaia da ibilbide honen beste berezitasun bat. Izan ere, Aizkorri-Aratz natura-parkearen barruan dago.
Hala ere, Zegaman antolaturiko maratoi honen ezaugarri nagusia lasterketa ikustera gerturatzen den jendetza da. “Adin eta mota guztietako ikusleak etortzen dira herrira egun horretan. Bertakoez gain, kanpotik jende asko inguratzen da. Ikusle kataluniarrak aipatuko nituzke batez ere. Katalunian biziki maite dute kirol hau eta urte osoan gertura-tzen dira Zegamara ibilbidea ezagutzera. Eta egunean bertan zer esanik ez!” aipatu du Txurrukak.
Xumetasunetik erreferente izatera
Herria dinamizatzeko ideia aspalditik zuen buruan Alberto Aierbe Zegama-Aizkorriko maratoiaren arduradunak. Aizkorri-Aratz natura-parkean lasterketa bat egin zitekeela uste zuen; hala, proiektua aurrera eramatea lortu zuen. 2000. urtean, Aizkorriko lagunen eguna ospatu zen herri gipuzkoarrean lehen aldiz, eta egun hartan jarri zen martxan ekimena Antxon Bandresekin eta Euskal Mendi Federazioarekin elkarlanean.
Urte haietan, mendi lasterketak ez ziren ohikoak gurean, baina urtetik urtera gero eta ospetsuagoa bilakatu da maratoi hau. Munduko Kopako proban sartzea lortu zuen Zegama-Aizkorrik, eta aurten ere  Skyrunner World Series 2016an izango da. Mundu osoan, bost proba egingo dira munduko txapelduna aukeratzeko, eta horietako bat da Zegamakoa. Beraz, ikaragarri famatua bihurtu denez, munduko mendi korrikalaririk onenak erakartzen ditu. Ondorioz, Zegama-Aizkorri erreferente bihurtu da munduan.  
Gailur eta zelai ikusgarriak
Partaideak Aizkorri-Aratz mendilerroan ibiltzen dira korrika, EAEko tontor garran-tzitsuak igarota. Ibilbidean zehar, zuhaiztietan, haitz biziko malkarretan eta zelaietan barrena murgiltzen dira. Bidea teknikoa eta zailtasun handikoa da.
Zegama herrian hasten da ibilbidea eta Otzaurterantz joaten da. Handik lehenengo tontorrera abiatzen dira, Aratz gainera. Beheranzko bidean, San Adriango kobatik igaro eta, Sancti Spiritutik, Aizkorrirantz jarraitzen dute. Aitxuriko tontorrera iritsi ondoren, Urbiako belardi ederretatik Andraitz aldera igotzen dira. Azken gailur hori zapaldu ondoren,  helmugarako jaitsierari heltzen diote.
Ingurunea ikusgarria da paisaiari dagokionez, eta partaideak Goierriko txoko garrantzitsu batzuetatik ere igarotzen dira: koba itxurako San Adriango pasabide famatutik, garai bateko errege galtzada zaharretik eta Done Jakue bidetik. Urbiako zelai berde harroak ere zapaltzen dituzte.   
Zoriaren eta arauen garrantzia
Ospearen ospeaz, parte-hartzaileen zerrenda oso luzea da, eta zozketa bidez aukera-tzen dira. Parte hartu nahi dutenek www.kirolprobak.com webgunean eman behar dute izena lehenik, urtarrileko bigarren astetik aurrera. Hiru astez egongo da irekita izena emateko epea, zozketa otsaileko azken ostiralean egingo baita Zegamako udaletxean.
Partaideek denbora muga jakina dute lasterketa burutzeko: zortzi ordu gehienez. Hori gainditzen duenak aukera guztiak galduko ditu behin betiko sailkapenean agertzeko.
Mendi lasterketa hau natura-parke batean kokatuta dagoenez, ingurumena zaintzeko ahalegin bereziak egiten dituzte antola-tzaileek. Lasterketako partaideei eskaera egiten zaie zaborrak ez ditzaten kontrol-guneetatik kanpo bota; korrikalariren batek ingurumenarekin lotutako oinarrizko arau hori edo besteren bat urratuz gero, arduradunek eskumena dute lasterketatik kanporatzeko.
Kilometro Bertikala
Maratoia da Zegama-Aizkorrik antolatzen duen probarik ezagunena, baina ez bakarra. Aurten, Kilometro Bertikalaren bigarren edizioa ere egingo dute maiatzaren 20an, arratsaldean. Proba Arriaundin hasten da, Zegamako trenaren geralekua baino kilometro bat lehenago, eta Aitxurin amaitzen da. Aitxuri Aizkorri mendilerroko mendirik altuena da, 1.551 metro ditu. Orotara, 3.248 metroko luzera du lasterketak, eta 1.015 metroko desnibela.
Kilometro Bertikalean, 18 urtetik gorako atleta, mendizale eta kirolari guztiek har dezakete parte, betiere antolatzaileek eskatutako baldintzak onartu eta betez gero.  Partaideak 150 izango dira gehienez, eta horretarako, maratoian bezala, www.kirolprobak.com gunean eman behar da izena.

ZORION BARANDIARAN
Mendizale eta korrikalaria

Mendizale sutsua eta atleta da Zorion Barandiaran. Ataunen jaio zen 1975eko abuztuaren 2an, baina urte batzuk daramatza Zegaman bizitzen.  Zegama-Aizkorriko maratoiaren zale amorratua da.

Zenbat aldiz egin duzu Zegama-Aizkorri maratoia? Aurten ere saiatuko al zara?
Hamar aldiz hartu dut parte eta aurten ere halaxe egitekotan nabil.
Zein berezitasun du zuretzat lasterketa honek?
Asko ditu. Alde batetik, ni bizi naizen herriko lasterketa dela. Bestetik, paisaia ikusgarriak: Aratz, Aizkorri eta Aitxuriko gailurrak, Urbiako larreak... Horretaz gain, lasterketa egunean izaten den jendearen berotasuna eta bultzada aipatuko nituzke, baita herri osoaren boluntario lana ere. 
Ia edizio guztietan egin duzu korrika. Hastapenetatik, zein izan da alderik handiena?
Nire ustez, korrikalarien maila. Hasieran,  lasterketa herrikoia zen, baina laster hartu zuen gaur egun duen fama eta orain munduko korrikalaririk onenak etortzen dira. Arlo gehiagotan ere hobetu da lasterketa, esaterako, antolakuntzan.
Proba ikustera izugarrizko jendetza bertaratzen da. Korrikalariak nabaritzen al du jendearen berotasuna? Korrikalariok nola bizi duzue proba?
Jendearen berotasuna ikaragarria da. Lasterketaren momentu askotan, airean eramaten zaituzte bertara hurbildutakoek. Oilo-ipurdia jartzen zaigu behin baino gehiagotan: irteeran, Otzaurten, Sancti Spiritun, Aizkorrin eta helmugan, batez ere.
Beste hainbat lasterketatan ibilia zara. Zer dauka berezia Zegama-Aizkorrik?
Nire ustez, hiru arrazoi daude; batetik, paisaia; bestetik, herri osoaren lana eta konpromisoa; eta, azkenik, herrian sortzen den giroa... animatzera joaten den jendeak zerbait berezia sentiarazten digu.
Zer esango zenioke proban parte hartu nahi duenari?
Dudarik gabe animatzeko, baina ondo prestatzeko eta burua hotz izateko. Lasterketa gogorra da eta beroaldiak ondorioak eragin ditzake. Halere, Zegama-Aizkorrin bizitako momentuak betiko geratzen dira oroimenean.