“Lehiakortasun eza ona da bizirik jarraitzeko”

txikon

Alex Txikon

Aldizkari hau kaleratzen denerako Alex Txikon (Lemoa, 1981) Pakistanen egongo da, Nanga Parbat (8.126 m) “mendi hiltzailea” izendatuaren magalean, espedizioko gainontzeko lagunekin batera. Bigarren saiakera dute, iazko neguan 7.850 metrora iritsi eta jaitsi beharra izan ostean. “Penatuta eta amorratuta” itzuli zirenez, orduko lana hobetzea dute helburu. M. Egimendi.

Alex Txikonek eta Daniele Nardi espedizio-kideak Andeetan burutu zuten aklimatazioa pasa den hilean, abenduaren 3tik 19ra bitartean. Ozta-ozta harrapatu genuen lemoarra elkarrizketa egiteko, Loiuko aireportuan, Argentinarantz abiatu aurretik. Hiru ordu lo eginda, goizean goiz altxatua zen aizkorarekin entrenatzeko, abenduaren 22an Pakistanera joan baino lehen txapelketa zuelako Bilbon San Tomas egunean. Janusz Golab poloniarrak eta Ali Sadpara pakistandarrak osatzen dute Nanga Parbateko gailurra lehenengoz neguan zapaldu nahi duen espedizioa.
Iazko lana “hobetzera” omen zoazte...
Nanga Parbatek pasa den urtean eman zigun aukera berriro eman diezagun baino ez dut eskatzen. Hortik aurrera, egunez egun ikusi beharko da. Ez dut presiopean joan gura, badakidalako bestela zer gerta-tzen den. 2011n osatu genuen neguko lehen espedizioa; 2012an beste bat, arrisku puntu batekin, eta zazpi lagunetik hiru ez ziren itzuli. Badakit zer den negua eta badakit zer den erronka bat obsesio bihurtzea. Hor oso marra estua dago heriotzaren eta bizitzaren artean.
Arantza ateratzeko asmoz?
Ez, batez ere ziklo bat bukatzekoa. 2003an egin genuen lehenengo zortzimilako tontorra; 2005ean telebistako Al filo de lo imposible saiorako lanean hasi eta 2010ean bukatu genuen Edurne Pasabanen erronkarekin. 2011z geroztik gabiltza zortzimilako bat neguan eskalatu nahian. Beste zenbait mendi erraz samarragoak dira, noski, baina egunero saiatzen gara hobetzen. Iaz, Nanga Parbat bigarren aukera izan zen, berez K2 zelako gure helburua, baina Txinak harako baimena ukatu zigunez, Nanga Parbat igotzea erabaki genuen. Dena inprobisatu arren, lan txukuna egin genuen, beraz, aurten lan hura hobetu nahi dugu. Ea zorterik dugun...
Iaz, gauzak okertu zirenean, bakarrik jarraitzea pentsatu ei zenuen, baina beldurrak eta tontorra norekin ospatu ez edukitzeak atzeratu zintuzten. Lehiakortasun falta?
Mendian, behinik behin, ez naiz batere lehiakorra; inoiz ez dut ematen dena, beti gordetzen dut zerbait, baita aizkoran ere, txapelketak irabazten saiatu arren. Badakizu zertarako den ona hori? Bizirik jarraitzeko. Askotan ematen dugu amore, nahiz eta jakin gauza gehiago eta apartagoak egin ahal izango genituzkeela, baina nahikoa arrisku dute dagoeneko egiten ditugunek.
Oraindik inork lortu ez duelako da erronka berezia Nanga Parbat neguan igotzea?
Ez, ez da horregatik. Iaz, prestatu barik izan ginen bertan. Horregatik izan ez balitz, ez dut uste aurten joango ginenik. Ziur aski K2ra joango ginen (neguan inork igo ez duen beste zortzimilakoa), baina oso hurbil egon eta lortu gabe jaitsi behar izan genuenez... Hala ere, esan beharra dago bost espedizio egongo garela aurten garai berean.
Aurten Nanga Parbat lortuz gero, hurrengoa K2 izango da?
Agian bai, ez dakit, ikusi beharko. Orain, honetan gabiltza buru-belarri, baina bai, baliteke. Ea zelan irteten den oraingoa, oso gogorra baita neguan ibiltzea.
Lurrikara izan zenetik, mendi berezia bihurtu da Everest?
Bai. Orain interesgarri dago kontua, azken urtean ez baita inor igo, eta aspaldian ez zen hori gertatzen. Pare bat bider egonda nago beheko kanpalekuan, baina inoiz ez naiz joan gailurrera. Oso interesgarri dago kontua, diodan moduan: ea zelan egiten zaion aurre egoerari, jendearen beldurrari, interes ekonomiko handia ere badago tartean... Gatazka asko egon dira azken bi urteotan, iaz lurrikara izan zen, baina aurrekoan elur-jausia, eta dozena bat eskala-tzaile nepaldar hil zen. Dena den, ikusi egin behar, Everestek oraindik ez du gure atea jo, ez nau bereziki erakartzen.
Jende gutxiago ibiltzen delako dituzu gustukoago neguko espedizioak?
Ez, beste hainbat faktore daude: lan handiagoa egiten da, konpromisoa, taldea, lagunen arteko bestelako harremana... Ez dago astirik gozatzeko. Gozamenik egotekotan, momentu gogorrenetako plazer hori da. Baldintzak gogorregiak dira eta ezin da, adibidez, udan bezala paisaiaz gozatu. Ez dago txantxetarako astirik ere, hortaz, gure arteko harremana oso estua izaten da. Oso polita da, momentu ederrak egoten dira.
Alpinismoa modan jartzen ari da?
Ez, Everest beharbada bai, baina bestela ez. Hori bai, dena ari da aldatzen, mendia indarra hartzen ari da, baina txapelketekin, lasterketekin eta halako kontuekin. Marka komertzial guztiak daude hor; hortik hasten dira diseinua, arropa... Mendia aldatzen ari da, baina zentzu horretan.
Sokak kentzen saiatuko omen zarete jaistean. Dena garbi uzteko ala inguruan ibiliko diren beste espedizioak zuen lanaz ez aprobetxatzeko?
Ez, ez! Halere, beste norbaitek gure soketatik igo nahi badu, izan dadila geuk erabili ostean. Ondoren, gurekin egin beharko du lan soka horiek kentzeko. Bestela, guk ez dugu ezer inposatuko, errespetua besterik ez dut eskatzen. Izan ere, badakigu zer-nolako joerak dauden gaur egungo himalaismoan.
Zein joera dira horiek?
Bada, batez ere gaur egungo norabidearen eta ikuspuntuaren arabera, garrantzi handiena tontorrera iristeari ematen zaiola. Nik 2013tik ez dut zortzimilako tontorrik egin, eta pare bat-edo egin nezakeen, baina nahiago dut beste balio batzuk eta bestelako ahalegina transmititu.
Alpinismoa gaur egun ezin liteke babeslerik gabe. Zer moduz moldatzen zara?
Oso zaila da, diru partidak handiak direlako. Arropa ematen digute, konexioetarako baliabideak, janaria, hegazkin txartelak... Dirutzarik, ordea, ez dugu atera: hitzaldi asko eman behar dira, lan asko egin... Atzo, adibidez, Madrilera joan nin-tzen, eta gaur goizeko 4:00retan itzuli naiz. Azken bi egunean, hiru ordu egin dut lo. Azken astean, 5.000 kilometro egin ditut, eta urria eta azaroa bitartean ia 20.000. Espedizio honen aurrekontua 60.000 €-tik gorakoa da, esfortzu handia egin dugu. Halere, kopuru hori ez da handia, gutxienekoaz ibiliko gara. Eskerrak eman beharrean gaude babesle guzti-guztiei, denak direlako osagai baliotsuak. Horrelakoa da mendia eta, egia esan, nahiago dut horrelakoa izatea; izan ere, dena eginda ematen badizute, balioa galtzen du. Hobe kostata, nahiz eta askotan kexatu. Horrela gehiago balioesten da guztia. Gainera, ez gaude garai samurrean. Zenbat jende dabil Euskal Herrian bertan lur jota, etxeko alokairua ordaindu ezinda? Guk horrelako gauzak egin ahal izatea luxua da. Zorionekoak gara: lehenengo, hemen jaio garelako; gero, bizimodu hau hautatzeko aukera eduki dugulako. Pakistanen, jendearen
% 95ek ez du bidaiatzeko aukerarik.
Ali Sadpara pakistandarra taldeko beste alpinista bat izango da espedizioan, ez zamaria...
Bai, iaz bezalaxe. Ordaindu egiten diogu, noski, baina laguna da, senide baten modukoa.
Hango jendeak ikusten du aukerarik alpinismoan?
Ez. Nepalen ezberdina da, baina Pakistanen hamabi bat eskalatzaile izango dira onak. Beste jende askok ez dauka ez materialik, ez goi-mendietara gerturatzeko modurik.
Dagoeneko 10 lortuta, 11 Shishapangma bi aldiz igo duzula kontuan hartuz gero, zergatik ez zaitu bereziki erakartzen 14 zortzimilakoak egiteak?
Euskal Herrian hainbatek bete dutelako dagoeneko erronka hori.  Aldatu beharra dago.
Ez duzu Carlos Soriaren antzik: 76 urte, 11 zortzimilako, 14ak osatu nahian. Zer iruditzen zaizu haren jarrera?
Motibazio eta ilusio handiak ditu, aparta da pertsona moduan. Baita beste kategoria bateko kirolaria ere. Dena den, nik neuk ez dut hori gura. Adin horrekin nahiago dut baserri batean egon, ortuan lanean. Orain nabil bidaia-tzen gero bidaiatuko ez dudana, orain da momentu aproposa horretarako.
Horrenbeste sufrituta, izozketak, lan nekezak, lagunen heriotza... Zergatik jarraitzen duzu mendira joaten?
Mendian aske sentitzen naizelako eta gizarte honetan, Euskal Herri honetan, ez naizelako hain eroso sentitzen. Une zehatz batzuetan bai, baina... Mendian topatzen den bakardade hori, isolamendua... aske sentitzen naiz, gustura, eroso. Azken 13 urteotan horretara bideratu dugu gure energia guztia. Hemen sei hilabete igaro eta gero, gorputzak itzultzea eskatzen dit.

KOLKOTIK
Bi hitzetan: nolakoa da Alex Txikon?
Bizizalea, baikorra.
Jet lag delakoaren aurkako erremediorik onena?
Logaleari agertzeko aukerarik ez ematea.
Zer egiten duzu hegazkin bidaia luzeetan ez aspertzeko?
Filmak irentsi.
Etxeko zerekin egiten duzu amets sei mila metroko altueran?
Gertukoekin, etxeko janariarekin.
Sei mila metrora dagoen zer falta duzu etxean?
Paisaia zoragarriak, abentura, sufrimendu gozagarria.
Biharko egunkarian irakurri nahiko zenukeen albistea?
Jende zoriontsua mundu libre batean.
Zer izan nahi zenuen txikitan?
Igeltseroa izan naiz 16 urte nituenetik orain bi urtera arte, asko gustatu izan zait beti.
Eta orain zer ez duzu izan nahi?
Sedentarioa.
Bizio bat?
Bidaiatzea, hurbilekoa nahiz urrunekoa ezagutzea.
Zerk ematen dizu amorrua?
Ilusiorik, ametsik eta norabiderik gabeko jendeak, halako gazteek bereziki.
Zein mendiri buruz daukazu oroitzapen berezia?
Makalu esango nuke; bitan izan naiz bertan eta bizipenak beti izan dira oso biziak eta sakonak.
Munduan ezagutu duzun lekurik ederrena?
Antartida.
Nongo jendeaz gordetzen duzu oroitzapenik gozoena?
Hedabideak haien izen txarra zabaltzeaz arduratzen diren arren, pakistandarrak jende zoragarria eta abegitsua dira.
Noiz arte mendian gora eta behera?
Ziklo hau amaitu dela sentitzen dudan arte.
Maite duzu arriskua?
Ez, ahalik eta gehien murrizten saiatzen naiz.
Zerk ematen dizu beldurra?
Iluntasunak eta arrakalek.
Espedizio baten unerik txarrena?
Prestaketa, dudarik gabe. Beharrezko dirua bildu arte eskean ibili behar izatea eta guztia urrunetik antolatzea.
Nolakoak dira zure ametsetako oporrak?
Saiatzen naiz bizitza ez bana-tzen oporraldietan eta oporrik gabeko aldietan.
Hamahiru senideren artean gazteena. Zer eragin dizu horrek?
Elkarbanatzea.
Amesgaizto bat?
Amesgaiztoei baino, errealitate lazgarriei aurre egitera ohitu naiz.
Mendian egin duzun lagunik minena?
Asko, ezin bakarra aipatu.