Gerra-beteranoen azken bataila umoretsua

heroiak

Hiru euskal aktore beterano, Joxe Ramon Soroiz, Kandido Uranga eta Ramon Agirre, gerra-beterano bilakatu ditu Txalo Produkzioak-ek ekoitzitako Heroiak antzezlanak. Gerald Sibleyras egile eta aktore frantziarraren Le vent des peupliers lanaren egokitzapena da, eta hiru gerra-beteranoren ibiliak ditu hizpide. Gerran soldadu aritu direnentzako zahar-egoitza batean daude hirurak, nor bere ajeekin: Enrikek errenka egiten du, Gustabok agorafobia dauka eta Felipek zorabioak, buruan duen metraila zati baten ondorioz. Ajeak aje, egoitzatik ihes egitea erabakiko dute. Agirrek berak itzulia eta Begoña Bilbaok zuzendua, komedia urtarrilaren 20an estreinatuko dute Bilboko Arriagan. Ondoren, Donostiako Antzoki Zaharrean ikusi ahal izango da hilaren 30 eta 31n.


MASKARADAZUBEROAKO maskaraden aurtengo agerraldiak hastear dira. Hamahiru urteren ostean, Sohüta-Hokiko gazteei egokitu zaie berriro ere, eta Sohütan egingo dute lehen emanaldia urtarrilaren 10ean. Apirilera bitartean, beste hamabi aldiz eskainiko dute Zuberoan barrena: urtarrilaren 17an Ezpeizen, 24an Muskildin, 31n Irurin, otsailaren 7an Maule-Lextarren, 14an Urdiñarben, 28an Arrokiagan, mar-txoaren 6an Mitikilen, 13an Idauzen, 20an Santa Grazin, 27an Barkoxen, apirilaren 3an Alozen eta, azkenik, 10ean Hokin.

LABURREAN

Ntb 11 izena du Hamaika Telebistak eta Nafar Telebistak Iruñerrirako elkarlanean sortu duten euskara hutsezko telebista kate berriak. Eskualderako beren-beregi eginiko ekoizpenak eskainiko dituzte, baita bi telebisten euren ekoizpenak ere. Ntb 11 ikusteko, berriz sintonizatu behar da Iruñeko 38. kanala.

MIREN TIRAPU aktore nafarraren Atte hil aurretik lanak eskuratu du Zubi egitasmoaren 3. deialdiaren babesa. Horri esker, proiektua garatzeko eta taularatzeko laguntza jasoko du. Deialdira aurkeztutako sei lanen artean hautatu dute Tirapurena, “bere interes artistiko eta potentzialagatik”. Euskal Herriko zortzi elkarte eta eragilek osatzen dute Zubi egitasmoa, eta euskarazko sorkuntza sustatzea du helburu. Egitasmoa landu ostean, abenduan estreinatuko dute Atte hil aurretik.

LOREAKAMAITU DA Loreak filmaren bidea Oscar sarietarako lehian. Ingelesez besteko filmen atalean lehiatzeko hautaturiko mundu osoko laurogeita hamar lanen artean zen Jon Garaño eta Jose Mari Goenagaren filma, baina ez du igaro abenduaren erdialdean Hollywoodeko Akademiak egindako galbahea. Orotara, bederatzi film aukeratu dituzte (azkenean, bost besterik ez da izango), eta haien artean ez dago Loreak. Dena dela, nahiz eta azkeneraino iritsi ez, ibili bikain eta garrantzitsua egin du orain artean Oscar sarietarako lehian parte hartu duen euskarazko lehen filmak.