Haritz Artola

haritz(Fiachras)

Obligaciones, Rápido y sucio
Drogak, delinkuentzia eta genero indarkeria irabiagailuan sartuz gero, ziurrenik disko hau izango litzateke emaitza. Makarrismo hutsa, Motörheaden bertsio mantxurriano zoragarria. RRV delakoari, hil eta 10 urtera, konplexurik gabe eta pare bat solairu goragotik begiratzen dio disko honek: azkarra, zikina eta oso ona.
Dominika&Niko Etxart eta Robert Larrandaburu, Eperra
Zuberotar euskaran, a capella abesten dute hiru heroi indigena ezkutu hauek. Abertzaletasun folkloriko depresiboaren barruan sar genitzake abesti batzuk, Iparraldeko lauburu eta ikurrinen % 90en antzera, baina Eperra abestiaren bertsiorik onena ere bertan dago. Gauez, bakarrik, hiritik kanpo eta alkoholdun edari bat edanez entzun beharrekoa.
La Polla Records, Los jubilados
Punkaz dudan kontzepzioa % 100ean definitzen duen diskoa. Inork espero ez zuena inork espero ez zuenean egina. Punkaren ortodoxiatik eta teologoen tesietatik ihesi doan diskoa. Melodia ederrak, letra zoragarriak eta barruan Carlos Azagraren komiki bat. Errealitateari eskainitako maisulana, maisuki ekoitzia. Taldearen diskorik atenporal eta borobilena.