Bergararen kanta txikiek indarra dute

belarrion

Josu Bergara bere laugarren diskoa aurkezten dabil. Kanta txikien indarra (Taupaka, 2015) zuzenean grabatu zuten Bilboko Kafe Antzokian iazko udaren atarian. Eako kantautoreak hamar abesti berri eta lau zahar bildu ditu lan berrian, melodiei pisua emanda eta, bere esentziari uko egin barik, pop eta swing erritmoak ere landuta. Orain arte, Bergarak berak idatzi izan ditu abesti guztiak, baina azken lan honetan Hasier Rekondorenak dira Kosmos bera kantaren hitzak,  eta Bego Andrés Urrestirena Fandangoaren hotsa. Konposatzeaz eta moldaketaz Nerea Alberdi biolin jolea arduratu da, eta Mikel Nuñez Lauzirikak egin ditu piano moldaketak. Txema Arana bateriaz, Dani Gonzalez baxuaz eta Natalia Wang, Ariadna Villate eta Claudia Díez (biolina, biola eta txeloa) hari-tresnez aritu dira. Halaber, Bergarak zuzeneko grabazioan lagun izan zituen Mikel Markez, Gaizka Peñafiel, Maria Rivero (Siroka, Hutsa), Ane Martinez (Zango) eta Izaskun Canga. Bergara hil honen 17an izango da Larrabetzun, eta 24an Oñatin. Otsailean, berriz, 4an Bermeon; eta 20an, Berrizen.


XUTIKHAMEKA BEGIRADA hamaika abestiz osatutako diskoa da, Xutik taldeak uda amaieran kaleratua. Euskal poeta, idazle, bertsolari, marrazkilari, zinegile zein musikari ezagunen laguntzarekin, Lapurdi eta Nafarroa Behereko musikariek estilo aniztasunari eutsi diote oraingoan ere. Hala, Zpeiz Mukaki elektrotxarangaren funtsa ez da desagertu lan berritik, eta reggae, hip hop, runba zein folk-punk estiloak nahasten dira taldearen hirugarren lan honetan. Lurra gai hartuta, txoriaren, arrantzalearen edota etorkinaren lekukotasunak entzun ahal dira Irria eta kolorea eta Maite ditut ijitoak abestietan, esaterako.

 

parradustHERRI TXIKIAK, BIHOTZ HANDIAK
Parradust Ceol Project
Auto-ekoizpena

Irlandako eta Eskoziako doinu zeltak euskal musikarekin nahasten dira disko hau osatzen duten hamar abestietan. Hala, hizkuntzari dagokionez ere, ingelesak, gaelikoak eta euskarak bat egiten dute ataxia-telangiectasia izeneko gaixotasun arraroa ikertzeko dirua bildu nahi duen proiektu honetan (Gasteizko hainbat lekutan eta Internet bidez eros daiteke diskoa). Euskal Herriko albokak, txirulak eta trikitiak doinu kontraste polita sortzen dute txirula eta gaita irlandarrekin. Zortzi abesti pieza tradizionalen bertsioak dira, baina bada diskoan kanta berri pare bat ere.

kantuzKANTUZ, 1965-2015
Batzuen artean
Elkar, 2015

Memoria eta desira leloa ageri da diskoaren azalean. Durangoko Azokaren 50. urteurrenaren harira, euskal kantuaren historia garaikidea gogoratzen lagundu nahian sortu da disko hirukoitz hau. Nola oroitu, ordea? Bada, urteen perspektibatik begiratuta (memoria), orduko ametsak eta aldarrikapenak (desirak) oraingoak ere badirela adierazita. Hainbat adin, garai, jatorri, estilo eta eratako musikariek oroimenaren beharra, ezberdinen arteko elkarrizketa eta belaunaldien arteko komunikazioa irudikatu nahi izan dituzte lan honetan, Euskal Herriaren eraikuntzan funtsezkoak direlakoan.