Ezer ez da ematen duena

montoiaBeti oporretan
Xabier Montoia
Esan Ozenki, 1995

Beti oporretan du izenburu Harkaitz Canoren azken ipuin liburuak; idazleak berak gogoratu duenez, Xabier Montoiaren bakarkako lehenengo diskotik hartua da. Badugu aitzakia, beraz, 1995ean plazaratutako lan hau apalategitik berreskuratzeko. Oporraldia aipatzen duen diskoa izaki, ez da harritzekoa azaleko argazkia hondartza batean egina izatea. Erretratuan, Montoia ageri da hondartzan, eguzkipean, neguko jantzia soinean eta txanoa buruan. Ezer ez da ematen duena, ezta diskoan barneratzen garenean ere: kantu asko samurrak dira, funk edo soul doinu dotore dantzagarriak (Burutik hago, Aberri galdua, Zugan gogoa, Urtebetetzea), lelo itsasgarriak ere ez dira falta (Zuloaren deia), baina testuetatik halako mingostasuna jariatzen da han-hemenka. The Crampsen kantutegitik ateratakoa dirudien Biharamuna abestian esan bezala, “eguzkia kanpoan jabe, iluna barruan”.

 Gotzon Hermosilla