Baionak ez daki

BAIONAKBea Salaberri
Susa

Bea Salaberriren 111 sentipenek osatu dute liburua, 111 narrazio labur aurkituko baititu irakurleak 113 orrialdeetan barna. Ipar Euskal Herriko lurretan gertatu dira hausnarketa-behaketa-sentsazio horiek (baten bat hortik kanpo izan bada ere), eta Baionan gehienak.
Hiriaren bihotzean zein bazterretan jarri du arreta idazle baionesak, eta kale horietako pertsonek, objektuek, dendek, entzundako elkarrizketek eta txipiroiek bideratu dute haren gogoa. Izan ere, inguruko kontu ia ezdeusetatik abiatu da tinta beltzez zein txokolatez zipriztindutako mundu propioa sortzeko unean.
Esan daiteke argazkiak atera dizkiola goizero lanera edo euskaltegira bidean zurekin guru-tzatzen den horri, bai eta lantokiko fotokopiagailuari ere, edota ia oharkabean entzundako elkarrizketa labur baina esanguratsu horiei. Irudi zehatz bezain zehaztugabeak eraiki-tzeko aukera eman digu Salaberrik, trebetasun handiz deskribatu baititu objektuen ahalmenak, ironia erabilita sarri.
Aipagarria da narrazio labur horiek zeharkatu dituen estilo poetiko bezain soila, eta, halaber, iparraldeko mintzairari dagokion hiztegia. Niretzat, behintzat, ezezagunak izan dira hitz asko eta asko, euskal literaturan hegoaldearen hegemoniaren ondorioz, seguru asko. Bada, aukera polita dugu hauxe hegoaldeko ugarik hiztegi eta egitura arrotzekin gozatzeko.
Alaitz Andreu