Ezezagunen opari horiek...

Amazon etxe ezagunak opari susmagarria egin digu azken asteotan. Underground izeneko zerbitzua abiatu du, Android sistema eragilearen erabiltzaileontzako aplikazio denda bat, ezaugarri oso-oso berezi bat duena: dohainik eta iragarkirik gabe eskura daitezke Googleren aplikazio denda ofizialean ordainpekoak (edo doakoak, baina iragarkiz josita) diren aplikazioak.
Mila apli jarri dituzte eskuragarri zerbitzuan. Batzuk jokoak dira, beste batzuk trafiko aplikazioak... baita doako jokoetarako gehigarriak ere, badakizue: arma bereziak, pertsonaiak... Erabiltzaileontzat dohainik dira, baina Amazonek 0,0018 zentimo ordaintzen dizkie aplikazio egileei, aplikazio bakoitza erabiltzen den minutu bakoi-tzeko.
Orduan, nondik ateratzen du Amazonek etekina? Bada, enpresak berak aitortu duenez, negozioa datuetan dago. Erabiltzaile bakoitzaren gaineko datu oso zehatzak gordetzen ditu 'oparia' egin digun laguntxoak: bakoi-zak zer aplikazio instalatu duen, noiz erabiltzen duen, nola egiten duen ere bai (futbol joko bat bada, adibidez, zelako taldea osatu dugun, zeinen alde eta kontra jokatu dugun...), aplikazioa gure telefonoan gorde ala azkar kendu dugun, gailuan zer gehiago dugun instalatuta...
Hori guztia zertarako? Bada, gutako bakoitzari buruzko ahalik eta profil zehatzena izateko eta, horretan oinarrituta, publizitate hiperpertsonalizatua eskaintzeko. Amazonen webgunean inoiz sartu zaretenok badakizue zer den hori: zapata pare baten bila sartu bazarete, une horretatik aurrera zapata horiek eta antzekoak agertuko zaizkizue Googleko bilaketetan, zuen webgunerik gogokoenak bisitatzean, lagunen postak jasotzean... Bada, Underground honek ematen dien informazioari esker, Amazonek zer erosi nahi izan dugun ez ezik, etorkizunean ere zer erosteko gogoa izan genezakeen jakingo du: gure futbol taldearen kamisetak, etxerako apaingarriak, (benetako) baratzeko tresnak...
Anaia Handia gero eta txikitxoagoa da, lagunok. Eta poltsikoan daramagu, gainera!

Loturak, estekak, linkak...

http://www.argia.eus/zer-dira-cookie-ak
On-line iragarkien jazarpena saihesteko, gakoa dira webguneek zure nabigatzailean gordetzen dituzten arrasto edo 'cookie' direlakoak. Webgune askotan topatuko dituzu haien inguruko azalpenak.

https://www.codesyntax.com/eu/bloga/hedabideak-adblockerrak
Beste tresna erabilgarri bat iragarkiak blokeatzen dituzten 'adblocker' izeneko aplikazioak dira. Horiek, baina, eragotzi egiten dute hedabide digitalek dirua irabaztea eta, beraz, bizirautea.

http://amazon.es/underground edo http://amazon.fr/underground
Zure arima milaka aplikazio batzuen truke saldu nahi baduzu, hortxe aukera.