Poliki eta astiro, beti eztiro

Komeni da, bai, gauzak patxadaz egitea, ondo irtetea nahi badugu. Inspirazio bila nenbilela, 2002ko testu bat topatu dut: New Yorkeko dorre bikien aurkako erasoaren osteko paranoian murgilduta, Microsoftek, ezin eskuzabalago, hiritarrak identifikatzeko zerbitzua eskaini zion AEBetako gobernuari, 'nortasun agiri digitala' sortu nahian. Helburua, noski, ustezko segurtasuna: internauta guztiak banan-banan identifikatuta eta kontrolatuta izanez gero, ezinezkoa litzateke gaizkileek sarea erabiltzea euren artean koordinatzeko.

Orduko paranoian murgilduta ere, proposamena larregizkoa iruditu zitzaion bati baino gehiagori. Microsoften azpijokoa ere argiegi geratu zen: internautak identifikatzeko sistema ofiziala berea izanez gero, ez zegoen bermatzerik multinazionalak datu haiek guztiak ez zituela erabiliko bere onerako.

Harrezkero igarotako 13 urteek argi utzi dute akats handia egin zuela Microsoftek: jende guztia identifika­tzeko prozesu hori azkarregi egin nahi izan zuen, kolpe bakar batez. Horregatik ez zuen lortu. Ikusi bestela zer aurkeztu duen Googlek azken egunotan: About me deritzon zerbitzua, niri buruz, alegia. Orri pertsonalizatua, erakusleiho modukoa, non norberak aukera dezakeen Googlek pilatuta dituen guztietatik zein datu pertsonal erakutsi nahi duen publikoki, norberaren bisita txartel digital modura.

Zuhurra izan da Google horretan: urteak eta urteak eman ditu, ustez doakoak diren zerbitzu bikainen truke, gutako bakoitzari buruzko informazio pertsonala atximurka kentzen: orain zure izen-abizenak, orain zure bizilekua, orain zure telefono-zenbakia, orain zure eguneroko joan-etorriak, osasun egoera, erosteko ohiturak, lagunen zerrendak, haiekiko mezu trukeak...

Gainera, gure datuak eskuratzeko bide horretan, pixkanaka-pixkanaka lortu du gu ohituz joatea, eta, ondorioz, garai batean erreparo handia eragiten zigun informazio eskaera natural-natural betetzen dugu egun, birritan pentsatu gabe. Googlek berak ere batere disimulurik gabe erakusten du zenbat dakien gutaz, zerbitzu berri horrek ondotxo erakusten duenez.

Loturak, estekak, linkak...

http://aboutme.google.com

Hau da Googlek zure bisita txartel birtual gisa erabil dezazun nahi duen orria. Sartu eta ikusi zenbat dakien zuri buruz.

http://google.com/account

Aurrekoa ez bazaizu nahikoa beldurgarria iruditu, hona Googleren panel kontrol nagusia, zuri buruz dakien guzti-guzti-guztia erakutsiko dizuna.

http://is.gd/googlekontua

Google kontuaren auzi honi buruzko informazio gehiago, Teknopataren Txokoan :-)

Joxe Rojas