Xuxen 5 zuzentzailea eskuragarri dago sarean

 

luxen

Euskal Herriko Unibertsitateko IXA Taldeak eta Elhuyarrek Xuxen zuzentzaile ortografiko eta gramatikalaren bosgarren bertsioa sareratu dute. Hainbat berrikuntza gehitu dizkiote: Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuko eta Elhuyar hiztegietako azken aldaketak erantsi dizkiote zuzentzaile ortografikoaren datu-baseari, baita arau gramatikalak berritu ere. Hala, proposamen ortografiko, lexiko eta gramatikal eguneratuak egiten ditu zuzentzaileak. Idaztean, akats ortografikoak gorriz azpimarratu eta zuzentzeko proposamenak egiten ditu. Hitzak berdez edo urdinez azpimarratuta, zuzenak izan arren Euskaltzaindiak beste forma batzuk hobesten dituela jakinaraziko du Xuxenek, baita Hiztegi Batuan hobetsitako ordainen berri eman ere. Berdez eta urdinez azpimarratzen ditu, halaber, hainbat akats gramatikal. Kasu horretan ere zuzentzeko proposamenak egiten ditu Xuxen 5ek. Microsoft Office berrienetan erabiltzeko prest dago eta doan eskura daiteke http://xuxen.eus/eu/bertsioak helbidean. Beste zenbait sistematan txertatzeko pluginak ere berritu dituzte, zuzenketa ortografiko eguneratuak egin ditzaten. 


eus2014an sareraturiko domeinu berri onenen artean dago .eus. Iaz ipini zen abian, ICANN erakundearen baimena lortu ostean. Zehazki, 1.300 domeinu berriri eman zien Interneten aritzeko baimena, baina horietatik 783k jarraitzen dute egun abian. Globe Runner AEBetako enpresak aztertu ditu martxan direnak, hainbat neurketa eginda. Domeinuen kalitateari dagokionez, azterketaren arabera, .eus laugarren postuan dago. Aurretik honakoak daude: .nrw, .scot eta .brussels, hurrenkera horretan. .eus fundazioak nabarmendu duenez, ikerketak agerian utzi du .eus kalitatezko domeinua dela, “.eus erregistratzen duten webguneek, domeinua erabiltzeaz gain, kalitatezko edukia sareratzen dutelako, beste domeinu batzuetan ez bezala”.

 

ahuakemonalaAHUAKEMONALA egitasmoaren eskutik, Ondarroako hitzak eta esamoldeak bildu eta ezagutarazteko izen bereko aplikazioa sortu dute Ondarroako Udalak eta herriko beste hainbat eragilek. Orotara, 600 esaera eta hitz baino gehiago jasotzen ditu aplikazioak, grabazio formatuan. Horiek guztiak herritarren laguntzarekin bildu dituzte, baita Radixu Irratiaren eta hondarruberbetan eta ondarrunaturala webguneen bidez ere. Helburu argia du aplikazioak: teknologia berrien bitartez herriko esamolde eta hitzak plazaratzea eta, batez ere, gazteengana iristea. Aplikazioa GooglePlayn dago eskuragarri, doan. Informazio gehiago http://www.ahuakemonala.eus/ gunean.

artelekuARTELEKUREN memoria gorde eta herritarren eskura jar­tzeko asmoz, sarean paratu dute arte zentro ezagunaren artxiboa digitala: http://artxibo.arteleku.net/eu. Gipuzkoako Foru Aldundiak 1987an sortu zuen Arteleku arte zentroa, artearen pedagogia ardatz hartuta esperimentaziora, praktikara eta produkziora bideratutako egitasmoa. 2014an itxi zuten, baina urte horietan guztietan emanikoa jasorik dago orain sareratu duten artxiboan: argitalpenak, afixak, elkarrizketa transkribatuak, hitzaldiak, soinu-ekitaldi digitalizatuak, argazkiak, material grafikoa eta bideografikoa... Zehazki, Artelekuk argitaraturiko Zehar aldizkariaren 69 zenbaki, 82 argitalpen digitalizatu eta 4.543 jarduera bil­tzen ditu. Hots, gaurdaino katalogatutako dokumentuak.