12etan bermuta

permutaJasone Osoro

Elkar, 2015

B2 maila

Liburu hau da pertsonaiak bat bera ere tente uzten ez duten horietakoa. Jasone Osororenean, pertsonaiak baino, gutako edozeinenak izan litezkeen gertu-gertukoak dira: ama, aita, amama, senarra, alaba, maitalea, anaia eta laguna. Esku arteko honetan, Bertarenak dira, eta ordena horretan mintzatzen da gure protagonista bere bizitza markatu izan duten horiekin guztiekin. Azken kapitulua bere buruari eskaini badio ere, ahots bakarreko solasaldi guztietan dihardu berari buruz, besteek berari nola eragin izan dioten azter­tzen tematuta.

Aurpegiratuko dizkie, zein bereari eta sarritan uztartuta, abandonua, maitasun eza, arreta eza, gorrotoa, axolagabekeria... besteak beste. Erakutsiko dizkie, halaber, horrek guztiak beragan sorturiko oinazea, tristezia, amorrua, sumina, inbidia, berekoikeria, antsietatea... Sentimendu polit-goxo-on gutxi gordetzen ditu Bertak barrenean, haurtzaroa, gaztaroa eta helduaroa oroitzen dituenean; beraz, ez odolustearren-edo atera ditu liburu honetara errai erre horietan zutik jarraitzen duten bakarrak: arantzak. 

Ulerterrazak dira, formari zein edukiari dagokienez, eta irakurleak ezagutuko ditu, ziur naiz, horietako bat baino gehiago; asko, akaso, ozenki onartuko ez badu ere. Zorionaren eta alaitasunaren bila dabilenak beste nonbait bilatu beharko ditu, 12etako bermut honek zapore garratza utziko baitio.

Usoa Alberdi Fernández