Zaldieroaren seigarren ‘De rerum natura’

rerum

Azken urteotako ibilbideari jarraiki, Patxi Huarte Zaldieroak De rerum natura bildumaren seigarren zenbakia kaleratu du. Eguneroko errealitate aldakorrari txinpartak uneoro ateratzen jarraitzen duenez, bosgarren zenbakitik bi urte igarota, nahikoa material eta sobera batu du honako zenbakia argitaratzeko: kultura, politika, erlijioa, gizartea, hizkuntza… edozer izan liteke gogoeta harrigarri, dibertigarri edo hunkigarrirako bide. Gainera, azkenaldian talde lana erantsi dio bere asmamenari1, Twitterren ikusitako ekarpen interesgarrienak marrazki bihur­tzen baititu; auzolanaren adibide ederra. AIZU!ren irakurleek ondo ezagutzen duten arren, gogoratu beharrekoa da Erriberako marrazkilari nafar honek uko egin ziola unibertsitateari, bere burua intsumiso deklaratuta. Zerbitzu militarraren aurrean, berriz, objektore bihurtu zen. Maite ditu txoriak, txetxeniarrak, McIntoshak, musika, ardoa eta bizikleta; hori bai, gorroto ditu autoak.


URZELAIKARANBOLA TOXIKOAK (Susa) du izena Andoni Urzelairen (Aretxabaleta, 1967) azken liburuak. Hamazazpi kontakizunez osatutako narrazio bildumak ez du, egilearen esanetan, ez helburu didaktikorik, ez salaketa ku­tsurik, baina badu zerbait kritikatik. Izan ere, zenbat eta baliabide eta informazio gehiago eduki, orduan eta apatikoago ikusten du jendea idazleak. Jarrera horrek txundituta, egileak begirada bihurri eta jostalariz sortu ditu narrazioak. Hala, pentsatu bai, baina normalean egiten ez diren gauzak egiteko gai dira istorioetako protagonistak: izan idazlea, itzultzailea, psikoanalista, tabernaria, itsua, ertzaina edo hoteleko langilea, berdin dio, denek dute motiboren bat konforme ez egoteko. Urzelaik bi nobela argitaratu zituen iragan hamarkadan: Haginkadaka (Kutxa, 2002) eta Zirkulua (2004, Erein).

 

biciBIZI ONDORENGO HERIOTZA: NEVADAKO KONTAKIZUNAK

William A. Douglass

Itzulpena: Anton Garikano

Pamiela, 2015

“Bera Nevada zen eta bere istorio guztiak Nevadako kontuak ziren. Bizitzaz zekien guztia blaitzen zuten goi desertuko usain eta kolore ñabarrek (…)”. Horrelaxe hasten da autobiografiatik asko duen liburu honetako 13 narrazioen arteko lehena. Nevadako (AEB) basamortu itsugarriak bezain indartsu, eta William A. Douglassen izaera sutsua bezain sendo. Estatu Batuetakoa ez ezik, Euskal Herriko idazlea ere bada, 60ko hamarkadan etorri baitzen hona bizitzera. 

mendafinMENDAFIN USAINEKO ILUNTZEAK

Aintzane Galardi

Erein, 2015

“Zain dauzkat hor arrats eta goiz guztiak” dio Mohamed Xukrik bere Hutsegiteen garaian, eta neuk ere zain neuzkan nire lehen bidaia hartako arrats eta goiz guztiak, non, Medinako kalexka estuak, beste garai bateko jendea, hizkuntza arrotzak, basamortua, nomaden urratsak eta deslekuak kausitu nituen. Gerora, Marokora itzuli naizen bakoitzean, zain izan ditut Atlas mendikate elur­tua, mendi azokak, oasiak, mila eta bat alfonbraren koloreak… eta mendafin usaineko iluntzeak.