Agur

APURTUORAIN ASKE ZARA

Apurtu

(Petruska Records 2015)

Atal honetan, behin baino gehiagotan aipatu izan dugu Apurtu taldea, Irungo punk-rock banda beteranoa, diskografia oparoaren jabea eta, askotan, atzerrian Euskal Herrian baino oihartzun handiagoa lortu izan duena. Orain, zoritxarrez, ibilbide luzeari amaiera ematea erabaki dute: joan den abuztuan agur esateko kontzertua egin zuten (nola ez, euren sorterrian) eta badirudi ekainean argitaratutako Orain aske zara hau taldearen azken lana izango dela. Hainbeste gustatu zitzaigun Katuen hirian haren arrastoari jarraitzen dio Orain aske zara-k, berritasun batzuk ekarri arren (disko hartako Ilargiari begira kantua berriro grabatu dute, baina hari sail  batek lagunduta (askori Hertzainak taldeak Aitormena-rekin egin zuena ekarriko die gogora). Diskoa ixten duten azken hiru abestiak, nire ustez, Apurtuk inoiz grabaturiko kanturik onenen artean daude. Abestion izenak? Printze txikia, Bizi bat, patu bat eta... Agur.       

 Gotzon Hermosilla