Oier Aranzabal (Lou topet)

kaskoakJP Lohian - JP Lohian & Klonen Klana (2015)

Joseba Ponceren lan berriak hipnotizatu egin nau. Baita txunditu ere. Ez soilik den-dena berak bakarrik egin duelako (apartekoa bada ere), baizik eta emaitza kristorena delako. Alperrik da apaintzea kantutzarretik egin nion hozka diskoari eta 8 abestiak errenkadan irentsi ditut. Behin eta berriz egin ere. Pisuzko doinuak dira, giro dentso bezain melodikoan murgiltzen zaituztenak. Urteko diskoa dela esan zuen Angel Aldarondok, azken urteotako diskoa dela deritzot nik.

Aguxtin Alkhat - Haizeen meneko (2015)

Iparraldetik Alkhatarren leinuari jarraipena ematera dator Aguxtin. Amerikar kutsuko folk-rocka proposatzen du. Harmonikaz atondua, baina gitarra zorrotzekin ere bai. Garai bateko Dylan usaina dario, eta hori beti da ona... ala? Aurtengo sorpresa ederrenetarikoa da Haizeen meneko. 

Izaki Gardenak - Aurri Gara (2015)

Amerikar kutsuarekin jarraituta, Jon Basagurenen proiektua aipatu behar dut ezinbestean. Ederki ondurikoa da Izaki Gardenak. Rockari helduta, poparekin jolastuta eta americana ukituarekin. Abestitzarrak ditu Aurri gara diskoak eta ziur, probatuz gero, ezingo diozula berriz entzuteko tentazioari eutsi.