En Tol Sarmiento, beldur barik

belarrion

En Tol Sarmiento talde arabarrak disko berria kaleratu du: Beldurrik ez, zazpi abestiz osatua. Laugarren diskoa, beraz, taldeak bere ibilbidea 2005ean hasi zuenetik. Hainbat gauza aldatu dira lan honekin. Izan ere, euskara hutsezko lehenengo diskoa kaleratu dute, aurreko lanetan gaztelaniaz egindakoak ere kaleratzen baitzituzten. Abesti berriek hausnarketarako bidea ematen dute, baina dantza eta barrea eraginez. Hi­tzak landuagoak dira eta, horien bidez, taldeak entzuleak animatu nahi ditu bizitza beldurrik gabe bizitzera, aurreiritziei eta lotsari aurre egitera eta lagunekiko konfiantzazko harremanak sendotzera. Hala, Lagun mina, Zure begiradak edota Beldurrik ez kantek oso kontuan hartzen dituzte en­tzule gazteak. Disko rockeroagoa da, baina ska doinuak eta haize instrumentuak alboratu barik. Oñatin hasiko du taldeak disko berria aurkezteko bira hil honen 19an, eta Hatortxu Rock jaialdian izango da 29an.


URAKENMIKEL URAKEN (Santutxu, 1982) musikari bilbotarrak bakarkako bideari ekin dio Neguaren ostean izeneko diskoarekin. Ez da musikara iri­tsi berria, Loan taldean aritu baitzen 2005 eta 2010 artean, baina oraingoan argitaratu duen lana bere-berea du. Undergroundean jaiotako musikariak (Urakenen beraren esanetan) zazpi abestiz osatutako 42 minutuko diskoa egin du,  ahotsaren eta gitarraren laguntza soilarekin. Abesti biluziak eta gordin-gordinak sortu ditu, eta folk euskalduna ulertzeko beste era bat azaleratu duela dio: “Folk euskaldun(berria)” (Mikel Gutierrez Ruiz Uraken Bilboko AEK-ko ikaslea da). Diskoa uztailean grabatu zuen modu analogikoan Andoaingo Garate estudioetan, Kaki Arkarazo teknikariaren eskutik eta Javi Letamendia ekoizlearen gidaritzapean.

 

ELUSTONDOELUSTONDO

Agurtzane Elustondo

Elkar, 2015

Agurtzane Elustondo Laja handiaren ikasle eta ondorengoa da. Hauxe da argitaratu duen lehen diskoa, urte luzez Ion anaiarekin erromeriaz erromeria ibili ondoren. Jo­tzeko era berezkoa du, indar­tsua eta dirdiratsua. Martin trikitilariaren piezetan oinarritu da bereak sortzeko, eta diskorako zenbait kolabora­tzaile izan ditu: Michel Longaron, Amaiur Cajaraville, Gurutz Bikuña, Xabier Zeberio, Josu Salbide, Pilar Aresti, Elena Aristorena, Javier Alzugaray, Xabier Berasaluze Leturia, Kepa Junkera, Xabier Barriola, Estitxu Pinatxo eta Natxo de Felipe.

 

TONETTITONETTI ANAIAK

Jabier Muguruza

Resistencia, 2015

Muguruzak Tonetti anaiei eskaini die bere ibilbideko 14. diskoa. Aitaren lagunak zituen, eta Oliverrek bere buruaz beste egin izanak izugarri kolpatu zuen mutikotan. Diskoan lagun izan ditu David Gomez, Ignasi Gonzalez, Gorka Benitez eta Mikel Azpiroz musikariak. Azken honek lagundu dio, hain zuzen, Muguruzak bila­tzen zuen sonoritatea aurki­tzen. Zuzenean grabatu dute lana, ia efekturik gabe. Diskoko bederatzi abestietatik hiruren hitzak Muguruzarenak dira, beste bi musika-piezak dira eta gainerakoak Harkaitz Cano, Iñaki Irazu, Lourdes Oñederra eta Gerardo Markuletarenak.