'Igelak' komedia grabatzen hasi da Patxo Telleria

igelak

Musika ukituak dituen Igelak euskarazko komedia zuzenduko du Patxo Telleriak. Filmaren zuzendaria ez ezik, gidoilaria ere bada. Azaroaren 2an hasi zen grabatzen Donostialdean, eta zazpi astez luzatuko dira filmazio lanak.  Gorka Otxoa aktorea du protagonista nagusi: Pello izeneko banku sukurtsal bateko zuzendariaren rola beteko du Otxo­ak. Delitu ekonomikoengatik atxilotuko dute, eta tartean egon arren nagusiek bakarrik utziko dutenez, ihes egitea erabakiko du. Ihesaldian, etxegabetzeen aurkako elkarte batek okupaturiko eraikin batean hartuko du babesa. Elkarteko kideen konfiantza bereganatuta, atzerrian bizitza berria hasteko behar duen dirua lortzeko lanean hasiko da. Otxoarekin batera, Miren Gaztañaga, Josean Bengoetxea, Gurutze Beitia eta Mikel Losada aktoreak ariko dira filmean. Musikari eta talde ezagunek ere hartuko dute parte: Ainhoa Arteta, Xabi Solano, Gose, Doctor Deseoko Francis, Natxo de Felipe, Oreka Tx eta Gatibu. Filma estreinatzeko datarik ez dute zehaztu oraindik, baina 2016ko udan edo udazkenean izango dela aurreikusi dute.


NOMOFOBIKAK taldearen Sarean kateatuak lanak eskuratu du 2016ko Poltsiko Antzerki Sorkuntza programaren lehen saria, eta Bazen Behin Klown taldearen Sexijentziak Askatuz lanak bigarrena. Ondorioz, antzezlanak garatzeko eta ekoizteko 4.000 euroko eta 3.200 euroko sari bana jasoko dute, hurrenez hurren. Era berean, 2016ko otsailaren 11tik 28ra Donostian egingo den 25. Poltsiko Antzerki Jaialdian aurkeztu ahal izango dituzte lanak egileek. Amaia Lizarraldek, Belen Cruzek eta Olatz Beobidek sorturiko Sarean Kateatuak lanak egungo jendartean sakelakoekiko eta sare sozialekiko dagoen menpekotasuna du ardatz. Sexijentziak Askatuz, aldiz, nor bere sexualitatearen jabe izatearen garrantziaz mintzo da, Itziar Saenz de Ojer aktorearen klown lanaren bitartez. Donostia Kultura, Donostiako Udal Euskara Zerbitzua eta Euskal Herriko Antzerkizale Elkartearen egitasmoa da Poltsiko Antzerki Sorkuntza programa, eta formatu txikiko euskarazko sorkuntzak sustatzea du helburu.0

LABURREAN

ABENDUAREN 31n amaituko da Kafe Bar Bilbao XIII. Teatro Laburreko Gidoien Sarira lanak aurkezteko epea. Ohi denez, kafe teatrorako edota formatu txikiko antzezlanetarako gidoiak aurkeztu behar dira Kafe Bar Bilbaok Tartean teatroak lagunduta antolaturiko lehiaketa ezagunean. Alegia, formatu txikiko lanen beharrizan tekniko eta artistikoetara egokitutakoak izan behar dutela gidoiek. Lanak E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko. helbidera bidali behar dira, eta jatorrizkoak, antzeztu gabeak, argitaratu gabeak eta beste inongo lehiaketatan saritu gabeak izan behar dute. Sariketaren baldintza zehatzak http://www.bilbao-cafebar.com gunean topa daitezke, orain artean sarituriko lan guztiekin batera.

MENDIFILMFILM emanaldi ugari eta beste hainbat jarduera eskainiko ditu abenduaren 11tik 20ra Bilbao Film Festival 8. Nazioarteko Mendiko Zinemaldiak. Sail Ofizialean, 13 herrialdetako 43 film eskainiko dituzte, tartean Euskal Herriko lau, horietako bi euskaraz: Xanti Ugarteren Urzulo eta Pablo Dendaluzeren Biziminez. Lehiaketatik at beste hiru lan izango dira, besteak beste, 2T on Chamlang, Alberto Iñurrategik, Juan Vallejok eta Mikel Zabaltzak osatutako WOPEAK espedizioari buruzkoa. Filmez gain, bestelako ekintzak ere antolatuko dira jaialdiak iraun bitartean: ikastaroak, hitzaldiak, topaketak eta erakustaldiak. Egitaraua osoa http://mendifilmfestival.com gunean dago ikusgai.