“Anestesia garaian bizi gara, eta bada esnatzeko ordua”

goizalde

Goizalde Landabaso

Kazetari eta idazle. Halaxe ageri ohi da soslai gehienetan Goizalde Landabaso deustuarra.  Urteak daramatza irratian lanean, Bizkaia Irratian lehenik eta EITBn aspaldion. Euskadi Irratian ibili ostean, egun Radio Euskadin entzun daiteke haren ahotsa. Era berean, makina bat hedabidetako kolaboratzaile da eta izan da; tartean, AIZU!n. Paperean, halaber, ibiliak ditu hainbat bide kronika, ipuin eta olerkigintzan. Babeserako kopia (Elkar) poesia liburua kaleratu berri du, bizitzan pilaturiko gomuten segurtasun kopia poetikoa egiteko asmoz. Gainera, poema horietan oinarrituta, ikuskizuna osatuko du Galder Perez eta Ane Zabalarekin. Ez baita geldi egotekoa: dela parte hartzaile, dela antolatzaile, kultur jarduera askoren osagai bizia da, hots, kazetari eta idazle izatetik harago, kultur ekintzaile nekaezina. Eñaut Mitxelena. Argazkiak: Mikel Martinez de Trespuentes.

Berriki, kultur-gerrillari deitu zizuten elkarrizketa batean. Ados?

Ez dakit, oso titulu potoloa da niretzako. Gustatzen zait kultura-mundua, bizi dut, eta aktiboa naiz horretan. Kulturarekin zerikusia daukaten gauzetan beti sartzen naiz; igual gehiegitan, denborarik-eta ez daukadalako. Beti pentsatu izan dut kultura dela gizateria salbatuko duen bakarra. Beharbada baztertua dago, eta ez da oso aintzat hartzen, ezta kulturak munduan eta gizarte batean daukan garrantzia ere. Zenbat eta kultuagoa izan, orduan eta gizarte aurreratuagoa izango da. Kulturarekiko atxikimendua gal­tzen ari gara, eta arriskutsua iruditzen zait. Horregatik uste dut kulturala den edozer gauza guztien gainetik defendatu behar dela. Ze nik ez dut inoiz ikusi liburutegietan hildakorik, edo labankadarik, edo borrokarik... Hau da, nahiko zibilizatua dela. Alde horretatik, garrantzitsua da. Nik gustuko dut jende kultuarekin egotea. Kultua ez zentzu peioratiboan, baizik eta kuriositatea daukan jendearekin egotea. Kulturak bide hori ematen du, kuriositaterako bidea.

Kulturarekiko atxikimendua beherantz doala diozu. Zertan sumatzen duzu?

Ez dakit izen bat jartzen, erantzule bat aipatzen, ze seguru ez dagoela erantzule bakarra. Baina ikusten dut gizarte honetan bultzatzen diren gauzak beste batzuk direla. Lehentasuna ematen zaie zenbait kirol nagusiri eta beste kontu batzuei, oso azalekoak diren gauzei. Apur bat anestesiatuta ikusten dut herria, gizartea, oro har. Uste dut txarra dela, etorkizunerako txarra da anestesia maila hau. Ulertzen dut momenturen batean norberak ere behar duela isolatu, eta inguruan gertatzen denaz ahaztu. Baina momentu oso gordinak bizi izaten ari gara sozialki eta ekonomikoki, eta inor ez da mobilizatzen. Akritikotasun batean bizi gara, anestesia garai batean, eta uste dut badela esnatzeko garaia. Ez diot barrikadetara joan behar dugunik, ezta gutxiago ere, esan nahi dudana da gustatuko litzaidakeela herri askoz kritikoagoa. Kritikoa zentzu on eta zabalean: gauzak bere distantziarekin begiratzen dituena, eta gauza onak begiratu, dastatu eta harrapatzeko gai den moduan, une batean gauza txarrak argudioekin kritikatzeko gai dena.

Kultur gerrillari batentzako zer da Durangoko Azoka?

Nik uste beharrezkoa den zerbait dela, bere argi eta iluntasun guztiekin, bere argi eta itzalekin. Baditu itzalak-eta. Egia da zenbaitetan Durango izan litekeela simulakro baten gauzatzea, baina beharrizan baten gauzatzea ere bada. Durangoko Azokak baditu zenbait gauza zuzendu edo hobetu daitezkeenak. Baina beste alde batetik, Azokan agertu eta gorpuztu egiten da euskal kultura edo euskal produkzioa. Baita ere eztabaidagarria izan liteke ea dena kontsumo gai bihurtu behar dugun, dena pasatu behar ote dugun diruaren galbahetik... Baina irauteko sare bat egotea beharrezkoa da. Industria bat, sare bat... deitu nahi duzun bezala. Horretarako garrantzitsua da Durango. Egia da urtean behin bakarrik dela, eta beharbada luzapenen bat izan beharko lukeela denboran. Durango Bis bat igual gehiegi da, baina beste zerbait...

Aurten lan bikoitza tokatuko zaizu Durangon, ezta?

Bai, bai. Apur bat gogorra egiten zait. Kazetari izatera ohituta nago, eta erosoago sentitzen naiz kazetari izaten eta galderak egiten. Batzuetan, galderak erantzutea gogorra ez, nekeza egiten zait. Jendeak zerbait galdetzen didanean niri ere galderak sor­tzen zaizkit, eta batzuetan galdera horiei erantzuten ez dakit, baina galdera gehiago izaten ditut. Urte asko dira galderak egiten. Gustatzen zait galderak egitea, uste dudalako galderak egiten ditudan neurrian, neurri txikiago batean behintzat, norbaitek eran­tzun egingo dizkidala nire zalantzak.

Azaroko AIZU!n Asier Altunak zioen zinema ez dagoela modan. Eta poesia?

Poesia inoiz ez da modan egon, ezta egongo ere. Baina, nire ustez, horrek emango dio irauteko indarra. Poesia beti izan da oso gauza txikia ez, baina bai minorizatua. Aurkitu izan dut poesiarik irakurtzen ez duen jende asko, ez duelako poesia ezagu­tzen. Duela lauzpabost urte lagun batzuk esan zidaten ez zutela poesiarik irakurtzen, ulertzen ez zutelako. Nik esan nien: “Ez baduzue ulertzen, izango da ez duzuelako aurkitu zuen poesia mota”. Niri ere poesia mota guztiak ez zaizkit gustatzen, baina badaude beste batzuk oso gustura irakurtzen ditudanak. Hala, hasi nintzen lagunei egunero poesiak bidaltzen. Oraindik ere egiten dut, eta zaletu egin dira. Konturatu ziren hau mundu ikaragarri handia dela. Egia da. Hau da, poesia oso gauza zaharra eta modernoa da aldi berean, oso hitz gutxirekin gauza asko esaten delako. Poesia da, seguruen, literaturan dagoen gauzarik primitiboena. Agian horregatik uste dut iraungo duela. Ez delako hitz askorik behar gauza asko esateko. Orduan, txikia denik ez nuke esango, esango nuke bakar batzuen babeslekua dela. Baina ez da babesleku itxi bat, norberak hautatu behar duen babesleku bat da.

Babeserako kopia. Zergatik zure bizipenen eta oroitzapenen kopia egin?

Nire inguruan jendea desagertzen hasi da, hiltzen hasi da, eta bizirik geratzen diren batzuk memoria galtzen hasi dira edo galduta daukate. Haiekin hizketan-eta aritzerakoan, konturatzen zara ez direla lehen ziren pertsonak, zuk ezagutu zenituen pertsonak eta zure bizitza osoan zehar izan direnak. Eurekin hitz egin, eta hitz egiten duzu per­tsona ezezagun batekin. Orduan kontura­tzen zara zeinen garrantzitsua den memoria, eta zeinen garrantzitsua den zure oroitzapenak nonbait gordetzea, horrelako zerbait pasaz gero nora jo izan dezazun. Alde horretatik, Babeserako kopia bada biltegi bat noizbait memoria galtzen badut, hor egongo dena. Uste dut bizi garen garaiotan, teknologiak dena jaten gaituen eta teknologiari dena ematen diogun honetan, ezin diogula gure oroitzapenik eman. Azkenean gure oroitzapenak dira gure babeslekua eta gure esentziaren muina. Hori gal­tzen badugu, zer geldituko zaigu?

Hiru zati ditu liburuak: Izan, Odola eta Denbora. Odola alaixeagoa da, baina, oro har, nahiko ezkorrak iruditu zaizkit.

Agian zerikusia dauka bizi dudan garaiarekin, baina ez dut uste ezkorrak direnik. Nik uste etsipen puntu bat badaukatela. Azkenean, hau da daukagun bizitza, eta ez daukagu besterik. Hortaz, disfrutatu beharko dugu eta saiatu beharko gara momentu txarrak ahal bezain ongi pasatzen eta momentu onak topera gozatzen. Nik beti idazten dut, nolabait esateko, beheraldietan, eta orduan horrek eragina dauka idazteko orduan agertzen denarekin. Jendeak galdetu ohi dit ea idazkietan agertzen den hori naizen. Bai, hori ni naiz, baina ez naiz hori bakarrik, askoz gauza gehiago naiz. Azkenean, ez gara linea jarraitu bat. Faktore asko, bidezidor asko, bide nagusi eta txiki asko dauzkan espazio bat gara. Eta ni ere hori naiz. Momentu batzuetan hola sentitu izan naiz, baina ez beti. Ez dut uste pertsona oso iluna naizenik, baina baditut nire iluntasunak, nire munstroak, nire minak, zokoak, pu­tzuak... Bai, hori dena badaukat, denok dauzkagun bezala. Eta kontua da nik liburu bat kaleratu dudala, eta aipatu ditudala eta atera ditudala, eta beste batzuk ez dituztela ateratzen. Beste batzuk diskoak egiten dituzte, pinturak... Tira, bakoitzak ahal duen bezala ateratzen du hor barruan daukan hori, eta uste dut gainera atera behar direla, oso garrantzitsua delako gauzak ateratzea.

Apaindurarik gabeko poesia idatzi duzu. Kazetaritza lanbidearen eragina?

Bai, gustatzen zait hola idaztea, gehiegi nahastu barik. Poema gehienak oso orraztuta daude, batzuk hasieran oso poema luzeak ziren. Gustatzen zait hitzekin jolastea, eta lausotasunen mugak gainditzea. Azken batean, esperimentatzea da, gustuko dut ikustea poema luze bat ea noraino txikitu dezakedan zentzua galdu barik. Oraingoan ere saiatu naiz horretan: ea gai naizen hitz gutxitan gauza asko esateko. Ez dakit lortu dudan, baina beno, laburtzearen eta orraztearen ondorioz biziago ez dakit, baina bai geratu direla konpaktuagoak edo. Gero ere, eta beharbada hori kazetaritzatik datorkit, uste dut komunikatu egin behar dela. Komunikatzeko, beste aldean dagoenak ulertu behar egin behar du. Zuk mirariak eta gauza zoragarriak idatz ditzakezu, baina beste aldean dagoenak ulertzen ez badizu, alferrik da. Beraz, ahalik eta argien idaztea gustatzen zait.

Duela hamabost urte argitaratu zenuen Korte bat, mesedez. Euskarazko adierazpenak lortzeko irrati kazetari batek zituen zailtasunak kontatzen zituen lanak. Ordutik aldatu al dira gauzak?

Ez asko, baina bai, aldatu dira. Hizkuntza baten berreskuratzea edo lan hori egitea oso gauza nekeza da; asko kostatzen da, urte askotako lana egin behar izaten da eta oso lan gogorra da. Pentsatzea 15 urtetan berreskuratuko dugula mendeetan galdu duguna apur bat inozoa da. Uste dut baietz, irabazi dugula, irabazten ari garela. Erdal guneetan eta Bilbo bezalako hiri batean, hemen, borrokak milimetrotan irabazten dira. Badakit hau jende askorentzako oso erritmo motela dela, eramanezina, eta galduta dagoela dena eta... Ez, dena ez dago galduta. Hau apurka-apurka doan kontua da, oso modu mantsoan dabilen munstro erraldoi bat da, eta bere denbora behar du. Bai, gauza batzuk txarto egin dira, baina beste gauza batzuk ongi egin dira, eta nik uste dut hori ere esan behar dela. Astiro doala? Bai, badakigu. Hobeto egin zitekeela? Seguru nago. Eta gauzak hobetu behar direla? Baietz, baita ere. Baina nik uste dut bagoazela aurrera.

Kolkotik

Bi hitzetan, nolakoa da Goizalde Landabaso?  Ausarta eta koldarra.

Bilbotik, zer duzu gustukoen? Itsasadarra.

Eta zer ez duzu gustuko? Sargoria.

Bizio bat? Txokolatea.

Zer ez da falta inoiz zure etxeko hozkailuan? Sojazko jogurtak.

Sukaldari ona zara? Sukaldari alferra.

Zer prestatzen duzu ondo?  Entsalada bikainak.

Gustuko jaki bat? Txipiroiak saltsan.

Biharko egunkarian irakurri nahiko zenukeen albistea? Dagoeneko 3 milioi euskaldun gara.

Euskara ikasteko bi arrazoi? J. Sarrionandiaren poemak eta R.Ordorikaren kantuak.

Zerk ematen dizu beldurra? Beldurrak berak.

Eta amorrua? Jendearen anestesiak.

Zerk eragiten dizu barre? Lagun arteko edozein txatxukeriak.

Zer izan nahi zenuen txikitan? Nagusi, seguruen.

Eta orain zer ez duzu izan nahi? Zoriontsu egiten ez nauena.

Oporretarako leku bat? Itsasoa duen edozein hiri.

Durangon zer erosiko duzu? Ustekaberen bat.

Mesanotxean zenbat liburu dituzu? Hiru, eta hutsik dagoen libreta.

Zeintzuk? Txile eta Ipar Amerikako poesia antologia bana, eta Munduko bandarik onena.

Liburuak paperean ala pantailan? Paperean.

Literatur genero bat? Poesia.

Markatu zaituen liburu bat? Ipuin bat: ­Maggie, indazu kamamila!

Egile bat? Sarrionandia, Cortazar, Hikmet, Kilpi, Benedetti, N.Parra, P.Salinas, Szymborska, Wilde, T. Ditlevsen...