Haragi prozesatuak eta haragi gorriak minbizia eragin dezaketen gaien zerrendan paratuta, zalaparta galanta eragin du Osasunaren Mundu Erakundeak. Zehazki, jakinarazi du nahikoa ebidentzia dagoela lotura egiteko haragi prozesatuak jatearen eta koloneko eta ondesteko minbizia izatearen artean. Gainera, haragi gorria ere zenbait minbizi motarekin lotu du, nahiz eta OMEko adituek onartu frogak mugatuak direla lotura hori egiteko. Horiek horrela, gure elikaduran ohikoa den jaki ugari susmopean geratu da. Iskanbila ederra sortu da, baita nahasmena zabaldu ere. Eraginik izan al du albisteak zuen elikadura ohituretan? Itsasuko gau eskolako B2 taldea
1. Isa
Ez du batere eraginik izan. Batetik, gure etxean ez dugu haragi gorri anitzik jaten. Etxeko txerriaz aparte, gure xingar tradizionala, haragi gutti jaten dugu. Bestetik, proteinak ilarretan, fruitu idorretan eta etxeko oiloen arroltzetan aurkitzen ditugu. Beraz, ez dugu erruduntasunik ukanen batzuetan txuleta, taloa eta xingarra jateagatik. Egiazki ez da berri handia, badakigulako ez dela biziki ona osasunerako haragi gehiegi jatea.
2. Vero
Haragiari eta txerrikiari buruz, nire jateko ohiturak ez ditut aldatu: ez dut haragi gorri anitz jaten eta nahiago izaten dut haragi ona jan. Eginahalak egin behar ditugu kontsumitzaile arduratsuak izan eta ekoizle onak eta zirkuitu laburrak hautatzeko; halere, batzuetan ez dugunez hartzen astirik sukaldean egiteko edo janaria hautatzeko, maleruski1 pozoia jaten dugu.
3. Nadege
Ez dut beldurrik, jadanik banekien. Nire ohiturak ez dira txarrak. Haragia astean 3 aldiz jaten dut. Beti bezala, gehiegikeria da txarra. Ez didate kenduko txuleta jatearen plazera. Zentzuzkoa izan behar da: ongi haziak diren kabalen2 haragia izanen da arriskurik gabea.
4. Diane
Irratian entzun arren, ez dut kasurik egin. Haragi horiek gustatzen zaizkit, baina normalki astean behin kontsumitzen ditut. Horregatik, nire ohiturekin segitu dut. Bestalde, gai honek, berriz ere, desberdintasunak agerraraziko ditu. Familia batzuetan, prezioagatik, txerrikiak leku handia du; horrek kulpa sentimendua sortzen ahalko du...
5. Gene
Berri txar horiek ez didate inolako izirik3 eragin, eta ohiturak ez ditut kanbiatuko. Betidanik dakit haragi gorria eta haragi transformatua ez direla sobera jan behar. Hori dela-eta, kasu egiten dut, oro har, ekoizpenak erostean. Nire asmoa da zirkuitu laburrak abantailatzea. Maiz pentsatzen da karioagoak4 direla, baina ez da egia: garraio luzeak saihesten dira, eta kutsadura murrizten da. Anitzetan, prezioa arrazoi faltsua izaiten da. Arrazoi handiak badira erraiteko haragi horiek sortzen ahal dutela minbizia,baina, guzian bezala, bakoitzak behar luke neurria hartu eta, nagusiki, gogoetatu nondik heldu den haragia.