Durangoko Azokako Guneak

MAPA

AZOKA

Erakustokien bilgunea, Landako erakustazoka da Azokaren erdigune eta bihotza. Bertan aurki daitezke argitaletxe, diskoetxe, elkarte, eragile, sortzaile, hedabide eta erakundeek aurkezturiko lanak. Areto Nagusia, Ahotseneako solasaldien gunea eta Azoka TBren platoa ere aterpetzen ditu.

Erakustokien bilgunea, Landako erakustazoka da Azokaren erdigune eta bihotza. Bertan aurki daitezke argitaletxe, diskoetxe, elkarte, eragile, sortzaile, hedabide eta erakundeek aurkezturiko lanak. Areto Nagusia, Ahotseneako solasaldien gunea eta Azoka TBren platoa ere aterpetzen ditu.

ARETO NAGUSIA Hitzaren plaza

Liburu eta egitasmoen aurkezpenak egiteko gunea izateaz gain, iaz hasitako bidetik Gogoetaren plaza hartuko du, mahai-inguru eta solasaldien bidez euskal kulturari buruzko hausnarketa bultzatzea xede. Aurtengoan, 50. urteurrenaren karietara, etorkizuneko erronkak izango dituzte gai nagusi Biharkoak Gaur lelopean. Egunean bi saio egingo dira, goizez buruz burukoak eta arratsaldez mahai-inguruak, egunero gai jakin bati helduta: 5ean euskal kulturaren ikusgarritasuna, 6an kultur politikak, 7an erreleboa eta 8an prestigioa. Besteak beste, Ruper Ordorika, Jon Maya, Andoni Egaña, Eider Rodriguez, Asisko Urmeneta eta Itxaro Bordak hartuko dute parte.

AHOTSENEA Sortzaileen plaza

Sortzaileen guneak inoizko parte hartzerik handiena izango du aurten: 120 emanalditik gora. Solasaldiak, 50 guztira, Landako barruan egingo dira, eta orotarikoak izango dira: errezitaldiak, hizketaldiak, kontzertu akustikoak... Gainera, literatur solasaldietan lehen aldiz egingo dituzte irakurketa dramatizatuak, musikaz lagunduta. Literaturako eta musikagintzako izen ezagunek nahiz ez hain ezagunek hartuko dute parte: Bernardo Atxa­ga, Harkaitz Cano, Karmele Jaio, Mikel Urdangarin, Miren Amuriza, William A. Douglass, Tere Irastortza... Bestalde, zuzenekoen karpan 70 kontzertu eskainiko dituzte, bi agertokitan: Hesian, PAM, Ze Esatek!, Maddi Oihenart & SokaHots Orkestra, Txapelpunk... Azokaren 50. urtemuga ospatzeko Lekord taldeak eginiko Sokak ikuskizuna ere bertan eskainiko dute.

IRUDIENEA Ikus-entzunezkoen plaza

Irudia ardatz, erakusleihoa eta hausnarketak trukatzeko gunea izango da. Mota guztietako lanak eskainiko dituzte, sortzaile gazteen lanari bereziki erreparatuta: Amama, Pikadero eta Euskal Harriaren ABDak film luzeak; film labur ugari; Gure sorlekuaren bila, Egunkariak 25 urte eta beste zenbait dokumental; baita primizian Goenkaleren azken hiru kapituluak ere. Horiez gain, mahai-inguruak, hitzaldiak eta solasaldiak izango dira; besteak beste, berriketaldia egingo da Loreak filmaren zuzendari Jon Garaño eta Jose Mari Goenagarekin. Kameratoia Ikus-entzunezko Rallyaren XI. edizioa ere hartuko du Irudieneak.

KABI@ Digitalaren plaza

Domo geodesiko baten barnean, habia itxura hartuta, burutuko dira Kabi@ko ekintzak: eragile ugariren topaketak (Wikilari Euskaldunen Bilkura Irekia, Bideo-jokoen euskal komunitatearen topaketa…), tailerrak (Code.org plataformari edota irrati teknologiei buruzkoak), euskal hedabideen etorkizunari buruzko mahai-ingurua; sortzaile digitalen proiektuen aurkezpenak…

SZENATOKIA Arte eszenikoen plaza

Euskal arte eszenikoen panoramari errepasoa egingo zaio San Agustin Kulturgunean, hainbat emanaldiren bitartez: zenbait antzezlanen ordu laurdeneko pasarteak eskainiko dituen Antzerki Maratoia, 2014ko Zubi deialdiaren irabazle Eskutitzak antzezlana edota Euskal Herriko zirku arteen lagina jasoko duen Zirku Anabasa ekitaldia, akrobazia, malabarismoa, kontortsionismoa eta beste zenbait diziplina batuko dituena. Argizaiola Sariaren banaketa ere bertan egingo da.

SAGUGANBARA Txiki eta handien plaza

Hamaika ipuin-kontalariren saioak, era guztietako tailerrak, irakurketa sustatzeko jarduerak… familia guztiarentzako ekintzek osatuko dute Saguganbarako egitaraua. Bestetik, Pirritx, Porrotx eta Marimototsek emanaldia eskainiko dute.

PLATERUENA Kontzertu handien plaza

Mokadua edota tragoxka hartzeko lekua izateaz gain, kontzerturik handienak jasoko ditu Azoka egunetan, jite eta estilo desberdinetakoak: Esne Beltza, Olatz Zugasti, Iheskide eta Korrontzi. Bidehuts gaua delakoan, Bidehuts zigiluko taldeek joko dute: Jupiter Jon, Anari, Sacco, Audience, Irazoki & lagunak, Nire eta Bidehutseko beste zenbait piztiak.

AZOKA TB

Azokak iraun bitartean, emisio jarraitua eskainiko du zuzenean, eta hainbat saio ekoitziko dira. Streaming bidez ikusi ahal izango da www.durangokoazoka.eus webgunean.

20. Euskal Denda, artisautzaren txokoa

Azokaren baitako gunea izan ez arren, hari erabat loturik dago dagoeneko 20 urte bete dituen Euskal Denda artisauen azoka. Arbaso Euskal Herriko Artisautza Tradizionala Sustatzeko Elkarteak antolatuta, abenduaren 4tik 8ra XX. Euskal Dendak Euskal Herri osoko 51 artisau bilduko ditu Udal Merkatu plazan: ehungileak, egurgileak, bitxigileak, zeramistak, larrugileak, forjariak…  20. urteurrena Ezina, ekinez egina lelopean ospatuko dute, antzinako lanbideek zailtasunak gaindituta urteetan izan duten garapena eta hartutako balioa nabarmentzeko. Antzinako lanbideak bertatik bertara erakusteko, zuzeneko erakustaldiak egingo dituzte. Horrez gain, ikusleen­tzako lehiaketak egingo dira, eta Artetsu sariak banatuko dituzte. Aurten, Jose Ramon Salmanton, Elena Txintxurreta eta Alicia Bengoetxea artisauek, Deia egunkariak, Zamudioko Udalak eta Euskal Herrian Euskaraz-ek jasoko dituzte. Informazio zehatzagoa www.euskaldenda.eus gunean.

Egitarau osoa www.durangokoazoka.eus gunean topa daiteke.

Labetik irten berriak

durango1

durango2