"Perfekzioak galtzen du beti, maitemina tartean denean"

larburuMaite Larburu, musikaria

Biolin jotzailea da Larburu (Hernani, 1979), antzinako musika klasikoan (XVII. eta XVIII. mendeetako musika barrokoan eta ganbera-musikan) espezializatua. Duela hamar bat urte ikasketak burutzera joan zenetik Amsterdamen bizi da, eta munduan barrena ibiltzen da biolin jotzaile freelance hainbat talde eta orkestrarekin joz. Bizilagun duen eta antzinako musika jotzen duen Josh Cheatham estatubatuarrarekin batera Neighbor bikotea osatu eta Ura patrikan diskoa (Gaztelupeko Hotsak, 2013) kaleratu berri dute.

 

 

Nomada xamarra, musikaria, abeslaria, arte plastikoak ere lantzen dituzu... Ipurtarin hutsa?
Agian horixe da hitza: ipurtarina. Ezin geldirik egon... Erotu nahi ez eta zerbaitetan jardun behar!
Musika klasikotik bizitzeko, derrigor atzerrira jo behar?
Ez dut uste... Donostian ikaskide izandako musikari asko Euskal Herrian bizi dira. Halere, antzinako musikan espezializatu eta freelance moduan bizitzea aukeratu dugunoi, uste dut baietz, Euskal Herritik at bizitzea tokatzen zaigula. Oraingoz, behintzat.
Antzinako musikan aditua zarela esatean, azalpen asko eman behar izaten dituzu?
Tira, azalpenak gustura ematen dira... Eta, gainera, uste dut azken urteotan emandako azalpen horien guztien ondorioa ari dela nabaritzen jada; jende askok badaki antzinako musika zer den.
Antzinako musika jotzen duzuenok “tipologia berezikoak” zaretela esan izan duzu.
Hori esan al nuen? Kar-kar... Niri buruz ariko nintzen, segur aski! Tira, metalezko soka super egonkorrak (edo giltzez josiriko haize-instrumentu modernoak) baztertu eta tripazko sokadun eta hain fidagarriak ez diren instrumentu zaharrak jotzera ausartzea... batez ere egun, teknikaren perfekzioa nagusi denean, ideia ero xamarra da. Baina antzinako instrumentuen soinu kalitateaz maitemintzen bazara... ez dago itzulbiderik. Perfekzioak galtzen du beti, maitemina tartean denean.
Antzinako musikatik urrundu zarete diskoan. Nahia, beharra…?
Biak, akaso. Intuizioaren atzetik abiatu eta iritsi garen lekura heldu gara.
Zer aurkituko dugu diskoan?
Bizilagunarekin batera sorturiko kantu mordoa, erantzunik gabeko galdera piloa eta musikarekiko maitasuna.
Diskoan abestu egiten duzu. Biolinaz aspertua?
Ez! Abestea ala biolina jotzea gauza bera adierazteko bitarteko ezberdinak erabiltzea baino ez da.
Harkaitz Canori galdera lapurtuz: Zertarako erabiltzen ditu hitzak musikarena beste laguntzarik gabe den-dena esaten dakienak?
Ura patrikan sartu eta haizea harrapatzeko nahi horretan, ahal ditudan bitarteko gehien erabili beharrean nagoelako. Ura patrikan sartzea zaila da benetan!
Asier Altunaren Zela Trovke film laburrean protagonista izan zara. Zineman errepikatzeko gogorik?
Bai, noski, Polanskik egina dit proposamena dagoeneko...

Di-da batean
Zerk alaitzen dizu eguna?
Momentuan egoteak.
Eta zerk tristatu? Momentuan ez egoteak.
Zerk eragiten dizu barrea? Kilimek.
Eta negarra? Gauza triste eta ederrek.
Zerk haserrarazten zaitu? Nire ezinak...
Zerk ateratzen zaitu zeure onetik? Desordenak.
Bizio bat: Kafea.
Zer izan nahi zenuen txikitan? Biolin jotzailea.
Eta orain, zer ez zenuke izan nahi? Ez naizena.
Musikari bat: Josh Cheatham.
Talde bat: Capriccio Stravagante.
Kantu bat: Jamming (Bob Marley).


Eñaut Mitxelena