50. Durangoko Azoka, GEROARI SO

durango

Abenduaren 4tik 8ra zabalduko ditu ateak Durangoko 50. Azokak. Mende erdia beteta, urteurrenari arreta berezia eskainiko dio urteon inoiz baino ekitaldi gehiago izango dituen Kulturaren plazak. Eñaut Mitxelena.

1965eko urriaren 30ean, larunbatez, arra­tsaldeko 16:00etan zabaldu zuten Durangoko I. Euskal Liburu eta Diskoen Azoka, hil gutxi batzuk lehentxeago sorturiko Gerediaga elkartearen ekimenez. Frankismoa bete-betean zela, Gerediagak helburu argia zuen: Euskal Herriko liburugintza eta diskogintzaren ekoizpena ezagutaraztea. Leopoldo Zugazari otu zitzaion azoka antolatzea, eta bera arduratu zen liburuen esparruaz. Diskogintzaz, berriz, Jose Luis Lizundia. Haiekin batera, Concepcion Astola presidente zuen Gerediaga elkarteko beste hainbat lagun aritu ziren.

Lehen edizio hartako zenbakiak aski xumeak izan ziren: 46.587 pezetako aurrekontua zuen eta orotara 25 editoreren lanak aurkeztu zituzten 18 erakustokitan. Gutxik irudikatuko zuten etorkizunean hartuko zuen neurria. Azokaren aurtengo datuek erakusten dute zer-nolako hazkuntza izan duen urteotan: 750.000 euroko aurrekontua; 150 partaide (horietatik 15 autoekoizleak); eta 249 stand produktuz mukuru. Guztira, 350 nobedade aurkeztuko dira: 228 liburu, 63 disko, 19 aldizkari, 5 bideo eta 18 argitalpen elektroniko, besteak beste.

Hasierako urratsak eman zituenetik berrogeita hamar urte bete direnez, edizio berezia izango du aurtengoa Durangoko Azokak. Urteurren borobilak protagonismo nabarmena izango du. Hala, helburu argia zehaztu du Gerediaga elkarteak: urteurrena ospakizun bilakatzea, herritar, eragile, kulturgile eta erakundeekin batera. Ospakizuna xede, atzera begirakoa egingo du Azokak, baina etorkizuneko erronkak begien bistatik galdu gabe, Azokak “datozen 50 urteotako historia idatzi nahi duelako”. Asmo horiek aurtengo egitarauan izango dute isla. Esaterako, Argizaiola saria Azokaren sortzaileek jasoko dute oraingoan. 

Aurtengo egitarau oparoan, leku handiagoa izanen du urteurrenak, beste ekitaldi askorekin batera. Izan ere, sekula baino gehiago izango dira; guztira, 250etik gora. Denak  bost egunez kulturaren plaza bihurtuko den Durangon, 700 metro eskasen barruan. Herri-ekimenean eta elkarlanean oinarritutako lanari esker, azken urteotan ohikoa den legez zortzi gunek osatuko dute Azokaren gorputza: Landako Guneak, Azokaren bihotzak; eta Areto Nagusia, Ahotsenea, Szenatokia, Irudienea, Saguganbara, Plateruena, Azoka TB eta Kabi@-k. Gainera, aurten egun bat gehiago izango da Azokaz gozatzeko. Bost egun izango ditu denera.

Aurreko edizioetan ez bezala, urte honetan ez da herrialde gonbidaturik izango. “Azokaren 50. urteurrena denez, gaude euskal kultura bera dela aurtengo gonbidatua” azaldu zuen Azokaren aurkezpenean Nerea Mujika Gerediaga elkartearen presidenteak. Nolanahi ere, atzerriko editoreak izango dira Azokan. Iaz Erresuma Batuko editoreen bisitarekin arrakastaz hasitako bideari jarraiki, Poloniako editoreak eta  literaturan eta musikan kazetari adituak ekarriko ditu aurten Etxepare Euskal Institutuak. Azokan topaketak egingo dituzte euskal idazleekin.

Mende erdiko historia

50. urteurrenaren harira, mende erdiko ibilia jaso duen liburua argitaratu du Gerediagak. Jesus Maria Arruabarrenak eta Joseba Sarrionandiak idatzi dute. Arruabarrenak urteotako gertaera eta lekukotasunak bildu ditu, eta Sarrionandiak, aldiz, euskal kulturgintzaren garaian garaiko kontakizun pertsonala egin du, tokiko testuingurua eta orokorra uztartuta. Izan ere, 50 urteok askorako eman dute, eta datuz, gertakizunez, testigantzez, mugarriz eta bitxikeriaz osaturiko koadro aberatsa osa daiteke. 

Urtez urte, egoitzaz egoitza, ekitaldiz ekitaldi, mugarriz mugarri, sorkuntzaz sorkuntza, bilkuraz bilkura, baita kasetetik CDra eginez ere, modu askotan hel dakioke urteotako ibilbideari. Esaterako, Azokaren datei erreparatuta: 1980ra arte, azaroaren 1eko jaiegunaren bueltan egin ohi zen. Urte hartan, Espainiako Gobernuak lan-egutegia aldatu zuela-eta jaiegun izateari utzi zionez, Sortzez Garbiaren jaiegunaren (abenduak 8) bueltan hasi ziren Azoka egiten. Halaxe iraun du egundaino, etenik gabe. Eten bakarra 1967an gertatu zen. Ordukoan, Andra Mari elizan konponketa lanak egiten ari zirelako baldintza egokirik ez zegoenez, ez zen Azokarik egin. 

Hain zuzen, Andra Mari elizaren arkupean egin zen Azoka 1974ra arte. Orduko gobernadore zibilak ez zuen gustuko, an­tza, lehen urteetan Azokak izandako oihartzuna; beraz, erlijio arrazoiak argudiatuta, bertan egitea debekatu zuen. Hala, Azoka Merkatu plazan egiten hasi ziren. Horixe izan da Azokaren urte gehienak jaso dituen lekua, 1996ra arte, zehazki. Ondoren etorriko zen Azoka aterpetzen zuen karpa erraldoia; eta, azkenik, 2003an, Landako erakustazokara egin zuen jauzi.

Azokaren historiaren parte dira, halaber, beste hainbat kontu, eta ez derrigorrean positiboak. Adibidez, 1986tik 1988ra Euskarazko Liburu eta Disko Azoka antolatu zuen Gerediagak, euskara hutsezko ekoizpenari soilik leku eginda: ahalegina azkar asko utzi zuten bertan behera, ez zuelako esperotako erantzunik izan.

Orain ohikotzat jotzen diren hainbat osagai ere pixkanaka-pixkanaka batu izan zaizkio Azokari. Ikasle Eguna, esaterako, 1982an egin zuten lehenengoz. Argizaiola saria, ostera, 1992an hasi ziren ematen; urtero Azokara herrialde gonbidatu bat ekartzea erabaki zen urte berean, preseski. Haur Literatur Txokoa, egun Saguganbara dena, 1990ean ipini zuen habian Durangoko Berbaro elkarteak. Egun ezinbestekoak diren guneak, azkenik, XXI. mendearekin batera iritsi dira: Plateruena, Ahotsenea, Irudienea, Szenatokia, Kabi@... Gune berrien sorrerarekin heldu zen, era berean, Azokaren izen aldaketa, Durangoko Liburu eta Disko Azoka baztertu eta Durangoko Azoka izena hartuta.

Salerosketa gunea izateaz gain, topalekua ere bada Azoka, eta ez nolanahikoa. Azokaren abaroan, kontaezinak dira Durangon egindako bilkura, batzar, topaketa eta beste. Garaian garaiko egoeraren ispilu, euskaldunon historian mugarri garran­tzitsuak ezarri izan dira Azokan. Kasurako, 1990eko abenduaren 6an, Azokaren 25. edizioaren lehen egunean, kaleratu zuten Euskaldunon Egunkaria euskara hutsezko kazeta. 

Bidelagunak ere asko izan ditu. Hortxe da Durangoko Azoka Alternatiboa, bana­tzaile eta elkarte antikomertzialei leku egiten diena; edota kasik Durangoren adar banaezina den Euskal Denda, 1996tik Arbaso Euskal Herriko Artisautza Tradizionala Sustatzeko Elkarteak antolatzen duena.

Bistan denez, berrogeita hamar urteko ibiliak luze jarduteko kontuak eman ditu. Alabaina, datu eta anekdoten gainetik, Azokaren ezinbesteko garrantzia nabarmendu behar da. Finean, antolatzaileek idatzita utzi izan duten moduan, “Durangoko Azoka euskal kulturaren eta gizartearen bilakaerarik gabe ulertu ezin den bezala, euskal kultura eta gizartea ere ezin da Durangoko Azokarik gabe ulertu”.