Orbelaren eta sekuoiaren artean jaio da Arabako Kulturaren Mahaia

araba

Kulturaren baso sendoa osatu nahi dute. Arabako kultura-eragileek salatu dute kulturak, zimenduak ahulduta dituenez gero, lurra jo duela eta benetan gertatzen dena "simulazio kulturala" besterik ez dela, inolako egonkortasunik eta sakontasunik gabe. Haatik, uste dute "hondakinen" artean "hazi solte batzuk" hazten hasi direla eta elkarrekin lan egitea dagokiela. Horrenbestez, Arabako Kulturaren Mahaia eratu dute, artisten ekimenez sorturiko orbel kulturalaren eta erakundeek bultzatzen dituzten sekuoiaren antzeko ekimen handinahien arteko hutsunea betetzeko. Estitxu Ugarte.

Herrialdeko kultur eragileek autokritika egin dute ezer baino lehen, kulturaren egoera kaskarra ikusita orain arte ez direlako gai izan batera aritzeko. Halaxe aitortu du Ander Elorza Mahaia plataformaren ordezkariak: "Egoera txarra ikusita, nor bere kabuz ibili izan da ahal zuena egiten, udalarekin eta Aldundiarekin hitz egiten, baina orokortasuna kontuan hartu gabe; hori, azkenean, txarra izan da sektorerako". 

Egoerari buelta emateko, ahots bakarreko plataforma osatu dute: Arabako Kulturaren Mahai Sektoriala. Uda aurretik bil­tzen hasi eta iragan irailean batzarra egin zuten. Dagoeneko 300 kultur eragile baino gehiago atxiki zaizkio ekimenari. Kulturgileak eta publikoa bildu nahi dituzte Araban kultura eraldatzeko. Elorzak azaldu duenez, plataforma irekita dago edozein herritarrek parte har dezan: "Interesgarria da igorlearen eta hartzailearen ikuspuntuak biltzea, jakiteko zer-nolako kultur mota jaso nahi duen, nola eta zein baldintzatan".

Iraileko batzarrean, oinarrizko dokumentua eta erakundetzea onartu zituzten, eta behin-behineko kontseilua aukeratu zuten. Une honetan, mahai sektorialak bil­tzen ari dira, diziplina artistiko bakoitzetik bana, baita gaien arabera ere. Behin betiko kon­tseilua urtea amaitu aurretik aukeratu nahi dute. Aurkezpenean azaldu zuten bezala, Mahaia "plataforma zabala, demokratikoa, independentea eta askotarikoa da. Utzikeria eta zentzugabekeria kulturalaren aurrean, suspertzailea izan nahi du". Diagnosia eta proposamenak lantzen ari dira sektoreka.

Distira kulturaren ordez

Historikoa da, Ander Elorzaren ustetan, kultura zokoratzeko joera, baina salatu du azken lau urteotan nabarmen areagotu dela. "Beti esaten da murrizketak osasunean eta hezkuntzan egon direla; halaxe da, baina kulturaren arloan izugarria izan da eta hori ez da aipatzen. Izan ere, beti izaten da sentipen hori: kultura ez da inportantea eta, krisia baldin badago, kulturaren esparrua murriztu beharra dago lehenik eta behin". 

Madrilgo gobernuak kulturari ezarritako gehiegizko BEZ edo egindako murrizketak alde batera utzita, Araban eta Gasteizen herri erakundeen politika kritikatu du Mahaiaren ordezkariak, bereziki kulturarekin zerikusi gutxi duten jaialdi distiratsuen aldeko apustua. "Jaialdien bitartez, ekonomiaren sustapenerako erabiltzen da kulturari bideratu beharko litzaiokeena, kultura balitz bezala salduta; barrura begiratuz gero, ordea, ekimen horietan ez dago serum abera­tsik, ez dute sendotasun artistikorik" nabarmendu du.

Politika horren adibide bat jartzearren, Gasteizko Telebista Jaialdia-FestVal aipatu du Mahaiko kideak. "Sarritan, zehazki kulturari baino interes ekonomikoei eta turistikoei erantzuten dieten egitasmoak ekartzen dituzte, inolako plan estrategiko sendorik ez dutela". Elorzaren esanetan, PPren gobernuarekin ez da inolako kultur plangintzarik izan, ezta plan estrategikorik ere, eta horiexek aldarrikatzen ditu, hain zuzen, Arabako Kulturaren Mahaiak. "Plataformak elkarlanean jardun nahi du erakundeekin, eta ahalmena eduki nahi du plangintzak zehazteko orduan. Gure partaidetzak eragile ugarirena biltzen du, beraz, prozesu horretan asko daukagu esateko" baieztatu du.

Herri erakundeek kulturari dagokionez erakutsitako "utzikeriaren" adibide nabarmenenak Montehermoso eta Krea dira. Elorzak azaldu bezala, batetik, bazegoen proiektu bat Montehermoson Kafe Antzokia abiarazteko. "Proiektuak indar handia zuen arren, bat-batean ahuldu egin zen; eskerrak, behintzat, Oihaneder sortu den". Bestetik, Krea eraikina artistentzat sortu zen Betoñu auzoko komentua eraberrituta, baina "eraikina konpontzen eta egokitzen hemezortzi milioi euro xahutu ondoren, bost urteko lanak bukatutakoan itxi egin zuten". Egitasmoa diru publikoarekin osatu bazen ere, egun Kutxaren esku dago, eta banketxeak First Global Campus enpresa pribatuari saldu nahi dio AEBetako Unibertsitate Campus bat eraikitzeko. Elorzaren arabera, Krearekin gertatutakoa oso sinbolikoa da, "diru publikoa hartu eta egun ezertarako balio ez duen eraikin batean inbertitu baitzuten".

Jaialdi eta egitasmo ikusgarriez aparte, herrialdean egiten diren proposamen kulturalak oso modu sakabanatuan eta plangintza estrategikorik gabe gauzatzen ari direla azpimarratu du Elorzak. "Artistak badu berezko irrika gauzak egiteko; artista baldin banaiz eta basamortuan uzten banaute, sortuko dut zer edo zer. Artistak bilatzen ditu sosak, baina horrek ez du esan nahi baldintza egokietan diharduenik. Egia da proposamenak egon badaudela, baina zein baldintzatan egiten ari dira?".

Egoera iraultzeko eta kulturaren plan estrategikoa martxan jartzeko, elkarrizketak hasi dituzte Gasteizko Udaleko eta Arabako Foru Aldundiko alderdi politikoekin. Gehienek onartu dute kultura "abandonatu" dutela eta gauzak ez dituztela ondo egin. Hala, datozen hilotan ikusiko da hasierako hitz politak gauzatu eta Arabako Kulturaren Mahaia mintzaide onartzen duten; izan ere, Elorzak aitortu duen bezala, zalantza dute "haiek ez ote duten nahiago guk aholkuak ematea, besterik ez; guk, ostera, erabakitzeko ahalmena eduki nahi dugu”.