Gorotzen berotasunean

gorotz

Jasangarritasunaren munduan, txoko berezia izango du Oskotz herriak (Imotz bailara, Nafarroa) 2016ko udaberritik aitzinera. Izan ere, energiaren aldetik guztiz burujabea den baserria eraikitzen ari dira, eta etxea berotzeko biogasa zaldien simaurrarekin eta bizilagunen gorotzarekin lortuko dute. Arkaitz Almortza.

Gizarte modernoak beste mundu bati ireki zizkion ateak. Harrezkero, garapenaren iparrorratzaren atzetik egin du bidea gizakiak, eta, horrenbestez, goitik behera aldatu dira pertsonon ohiturak. Alabaina, bizi-kalitate hobea lortzeko ametsak zauri sakona sortu du itzalpean. Egunak joan, egunak etorri, ebaki hori gaiztotzen ari da, eta, garaiz sendatu ezean, ondorioak larriak izango dira. Amalurraren zauriak dira, jendarte garaikideak naturaren bihotzean eragindakoak, hain zuzen ere. 

Egoera horren aurrean, gero eta gehiagok margotzen dute berdez etorkizunaren liburua. Horietako bat da Meghan Sapp (San Frantzisko, AEB), eta zera dio: “Gure bizitzeko modua ez da batere jasangarria; ondorioz, bestelako erak bilatu behar ditugu, naturarekin bat egingo dutenak, alegia”. Ideiak oso garbi ditu eta hitzetatik ekintzetara egin du salto estatubatuarrak. Izan ere, bere senar Iñigo Arana donostiarrarekin batera, energia berriztagarrien filosofiaren gainean eraikitzen ari da euren etxea, Nafarroako Oskotz herrian. Eraikina, besteak beste, bertan biziko diren lagunen gorotzarekin eta 4 zaldiren simaurrarekin berotuko dute: “Egunerokotasunean, hondakin asko sortzen ditugu, eta ez diegu behar bezalako etekina ateratzen. Horiek horrela, teknologia erabiliz, guretzako baliagarriak bilakatuko ditugu” azaldu du. 

Aspaldiko ametsa egia bihurtzen ari da bikotea. Meghan Sappek bost urte daramatza Euskal Herrian, Bruselatik etorri zen Arabara. Hiru hilerako etorri zen arren, zonaldearekin maitemindu eta bertan gera­tzea erabaki zuen. Bitarte horretan, Iñigo Arana donostiarra ezagutu eta handik gu­txira ezkondu ziren. Hala, bikote guztiek bezala, euren maitasunaren habiarekin amesten zuten, baina argi edukita etxe horrek naturarekin bat egingo zuela, hau da, saretik at egongo zela. Izan ere, estatubatuarrak urteak daramatza energia berriztagarrien arloan lanean. 2011n, Planet Energy enpresa sortu zuen, komunitate energetikoak sortzen laguntzen duena.

Beren ametsaren bila Euskal Herrian barrena ibili ostean, Oskotz herriaren gibelean aurkitu zuten azkenean habia eraikitzeko lekurik aproposena: “Komunitate jasangarriekin lanean gabiltzanez, maketa bat egin beharrean, gure etxe jasangarria eraiki nahi dugu, jendeak ezagut dezan nola funtzionatzen duen benetan barrurik” aipatu du. Proiektu osoa martxan jartzeko, 540.000 euroko inbertsioa egin behar izan dute: aurretik zegoen baserria bota (60 urte eman zituen abandonaturik), lurrak erosi eta une honetan berria eraikitzen ari dira. Horretarako, 400.000 euroko mailegua sinatu zuten Triodos Bank (banku etikoa eta jasangarria) delakoarekin.

Baserriaren geroaz dagoen eztabaida pil-pilean dagoela ari dira eraikitzen beren etxebizitza, 32.000 metro koadroko lurrazalean. Baserri modernoa izango da eurena, guztiz jasangarria, baina euskal baserriaren izaerari eutsita: beheko solairuan animaliak egongo dira, hots, zalditegia, eta goiko aldean, berriz, etxebizitza, euren enpresaren bulegoak eta bisitei harrera egiteko lekua. Izan ere, martxan dagoenean, beren etxeko ateak zabalik izango dituzte barrutik nola funtzionatzen duen ezagutu nahi duen ororentzat.

Mundu mailan eredu 

Oskotz herriaren izenari jasangarri abizena gehitu diote dagoeneko. Ez da gutxirako. Proiektua eredu izango da mundu mailan 2016ko udaberritik aurrera. Curly Creek Ranch (izen hori jarri diote) saretik at egongo da, eta beharrezko elektrizitatea eta gasa etxeak berak sortuko ditu. “Jendeari erakutsi nahi diogu gai garela gaur egun familia batek behar duen energia sortzeko” azpimarratu du Iñigo Aranak. Argindarrari dagokionez, eguzki plakak ipiniko dituzte teilatuan, eta haize errota bat etxearen gibelean; orotara, 10kW baino gehiago sortuko dituzte egunean. Ildo beretik, euriaren ura ontzi eta arropa garbigailuetarako eta dutxarako erabiliko dute. Edatekoa, berriz, herriko ur zerbitzutik jasoko dute.

Etxea berotzeko sistemak eman du atentziorik handiena, lagun askoren jakin-mina piztu baitu. Biogasa erabiliko dute bai etxea berotzeko (zoru erradiatzailea izango dute), bai ur beroa izateko, baita sukaldean janaria prestatzeko ere. Gasa, ordea, bizilagunen goro­tzetatik eta zaldien simaurretik lortuko dute. Bikoteak azaldu bezala, 6 lagun eta 4 zaldi biziko dira baserrian. Hondakinak etxearen kanpoaldean kokatuko duten tanga berezi batean metatuko dituzte: komunekoak zuzenean joanen dira eta animalienak, berriz, eskuz eramango dituzte. Metanizazio prozesuaren ostean, biogasa sortu eta etxera bideratuko dute. “Guztiz garbia izango da, kiratsik gabea”. Halaber, tangatik aterako dituzten hondakinak eta ur garbia baratzeak eta zaldien larreak hornitzeko erabiliko dituzte.  

Erabat burujabea izango da baserria. Horretarako, buru-belarri ari dira lanean 3T2D enpresarekin (arkitekturaz arduratzen da) eta Kursaal Green aholkularitza jasangarria eskaintzen duen enpresarekin batera. Azken horrek aholkatzen die zer-nolako materialak erabili behar dituzten etxeko energia ongi erabiltzeko. “+++Hasieran inbertsioa egin behar da, baina hemendik 5 urtera etekinak jasotzen hasiko gara, ez dugulako gasaren eta argindarraren fakturarik ordaindu beharko”. Ez da txan­txetako kontua. Datuen arabera, azken 5 urteotan % 45 garestitu da argindarraren prezioa. Oskozko baserriaren sustatzaileek diote era honetako proiektua beste etxebizitza ba­tzuetan ere jar daitekeela martxan. Hala izango balitz, batetik, hainbeste herritarrek sufri­tzen duten pobrezia energetikoari aurre egiten lagunduko litzateke, eta bestetik, Amalurraren zauriak arindu egingo lirateke. Bestelako aro baten hastapenetan ote dago gizartea? Denborak emango du azken erantzuna.