Arestiren obra baino, pertsona ezagutarazi nahi izan dut

adurAdur Larrea

Marrazkilaria

Gabriel Arestiren biografia komikira eramanda, Gabriel Aresti. BioGrafikoa (Erroa) argitaratu berri du Larreak (Bilbo, 1982). Testuinguruari eta pertsonaiari fidel izateko asmoz, elebitan osatu du komikia. “Daltonikoa izan arren Arte Ederretan lizentziatzea” lortu zuenetik, hainbat esparrutan egiten du lan marrazkiak oinarri: kartelak, komikiak, liburuak, ilustrazioak, diseinua, animazioa… AIZU! aldizkariko kolaboratzailea, hainbat agerkaritan argitaratu ditu lanak: Xabiroi, Berria, Bertsolari, Ortzadar gehigarria, H28... Bilboko Parrapean komiki jardunaldien antolatzailea ere bada.

Gabriel Aresti. BioGrafikoa. Zer topatuko du irakurleak?

Asko idatzi izan da Arestiri eta bere lanari buruz: ikerketak, tesiak, baita biografia bat ere… Komiki honekin, baina, obra baino, pertsona ezagutarazi nahi izan dut. Nola ez, ezinbestean lotua haren obrarekin, testuinguru politiko edota sozialarekin. Dena den, batez ere Arestiren bizitzaren alderdi gertukoena azalarazi nahi izan dut.

Eta zer aurkitu duzu zuk lana egiteko orduan?

Gabriel Aresti bera pixka bat ezagutzen dudan sentsazioa gelditu zait. Hemendik aurrera ez ditut berdin ikusiko hainbat leku, Barrenkale edo Esperantza kaleak, Zorrotzako portua…

Arestiren familiak lagundu dizu.

Erabateko laguntza izan dut. Ilusio handiz hartu zuten ideia eta zintzotasun osoz erantzun diete nik egindako galderei, ez didate inongo oztoporik jarri. Grafikoki ere, familiako argazkiak, dokumentuak edota Arestiren lanak utzi dizkidate haien beharra izan dudanean. Laguntza ezinbesteko hori izan ez banu, ezin izango nukeen komikia burutu, edo, bederen, ez nik nahiko nukeen moduan.

Zergatik deitu eleberri grafikoa, komikiak direnean?

Egia esan, ez diot kasu handiegirik egiten eztabaida horri. Akaso, alderik, baldin bada, norberak bere buruan duen sailkapenean egon daiteke. Gurean, komikiak kutsu infantila izan lezake batzuentzat eta komiki dei­tzen dute; formatu edo gai aldetik (ustez) serioagoak direnak, berriz, eleberri grafikoak deitzen dituzte. Komikigintzan ibilbide handia duten herri gehienetan, aldiz, ez dago halako eztabaidarik. Frantzian, Belgikan…nobela grafikoa ez du inork aipatzen.

Poesia mailua bada, zer da komikia?

Iltzea?

“Ostiak banatzeko” sorturiko H28-n parte hartzen duzu. Zer moduz doa “ostia” banaketa?

Entrenatzen ari gara oraindik, sutsuki, gainera. Borrokaldi inportantea Durangoko Azokan izango dugu, izan ere, ringera salto egingo dugu paperezko alea kaleratuz. 

Halako egitasmo baten beharra zegoen Euskal Herrian?

Beharra ez dakit, ni ez naiz hain kategorikoa, baina gogoa bai! Eta handia!

Parrapean, H28, Komikigunea, Zapart!... Egitasmo ugari sortu dira azkenaldian komiki eta ilustrazioaren jiran. Euskal komikigintza katakonbetatik ari da ateratzen?

Garai batean, hildakoak berriro berpiztuko ziren beldurrez, ahoz behera lurperatzen ei zituzten hildakoak, berpiztekotan, beherantz aztarrika zezaten eta ez goraka. Agian horrela ari gara, beheraka… baina, behinik behin, ari gara!

Di-da batean

Zerk alaitzen dizu eguna? Gauean egindako ametsak oroitzeak.

Eta tristatu? Triste dagoen norbaitek.

Zerk eragiten dizu barrea? Igogailuko elkarrizketek.

Eta negarra? Tipulak.

Zerk haserrarazten zaitu? Zementuaren hegemoniak.

Zerk ateratzen zaitu zeure onetik? Burokraziak.

Zer izan nahi zenuen txikitan? Abenturazalea… Eskafandrista edo!

Eta orain, zer ez zenuke izan nahi? Handia.

Bizio bat: bat bakarrik?!

Komiki bat: Asisko Urmenetaren I am Pellot, Biba Festa (1996)

Marrazkilari bat: Christophe Blain.

Animazioko lan bat: Raymond Briggs-en When the Wind Blows (1986).

Eñaut Mitxelena