Liburuaren beste aldean

Hiru euskal idazleren etxean sartzeko ahalegina egin dugu. Ez, baina, egiten duten literaturaz hitz egiteko, ezta Durangoko Azokan lan berriak dituztelako ere. Idazlearen baitan bizi den irakurlea ezagutu nahi genuen, azaletik bada ere. Topikoa baita, idazle izateko, aurretik irakurle izan behar dela eta izan ohi dela. Topikoa baita asko irakurtzen dutela, dena irensten dutela, haien bizioa dela, liburuak erosi eta bildu, etxeak liburutegi bilakatuak dituztela. Topiko horiek errealitatetik zein gertu edo urrun dauden ikusten ahalegindu gara Castillo Suarezekin, Iban Zalduarekin eta Bea Salaberrirekin. Jose Anjel Aldai.

suarez

“Nik uste liburu-dendara sartuta, gabe ez naizela sekula ateratzen”

Hizkuntzen eta letren munduan hazi eta bizi da Castillo Suarez (Altsasu), irakurle amorratua eta idazlea delako, baita euskara teknikaria ere, lanbidez. 1999an eman zuen argitara bere lehen poesia lana, Amodio galduak, eta aurtengoa du azkena, momentuz: haurrentzako Agur agur. Tartean, literatura-lan asko, ia dena poesia.

Horregatik dio batez ere poesia irakurtzen duela. Horregatik harritu gaitu, berarentzat irakurtzea zer den galdetuta, “orain, lana” erantzunak. Berria egunkarian argitaratzen duen Iparraldeko neska blogaz ari da, hartarako irakurri behar duenaz, irakurtzen duenaz. Maiteko du lan hori, oso delako irakurzalea, eta umetatik, gainera.

Idazle eta irakurzale handiek sarri aipatu ohi duten topikoarekin bat egiten du: “Gure etxean beti egon izan dira liburuak. Asko izan ditu beti gure aitak, igual gehiago arteari eta historiari buruzkoak, liburu teknikoak... literatura ere bai, baina klasikoak. Guri, haurrak ginenean, beti erosten zizkigun klasikoak”. Halere, ez ditu, ez zituen, hobe esanda, erabat gustuko: “Ezezkoan nago, seguru nago ez zirela nire hautua, nahiz eta gerora estimatzen ikasi nuen. Azkenean, haurra zarela, gurasoek aukeratzen dute beti zure ordez”. Beraz, geroago hasia da poesian zaletzen. Poesia idazle delako hura irakurri edo poesiazale delako hura idatzi? Ez digu garbi erantzun, baina argi du irakurketa “oso lotua” dagoela idaztearekin, idazten duenean beti ari dela irakurtzen, aldi berean; eta markatzekotan, “irakurketak gehiago markatzen duela idazten dudana alderantziz baino”.

Poesia aukeratzerakoan, batez ere argitaletxeak eragiten diola dio, “poesian horixe da bermea”. Nolanahi, euskaraz poesian argitaratzen den guztia irakurtzen du, gaztelaniaz dezente, galegoz ere bai, eta katalanez zerbait. Narrazioa gutxiago irakurtzen du, baita haur literatura ere, “ona bada”. Hala, kasik proportzio horretakoak dira mesanotxean dituen liburuak, lau omen ditu: bi poema liburu, eleberri bat eta haur literaturako beste bat.

Inorentzat gomendatzekotan, narrazio lan bat, Harkaitz Canoren Twist eta Jose Luis Otamendiren Erlojuaren mekanika (poesia) aipatu ditu. “Edo Otamendiren edozein, Lur bat zure minari, esaterako; gainera, agortua dago... Nik lagun bati utzi nion eta galdua dut”.

Izan ere, emateko arazorik ez du. Bere esanetan, liburu asko duenak eman ere ematen du, lagunei, liburutegietara... “Noizbehinka,  kendu egiten ditut. Argi baldin badaukat liburu bat ez dudala bi aldiz irakurriko, kendu egiten dut. Jar ditzaket apal gehiago, baina ez dut nahi”. 

Dendatik nekez aterako da erosi gabe: “Nik uste liburu-dendara sartuta, gabe ez naizela sekula ateratzen”, baina gehiago erosten ei du Internetez, Euskal Herriko dendetan “ez dagoelako poesia liburu gehiegi”, eta dagoenean “joera da klasikoak izateko, hau da, ezezagun gutxi”.

Erosten dituen horiek maite ditu, eskuetan erabil daitezkeenak. Ez du irakur­tzen gailu digitalean. Zergatik? “Bada, ez dakit, nik uste fetixista naizela eta gusta­tzen zaidala paperezko liburua. Liburutegira joaten naiz eta hartzen ditut liburuak, baina gehiago gustatzen zaizkit neureak, neuk erosiak”. Zainduko ditu, zainduko dituenez: ez du idazten inoiz liburuan, papertxoak ezartzen ditu orrietan edo oharrak hartzen ditu. “Garai batean, forratu egiten nituen liburu guztiak; orain, aldiz, ezinezkoa dut, baina urteak pasa ditut liburuak forratzen”.

Beti etxean edo gurasoen etxean irakurtzen duela dio, eta baduela txoko maitea, “argi eta aulki onekin”; “era berean, askotan egiten dut lotara joan baino lehen ohean irakurri. Baina oso gutxi agoantatzen dut esna, berehala lokartzen naiz-eta”.

 

salaberri

“Ipuin laburrak maite ditut, sentimendu mailan probokatzen nauena”

“2015eko urria” data dakar Bea Salaberriren Baionak ez daki narrazio laburren liburuak; “idazle berria” irakur daiteke nonahi hari buruz. Ez pentsa, haatik, berriegia denik: haren blogean badira sarrerak 2010etik; baditu 11.600 txio Twitterreko kontuan; kolaborazioak idazten ditu hedabideetan...

Telefonoz hitz egin dugu Donamartirin (Nafarroa Beherea) jaiotako idazle baionesarekin, eta parez pare zabaldu dizkigu etxeko ateak: kasik ikus dezakegu ohean etzanda irakurtzen. Halako irudia eraiki digu imajinazioak non irakurtzen duen galdera egin diogula: “Gehienetan, arratsetan eta logelan, ohean etzanda”. Handik aterata, Salaberriren sukaldera egin dugu jauzi: “Gainon­tzean, gehienetan sukaldean, idatzi ere hortxe egiten dudalako. Hara, norbait bihurria balitz, erranen luke, umorearekin, 'hor baita nire lekua', emazte gisa”. Erosoa zaio sukaldea, gainera, aukera ematen diolako altxatzeko, kafe bat hartzeko, zerbait jateko, tartean beste zerbait egiteko... arnas beharrezkoa: “Neuk erabakitzen ditut etenak ba­tzuetan; irakurriko dut kapitulu pare bat eta atsedenaldia eginen dut, gero berriz hartuko dut. Tarteka, gainera, irakurtzen dut eta beharbada itzuliko naiz zenbait orrialde atzera pasarte bat berriz irakurtzeko, berriro sar­tzeko, gauza batzuk hobeki irakurtzeko edo hobeki sentitzeko”.

Horrek ez digu pentsarazi behar, alabaina, nonahi eta nolanahi irakurtzea atsegin duenik; “lasaitasun puntu bat” behar duela dio, ezin duela irakurri, edo ez duela maite, haurrak inguruan badira edo inguruan jendea badabil. Horregatik, nekez irakurtzen du etxetik kanpo; literatura, behintzat, ez.

Berant” hasitakoa da. “Ez naiz txikitatik liburu artean hazitakoa”. Garaia berari etorri zitzaion, nonbait: “Hasi nintzen gaztetan inposatu zizkiguten idazleak, eta ez nituenak hainbeste preziatu, berriz hartzen eta irakur­tzen”. Horrekin batera, gozatzen hasi zen, ezagutu ahala, gauza berriez. Gaur arteko bidea: “Orain, egia da, aukeran badut, hautatzen dut irakurtzea”. Egun, “ihesa” da Salaberrirentzat irakurtzea, “beste errealitate batean murgiltzea, beste errealitate batzuk irakurri eta bizitzea, egunerokotasun horretatik-eta ateratzeko”.

Hala ere, asko irakurtzen duen galdetuta, ezezkoan dago, besteren aldean ez ote duen gutxiago irakurtzen. Etenik gabe, hori bai, “beti izaten ditut liburu pare bat edo hiru martxan”. Mesanotxean zenbat dituen galdetuta (buruz zenbatzen nabaritu dugu), “lau” erantzun digu. Beste hainbat etxean metatuta dauzka, zain, noiz hartuko; izan ere,  era “konpultsiboan” erosten duela aitortu digu, “baina erotu gabe”. Badaki aukera egiten, eta errazago erosten du formatu digitalerako, “batez ere ez naizenean segur maitatuko dudan ala ez. Hala ere, horiek tabletan irakurtzen ditut, ez telefonoan edo nonahi”.

Haurrentzakoak eta lanerakoak-eta aparte, batik bat eleberriak irakurtzen ditu, “gehiago, beharbada, jendearen alde psikologikoa jorratzen dutenak”, eta “biziki maite” dituen ipuin laburrak: “Hor konden­tsatuak direnak, emozioa dutelako; hori gustatzen zait, irakurtzen dudanean sentimendu mailan probokatzea”.

Ia guztia euskaraz eta frantsesez irakurtzen du. Baina badira aldeak. Esate baterako, bururaino irakurriko ditu euskarazkoak: “Nahiz eta ez gustatu. Ez dakit nola erran, ez dakit ez ote den militantzia puntu bat. Errespetuagatik ere bai. Gauza gutxi argitaratzen da jada euskaraz, beraz, egilearekiko begiruneagatik, batzuetan zenbait gauza zailak izan arren”. Frantsesez, aldiz, ez: “Askotan gertatu zait, hasi berritan ere bai, zerbait ikustea eta esatea: ‘Hara, ez du merezi honekin segitzea, zeren eta ez bainaiz sartuko’. Euskaraz ez zait hainbeste gertatzen, agian hobeto aukeratzen ditudalako. Ideia batzuekin ezin dut bat egin, ez dut gauza hori maite, eta ez dut zertan jasan liburu oso batean”.

Gomendatuko lituzkeen bi irakurgai eskatu dizkiogunean, euskarazkoak ditu hautatu: Atzerri, Mikel Antzarena, eta Erraiak, Danele Sarriugarterena.

zaldua

“Ez dut lortzen irakurri gabe bizitzea; idatzi gabe, ordea, bai”

Bere Twitter kontuan irakasle dela dio Iban Zalduak (Donostia) lehenengo, eta idazle ondoren; irakurle dena ez du aitortu, suposatzekoa izango da. Harekin hitz egin ondotik, porrokatua dela ere esango genuke. Ekonomiaren historia irakasten du EHUn, eta asko idazten du, euskaraz zein gaztelaniaz, batez ere narrazio laburra, baina saiakera, haur literatura, komikiak, blogetan... ere bai.

Haren etxearen irudi bat egiten saiatu gara, dena liburuz mukuru. “Etxean bai, nahiko liburutegi handia daukat. Saiatzen ari naiz gutxiago erosten eta gehiago joaten liburutegira, besteak beste, arazo fisiko batengatik. Ez dauzkat kontatuta, baina nire gelan ez dago paretarik, denak dira liburuak”. Mauka, Zalduarentzat: “Honezkero, bizioa, gaixotasuna. Ez dut lortzen irakurri gabe bizitzea; idatzi gabe bai, baina irakurri gabe ez” diosku, irakurtzea beretzat zer den galdetuta.

Beti omen darama libururen bat gainean, nonbait beharko balu ere, “konpainia handia egiten du”. Jakina, nonahi irakurtzen duten horietakoa da:  Ohean, “orain gu­txiago, andrea ez molestatzearren”, sukaldean gosaritan, komunean (batez ere aldizkariak). Estudioan badu toki apartekoa, adinagatik-edo, dioenez, gero eta gehiago erabiltzen duena, “baina gaztetan, edozein tokitan”.

Ume-umetatik, gainera: “Beti gogora­tzen dut nire burua liburua eskuetan, normalean komikiak; liburu itxurako lehenengoa umeentzako biblia bat izan zen, gurasoek oparitua”. Gaztetan, batez ere zientzia fikzioaren alorreko ipuin asko irakurria dela esan digu, eta gero beti jarraitu duela ipuinak irakurtzen, baina oso gustukoak dituela eleberriak eta gero eta gehiago irakurtzen duela saiakera. Gutxiena, poesia eta antzerkia.

Idatzi gehienbat narrazio laburra idatzi duenez, ipuinei ohikoa baino leku handiagoa ematen diela dio, “deformazio profesionalagatik, baina nobela onari ez diot muzin egiten”. Ez daki ipuinak gustatzen zaizkion idazten dituelako edo ipuinak idazten dituen gustatzen eta irakurtzen dituelako. Hautatzeko orduan, nahiko “desordenatua, anarkikoa” dela uste du, tartekatuz joaten dela, ausaz egiten duela, inork esan diolako, kritika bat irakurri duelako, nonbait ikusi eta atentzioa eman diolako, modagatik…

Ez dio inporta, lanean ari bada, liburua arkatzarekin markatuz irakurtzea; plazeragatik ari bada, ordea, ez, oharrak hartuko ditu edo orriak tolestu, gero begiratzeko. Izan ere, ia erabat paperean irakurtzen du: “E-bookerako erosi eta irakurri ditut, baina ez zait hainbeste gustatzen: nerbioso jar­tzen nau bukatzeko zenbat falta den ez jakiteak... Ez dut sinesten usainaren kontuan-eta, baina erosoa iruditzen zait papera; ni paperekoa naiz, ez diot abantaila gehiegirik ikusten besteari...”.

Aitortu digu gaztetan “ohore kontu gisa” hartzen zuela hasitako liburua bukatzea, “baina superstizio hori galdu egin dut, eta, liburua txarra iruditzen bazait, ez daukat inolako arazorik alde batera uzteko”.

Onak gomendatzeko eskatu diogu; denak ingelesezkoak dira, Zalduak gaztelaniaz irakurriak: “Niri asko gustatu zait orain dela gutxi irakurritako komiki bat: Lo indispensable de unas lesbianas de cuidado (Alison  Bechdel), ia nobela bezala irakur daitekeena; asko disfrutatu dut horrekin. Baita gauza konbentzionalago batzuk ere: Tierra desacostumbrada (Jhumpa Lahiri), ipuinak dira, izugarri ona, eta Stoner eleberria (John Williams)”.

Orain ez dakigu zeinekin ari den, mesanotxean sei dauzkala bai.