Euskararen Nazioarteko Egunean denok plazara

egunaAbenduaren 3an Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuko da eta Euskal Herriko bazterrak ekitaldiz beteko dira. Euskaltegiak, ikaste­txeak, kaleak, plazak... Hain juxtu, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioek Euskaldun berria kalea izena jartzeko proposamena luzatu diete udalei, aurten bereziki euskaldun berriei eman nahi zaielako protagonismoa. Merezitako esker ona eta gorazarrea, euskahaldundu eta euskaraz bizitzeko hautua egin duten milaka herritarrek jaso beharrekoa, beste euskal hiztunen antzera. Haiek guztiak dira euskara berritzen duten euskaldunak, herri oso baten hauspoari arnas gehiago ematen diotenak. Horrexegatik eskaini nahi izan zaie kalea, kalea behar duelako euskarak, euskarak kalean behar duelako. Haatik, ez da ahaztu behar badela garaia hitzetik ekintzetara pasatzeko, baita Euskal Herriko plazak euskaldunez betetzen jarraitzeko ere, eta helduen euskalduntzeari dagozkion baliabideak esleitu behar dituztela administrazioek. Euskarak 365 egun dituela esan ohi da abenduaren 3an, Pernandoren egia dena, baina horrexegatik ahaztu behar ez dena. Ospatu bai, laudatu ere bai, baina eguneroko lanari babes sendoa emanda. Halaxe beteko baitu euskarak plazaren erdigunea.