Alternatiba gisa

julenJulen Gabiria

Harrigarria egiten zait zelan oraindik ez garen kapaz kultur eredu bat baino gehiago uztartzeko gure herri eta hirietan. Tira, bagara kapaz. Bagara, harik eta agintariek hondeamakinak bidaltzen dituzten arte, lurra lurrarekin berdintzera.

Berez, ez dago talkarik. Berez, dauden kultur ereduei modu naturalean garatzen utziĀ­ta, horixe baino ez dira: zenbait kultur eredu; elkarren ondoan, baina elkarri kalterik egin gabe. Ez nuke esango hori denik eztabaida, nahiz eta, adibidez 1992an, Bilboko Zazpi Kaleetako gaztetxea zarratzean, Josu Ortuondo alkateak argudio hori erabili zuen, esanez La Bolsa eraikina irekiko zutela alternatiba gisa. Orain badakigu zer den La Bolsa eraikina: komun garbiak dituen toki bat, urgentzia-kasuetan erabiltzeko modukoa, ez askoz ere gehiago.

Bestetik, gazteen aisialdiaren autogestioaren gaia gehiago da agintarien beldur aipaezina benetako eztabaidagaia baino. Eztabaida, egotekotan, jabetza pribatuaren okupazioan dago, baina badaude instituzioek aztertu eta landu beharreko ereduak ere; Gernikako Astrarena, kasurako. Edonola ere, harrigarriro, jabe pribatuak soilik akordatzen dira beren jabetzez norbaitek toki horiei bizitasuna eman dienean, norbait arduratu denean abandonatutako eraikinak pintatzeaz, sastrakak kentzeaz, arratoiak hiltzeaz, ekintzak antolatzeaz, jantokia atontzeaz, liburutegia osatzeaz, tailerrak sortzeaz, elkarteen egoitza izateaz eta, finean, auzoari falta zaiona eskaintzeaz. Eredu horrek ondo funĀ­tzionatzen badu, auzoak ez du beste alternatibarik behar, eta instituzioek jabeekin negoziatzea ere ez dut uste kimera hutsa denik.

Santutxun, Sorgintxulo gaztetxearen ordez, zaharren egoitza ireki zuten (alternatiba gisa, akaso). Kukutza zegoen lekuan, orube mortu bat dago orain (Euskal Herriko instituzioek kulturari egin diezaioketen monumenturik fidelena). Berriki, beste hainbat kasuren ostean, Kortxoenearen txanda izan da. Antza, aparkalekuak egin nahi dituzte; lurpekoak, noski. Eskainitako alternatibak ere underground izan daitezen.