Bertsolaritza

bertsotrukDesafioz desafio ibiliko dira bertso eskolak Bertsotruk egitasmoari esker

Helduen bertso eskolen arteko harremanak sustatzeko asmoz, Bertsotruk egitasmoa ipini du abian Euskal Herriko Helduen Bertso Eskolen Batzordeak. Ekimenaren bitartez, bertso eskolen arteko desafioak egingo dira. Hogeita sei bertso eskolek eman dutenez izena, horien artekoak izango dira norgehiagokak. Horretarako, bederatzi multzo osatu dituzte bertso eskola parte hartzaileekin. Bertso eskola bakoitzak bere mul­tzoko beste biak hartuko ditu etxean, eta beste bi herrietakoek antolatutako ekitaldietara joango da. Hori bai, erronkak edozein motatakoak izango dira: bertso afariak, bertso antzerkia, bertso jolasa... Azaroan hasi zen ekimena, eta 2016ko maiatzera arte iraungo du. Saioei buruzko informazioa bi lekutan jaso daiteke: Xenpelar Dokumentazio Zentroaren Bertsolaritzaren Datu Basean (http://bdb.bertsozale.eus/) eta Bertsoa Sareko Plaza gunean (http://www.bertsoa.eus).