Tradizioa

txondorraTxondorra piztu dute Arditurrin ikazkinen ogibide zaharra ezagutzeko 

Abenduaren 19ra arte, ikazkinen lana ezagutzeko parada izango da Arditurrin (Oiar­tzun) azaroaren 21etik pizturik den txondor bati esker. Oiartzungo Udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Gipuzkoako Parketxe Sarearen ekimenez, laugarren urtez egin dute txondorra Arditurrin, egur-ikatza sortzeko an­tzina baliatzen zen teknika erakusteko asmoz. Hala, nork bere kabuz edota bisita gidatuetan bisitatu ahal izango da. Gainera, txondorrari buruzko bideo-emanaldiak eta argazki erakusketa ere ikusgai izango dira Arditurriko parketxean. Abenduaren 19an aterako dute ikatza, egitarau zabalaren baitan. Ondoren, abenduaren 24an, Olentzeroren ongietorrian baliatuko dute ikatz hori, Oiartzungo plazan. Duela hamarkada gutxira arte, ikazkintza jarduera garrantzitsua izan zen eskualdean, baita Euskal Herriko beste leku askotan ere. Berotzeko ahalmen handia izanik, egur-ikatza oso erabilia izan zen bai burdinaren langintzan, bai etxeetan. Egun, galdua da lanbidea, baina Aiako Harriko basoetan ugariak dira haren aztarnak, zuhaizti lepatu asko ikus baitaitezke. Txondorra ikusteko bisita gidatuetan parte hartu nahi izanez gero, aldez aurretik egin behar da erreserba Arditurriko Parketxera (943495069) edo Turismo Bulegora (943494521) deituta.