Psikologia

despertadoresEsnatzean musika entzunez gero, ongi aukeratu abestiak!

Musikak gizakion aldartean eragina duela gauza jakina da, abesti motaren arabera aldatu egiten baita. Cambridgeko Unibertsitateko (Erresuma Batua) David M. Greenberg psikologoak harreman hori aztertu du, arreta jarrita eguneko une zehatz batean: goizean, esnatzen garen garaian. Greenbergen aburuz, abesti batzuk besteak baino egokiagoak dira, “motibaturik eta energiaz beterik” jaikitzeko aukera ematen digutelako. Abesti horiek, oro har, energia positiboa izaten dute, eta erritmoa pixkanaka areagotu ohi dute. Horrek, haren ustez, gizakion motibazioan eragiten du. Ikerketan, esnatzeko abestirik egokienak zerrendatu nahi izan ditu; horretarako, Spotify musika plataformaren erabiltzaileen laguntza izan du. Hala, esnatzeko abestirik onena Coldplay taldearen Viva la vida ei da. Zerrendako hurrengoak, hurrenkera honetan, honakoak dira: St. Luciaren Elevate; Macklemore & Ryan Lewisen Downtown; Bill Withersen Lovely Day; Aviciiren Wake Me Up; Pentatonixen Can't Sleep Love; Demi Lovatoren Confident; Arcade Fireren Wake Up; Hailee Steinfelden Love Myself eta Sam Smithen Money On My Mind. Bistakoa denez, herrialde anglosaxoietako erabiltzaileen zaletasunak dira nagusi zerrendan. Horiek horrela, zein euskal kantu izango lirateke onenak umore onez altxatzeko? Aukerak, behintzat, badira: Furra, furra; Goizian argi hastian...