Arkeologia

koba20.000 urtetik gorako irudiak aurkitu dituzte Aizpitarteko kobazuloetan

Aztarnategi ezagun eta askotan aztertua izan arren, Errenteriako Aizpitarteko leizeek altxor ugari gordetzen dituzte oraindik ere. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Errenteriako Udalak jakinarazi dutenez, arkeologoek Paleolito garaiko hainbat irudi aurkitu dituzte aztarnategiko leizeetan, Felix Ugarte elkarteko espeleologoekin elkarlanean. Zaharrenak duela 28.000-20.000 urtekoak dira, eta hainbat animalia irudikatzen dituzte, bisonteak eta zaldiak, kasu. Grabatu horiek Gravette arokoak dira eta, nabarmendu dutenez, Kantaurialdean aurkituriko mota horretako bakarrak. Horiez gain, Madeleine aroko irudi gehiago topatu dituzte, hau da, orain dela 14.500-12.500 urtekoak. Zehazki, hiru bisonteren irudiak eta beste bospasei animaliaren arrastoak. Horien artean, haitz baten forma baliatuta zaldi baten burua irudikatzen duena dago. Irudiak ikustea zaila izan da, aurkikuntzaren egileek azaldu dutenez. Izan ere, asko marken bidez eginiko grabatuak dira eta ez dute kolorerik. Gainera, haietako zenbait nahiko egoera kaskarrean daude, batzuk kaltzitako kapekin erdi estaliak daudelako eta beste batzuk grafitiak dituztelako gainean. Nolanahi ere oso aurkikuntza garrantzitsuak direla azpimarratu dute.