Zinema

blade'Blade Runner' filmaren bigarren zatia gorputza hartzen ari da

Zineman, bigarren zatiak ez omen dira inoiz onak izaten. Hain esaera usatua ondo gogoan izango dute Blade Runner (Ridley Scott, 1982) filmaren jarraitzaileek, zientzia fikziozko lan gogoangarri eta laudatuaren bigarren zatia egingo dutela jakin zenetik. Filma ikusitakoan erabaki beharko da hori, baina bitartean bigarren zatiari buruz tantaka iristen diren informazioekin konformatu beharko da. Orain artean, ezaguna zen Ridley Scottek ez duela filma zuzenduko eta ekoizle lanetan ibiliko dela. Zuzendaria Denis Villeneuve kanadarra izango da, eta jatorrizko laneko protagonista nagusiak ere, Harrison Fordek, parte hartuko du. Berriki, xehetasun gehiago ezagutu dira, esaterako, Ryan Gosling aktoreak rol garrantzitsua jokatuko duela. Horrez gain, Villeneuvek filmaren hasieraren nondik norakoak ere zehaztu ditu: Wyomingeko (AEB) landa eremu batean agertuko da Rick Deckard (Harrison Fordek jokatu zuen pertsonaia) bere auto hegalarian. Hain zuzen ere, horrela hasi nahi izan zuen Scottek Blade Runner, baina baztertu egin zuten aukera hori. Orain, estreinaldira arte itxaron beharko da. Alabaina, itxaronaldia luzea egingo zaie zaleei, grabazioa datorren urteko udan hasiko delako eta 2017an estreinatu nahi dutelako.