EH Sona jaialdia, adinez nagusia

belarrion

Bartzelonako Euskal Herria Sona jaialdiaren 18. edizioa martxan da. Oskorrirekin abiatu zen urriaren 30ean (taldearen azken kontzertuen bira amaitzear da) eta Anarik itxiko du hil honen 28an, Zure aurrekari penalak (BideHuts) diskoa aurkeztuta. Bitartean, ordea, hainbat eta hainbat euskal musikari eta talde igaroko dira jaialditik: Libe abeslari gasteiztarra, azaroaren 6an; Joseba B. Lenoir Gang boskotea, azaroaren 13an; 14an, Governors eta Larregi (EH Sona lehiaketa irabazi du aurten talde bizkaitarrak, Banden Lehia eta EH Sona lehiaketek bateraturiko lehen urtean); azaroaren 20an, Javier Muguruza, Tonetti anaiak izeneko disko berria aurkezteko; 22an, Korrontzi taldearen Korrontzi dantzan egitasmoa, Bartzelonako Euskal Etxeko dantza taldearekin batera; eta 27an, Patrol Destroyers banda elektroniko bilbotarra. Hamazortzigarren urtemuga ospatzeko kontzertua, berriz, azaroaren 7an eskainiko dute Salamandra aretoan Glaukoma, At Versaris eta Vendetta taldeek.


governorsGOVERNORS taldearen aurtengo bira bukatzear dago, eta Euskal Herrian aukera bakarra geratzen da zuzenean ikusi eta entzuteko. Morphinapolis birako azken kontzertua Durangoko Plateruenan izango da, hilaren 21ean, Katalunian (Cerdanyola del Vallesen eta Bartzelonan) eskainiko duten kontzertu parearen ostean. Datorren urtean, Governorsek ez du zuzenekorik eskainiko, “atsedenaldia hartu, disko berrian lan egin eta inoiz baino indar gehiagorekin bueltatzeko asmoa” dutelako taldekideek, urte honetan emandako 30 kontzertu baino gehiagoren ondoren. Su garaian diskoarekin aro bat itxiko du taldeak, lan hori bederatzi urteko ibilbidearen laburpena baita. 2017an itzuliko dira, beste disko batekin, lasaitasunez hausnartu ostean aurreranzko beste urrats bat emateko prest.


bibalaGURE EROYAK
Bi Bala
Bonberenea Ekintzak, 2015

Aurreneko diskotik (Wasabi) urtebete ere igaro ez denean, bigarrena dakar taldeak. “Bertso-rock” estilo deigarriaren erreferentea da 2013ko bertso saio batean jaiotako proiektua, eta bide beretik jarraitzen du. Aitzol Barandiaran eta Iñaki Gurrutxaga ber­tsolariak arduratzen dira abesteaz, eta azkenak gitarra jotzeko ardura ere badu. Horiez gain, Xabier Etxeberria Pitxu (baxua) eta Julen Goikoetxea (bateria) musikariek osatzen dute taldea. Proiektu honen muina, ordea, hitzak dira. Oso gutxi dira taldeak jaurtitzen dituen baletatik ihes egin dezaketenak.

fergusonsFERGUSONS
Fergusons
2015

Iñigo Hurtado (ahotsa) atun arrantzale eta antzezlari fina eta Kristof Skunk (baxua) rockero gaztearen (13ème Section, Skunk, Laurel Aitken, Opium Du Peuple...) topaketaren ondotik sortu da Fergusons taldea, bere haurrak errukirik gabe erailtzen dituen mundu ero baten aurka bihotzetik jalgitako oihua. Lehen diskoa Euskal Herrian grabatu du, betiko adiskideekin: Iñaki Plaza baterian (Skunk, ODP, Smoke Deluxe) eta Mika Garcia gitarran (ODP, Smoke Deluxe). Rock'n'rolla eta punk rocka jo­tzen dute, eta frantsesez, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez kantatzen dituzte beren abesti intimistak.