Lurrin gozoa

loreak

Irudian ikusten denez, irribarrea ahotan aurkeztu zuten Loreak filma iazko Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean. Urtebete pasatxo igaro denean, irribarrez jarraitzeko sobera motibo ematen ari da Jose Mari Goenaga eta Jon Garañoren lana: nazioarteko jaialdietan sekulako ibilbidea egiteaz gain, 2016ko Oscar sarietarako bidean da, Espainiako Zinema Akademiak hala erabakita. Ingelesez besteko filmen atalean lehiatuko da, baldin eta hautaketa-prozesuan bukaeraraino iristen bada. Izan ere, bidea luzea da oraindik, Hollywoodeko Akademiaren galbahea birritan igaro beharko duen neurrian: abenduan, 90 herrialdetako hautagaien artean bederatzi film aukeratuko ditu Akademiak lehenik, eta urtarrilaren 14an jakinaraziko dituzte bost finalisten izenak. Bidearen zailtasunak, dena den, ez du irribarrea itzaliko. Pozgarria baita euskarazko ekoizpen batek halako arreta piztea, are gehiago jakinda atzerrian ez ezik askotan etxean bertan ere guztiz ikusezina izaten dela euskarazko produkzioa, baita kalitatezkoa denean ere, Loreak kasu. Irribarrez, bada, otsailaren 28an Los Angelesko Dolby antzokian egingo den gala gogoan, bitxilorearen hostoekin antzera jardungo dugu beste “lore” honekin: Oscarretara bai, Oscarretara ez...