Historiaren pisu osoa

julenJulen Gabiria

Udan, zinez liburu ederra irakurri nuen, latza bezain distiratsua: Tim Lewisen Land of second chances, txirrindularitzak Ruandari eta Afrika osoari ekarritako esperantzaren inguruko saiakera hunkigarria. Hilabete geroago, telebistaren aurrean nago, lasterketako sailkapen osoa irakurtzen, kuriositate hutsez jakin nahian nor izan ote den erlojupekoan azkena. Eta aiko hemen: 44. postuan, Jeanne d'Arc Girubuntu, ruandarra.
Soilik horregatik, Munduko Txapelketako erlojupekoan azkena izan delako, eta, bereziki, izen hori duelako, nire miresmena merezi du.
Jaio zenean, 1995eko maiatzean, Ruandako genozidioaren txingarrak ketan zeuden oraindik. Infernu haren erdian ama haurdun geratu eta gurasoek alaba jaio berriari izen hori zergatik jarri ote zioten jakitearren majo ordainduko nuke. Zergatik jarri historia egitera deituta dagoen izen heroiko hori, zure inguru osoa izutik ezin esnatuta dagoenean oraindik. Zergatik jarri izen hori, ez bada premia eta urgentzia osoz behar duzulako norbait, eta norbait hori zure alaba izan daiteke, luberriaren iraultza ekarriko diona zure herrialde erreari. Txirrindulari horrek beste edozein izen izan zezakeen, baina Jeanne d´Arc deitzen da, eta, profezia ala ez, nolabaiteko iraultza ekarri du, bera izan baita Munduko Txirrindularitza Txapelketa batean parte hartu duen lehen emakume bel­tza. Lehena historia osoan. Hori ez zen gertatu 1982an, edo 1993an, edo 2004an, historiaurreko urte batzuk aipatzearren. Ez: 2015ean gertatu da, irailaren 22an, zehatzago esanda, non eta Estatu Batuetan, non eta Virginia estatuko hiriburuan, Richmonden; non eta, laburbilduz, Afrikako esklabo gehien jaso zituen estatuetako batean. Aurreneko esklaboak hara heldu eta 400 urte geroago, lehen aldiz hartu zuen parte Munduko Txapelketan emakume beltz batek.
Erlojupekoan, noski: denbora gehiago galdu nahi ez duenaren gogoarekin.
Eta azkena geratu zen, irabazlearengandik 7 minutura. Historiaren pisu osoa bizkarrean eramatearen kontuak, badakizue.