Kutsadura

loreaLoreek gero eta usain gutxiago botatzen dute

Ozonoak eragindako kutsaduraren eraginez, loreen usaina gero eta ahulagoa da, New Phytologist aldizkarian kaleraturiko lan baten arabera. Ondorioz, intsektu polinizatzaileak erakartzeko arazo gehiago dituzte landareek, eta horrek kalte ugari eragiten dizkie, bai landareei, baita beste bizidunei ere. Landareei dagokienez, ugaltze prozesuan arrakasta txikiagoa dute. Izaki polinizatzaileek, aldiz, elikagaiak lortzeko zailtasun handiagoak dituzte. Batzuen zein besteen arazoek, gainera, nekazaritzako ekoizpenean ere zuzeneko eragina dute, labore asko intsektuek polinizatzen dituztelako. Hain juxtu, aski hedatua den polinizitzaile bat, erlastarra, baliatu dute ikerketaren egileek. Era berean, ozonoak ziape beltzean duen eragina ere neurtu dute. Emaitzek eraku­tsi dutenez, landareek botatzen dituzten konposatu lurrunkorren degradazioa areagotzen du ozono troposferikoak, giza jardueraren eraginez sorturiko elementu kutsatzaileak. Gainera, bizitza ere laburtzen ei die. Ozono bidezko ku­tsadura hirigune handietan eta haien inguruetan gertatzen da, batez ere. Ikertzaileen aburuz, arazoari irtenbidea emateko, kutsadura murriztu behar da. Hortaz, hiriguneetan nola jokatu ere zehaztu dute: autoen zirkulazioa txikiagotuta, besteak beste.