Animaliak

katuak2 milioi katu hilko dituzte Australian

Bertako espezieak babeste aldera, 2020ra bitartean bi milioi basa-katu hilko ditu Australiako Gobernuak. Orotara, gobernuaren hitzetan, etxekotu gabeko 20 milioi katu daude Australian. Duela 200 bat urte iritsi ziren Australiara, lehenengo kolono zuriekin batera. Harrezkero, neurrigabe hazi dira, baita Australiako espezie askoren harrapari bilakatu ere. Gobernuak emandako datuen arabera, gutxienez 29 ugaztun espezieren desagerpena eragin dute katuek. Gainera, beste 124 espezie haien mehatxupean daude. Gobernuaren datuei kasu eginez gero, ez da nolahaniko mehatxua: katu bakoitzak bost animalia hiltzen ditu egunero. Jakina, neurriak protesta ugari eragin ditu, baina Australiako agintariek ez dute atzera egin. Katuak hiltzeko “metodo humanitarioak” erabiliko dituztela ziurtatu dute. Alabaina, metodo horiek ere eztabaidagai bilakatu dira: tranpak, pozoia edota suzko armak baliatuko dituzte katuak garbitzeko. Era berean, ingurune zaurgarrienetan hormak altxako dituzte, katuen bisitak saihesteko asmoz. Protestak alde batera utzita, neurriak eragin positiborik izango ote duen 2020an jakingo da.