LABURREAN

ELHUYARREK eta Donostia International Physics Center-ek (DIPC) On Zientzia bideo-lehiaketa antolatu dute laugarren urtez. Zientzia eta teknologia hedatzea du helburu lehiaketak, eta, horretarako, bost minutu baino gutxiagoko bideo laburrak aurkeztu behar dira. Zientzia eta teknologiari buruzkoak izan behar dute bideoek, eta dibulgatzaileak beti ere. Bideoak www.onzientzia.tv web-orrian aurkeztu behar dira 2014ko apirilera bitartean. Orri horretan aurki daitezke, hain zuzen ere, lehiaketaren gaineko xehetasun guztiak.



mendifestABENDUAREN 13tik 22ra bitartean, Bilbo mendizale eta zinemazaleen bilgune izango da Bilbao Mendi Film Festival 6. Nazioarteko Mendiko Zinema Jaialdiari esker. Hamar egunez, 27 herrialdetako 40 lan luze eta labur eskainiko dituzte hiriko hainbat aretotan. Haatik, film emanaldiez harago, eskaintza zabalagoa izango du jaialdiak. Hala, heldu eta haurrentzako tailerrak, erakustaldiak, maisu eskolak eta hitzaldiak ere izango dira. Baita erakusketak ere. Esaterako, Jimmy Chin mendizale eta argazkilariaren lanez osatuta Bilboko Metroaren geltokietan ikus daitekeena. Egitarau osoa www.mendifilmfestival.com gunean dago ikusgai.


EUSKARAZKO zinemaren aniztasuna erakusteko asmoz, Zinegin Festibala egingo da Hazparnen bigarren urtez. Eihartzea Kultur Etxeak eta Ttattola gaztetxeak antolatua, abenduaren 19tik 22ra bitartean izango da. Ikus-entzunezkoen emanaldiak izango dira nagusi Zineginen, baina bestelako ekitaldiek ere izango dute lekua. Hala, arte gaualdia, profesionalen arteko bilkura eta antolatzaileek zehaztu nahi izan ez dituzten “beste sorpresa batzuk” izanen dira. Film eta dokumental eskaintzari dagokionez, askotarikoa izango da. Oraino Iparraldean eskaini ez duten Urte berri on, amona! (Telmo Esnal, 2011); Emak Bakia (Oskar Alegria, 2012); Amaren eskuak (Mireia Gabilondo, 2013); Agur esatea (Matt Richards, 2012); edota Irailaren batean (Blanca Celestino, 2013) ikusi ahal izango dira, besteak beste. Jaialdiak iraun bitartean, halaber, Kanaldudek antolaturiko Kliklap film laburren lehiaketako lanak eskainiko dituzte. Egitarau zehatza http://www.zinegin-festibala.eu/ webgunean kontsulta daiteke.