Gastronomia

pintxoa'Markalao', Euskal Herriko pintxorik onena

Iruñeko La Cocina de Alex Mugika jatetxeko Alex Mugika sukaldariak irabazi du Euskal Herriko X. Pintxo Txapelketa, Markalao izeneko pintxoari esker. Plater tradizional bat, bakailaoa patatekin, izan du oinarri pintxo irabazlea sortzeko. Txapela nahikoa ez eta beste bi sari ere eskuratu zituen Mugikak Hondarribian eginiko txapelketan. Hamar sukaldarik jokaturiko finalean, Gernika-Lumoko Zallo Barri jatetxeko Eneko Ordorika izan zen txapeldunorde, Snack, txerriak eta diskordanteak izeneko mokaduarekin. Hirugarren postua, aldiz, iazko garaileek, Uharteko Abaco jatetxeko Jesus Iñigo eta Nerea Sistiagak, eskuratu zuten, Street Food pintxoarekin. Beste hainbat sari txikiago ere banatu zituzten txapelketan. Adibidez, Donostiako Portaletas tabernari eman zioten  2015eko Pintxo Taberna Onenaren Saria; eta Bilboko Kiosko tabernako Darran Williamsonen Pulled Pork pintxoak aipamen berezia jaso zuen. Hala epaimahaikideek nola parte-hartzaileek aurten txapelketara aurkezturiko lanen maila bikaina nabarmendu zuten. Hortaz, Euskal Herria pintxoz pintxo ezagutzeko, arretaz begiratu beharko zaio parte hartzaileen zerrendari...