Londres

bigbenBig Ben isilik geratuko ote da?

Erresuma Batuko erlojurik ezagunena, Westminster jauregiko Elizabeth Tower izeneko dorrean dagoen Big Ben ospetsua (berez, dorreko kanpai batek du izen hori, baina erlojua izendatzeko baliatu ohi da), geldirik gera daiteke luzaroan. Erlojuaren mekanismoa huts egiten hasi da, eta premiazko konponketa behar du. Alabaina, konpontze lanak ez dira ahuntzaren gauerdiko eztula: 40 milioi librako kostua izango dute, eta zehazki zenbat iraungo duten esan ez badute ere, adituek aurreikusi dutenez, hiru urtez egon beharko du geldirik. Erlojuaren orratzak huts egiten hasiak dira, eta penduluan desoreka anĀ­tzeman dute. Horiek guztiak konpontzeko, gainera, hainbat egokitzapen egin beharko dituzte dorrean. Izan ere, oraingo egoeran, dorreak ez ditu lanean aritzeko gutxieneko baldintzak betetzen, hau da, langileen segurtasuna bermatzeko arauak hausten ditu. Horren ondorioz, konpontze lanak luzatu eta garestitu egingo dira. Dena dela, Komunen Ganberako administrazio batzordeak dagoeneko onartu ditu lanok. Erlojua gelditzen badute, ez da halakorik gertatzen den lehen aldia izango. Bai, ordea, etenaldi luzeena. 1934an, 1956an, 1976an, 1990ean eta 2005ean, esaterako, geldialdiak izan zituen, zela konpontze lanengatik, zela matxurengatik. 1976ko abuztuaren 5etik 1977ko maiatzaren 9ra izan da orain arteko etenaldirik luzeena. Orduko hartan, aberia baten ondorioz egon zen geldirik. Oraingoan, marka hautsiko ote du?