Ingurumena

zilbetiZilbetin harrobia egiteko egitasmoa gelditu dute

Hainbat urtetako ika-mika amaitze bidean da Zilbetin (Erroibar, Nafarroa). Izan ere, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi du paraje hartan magnesita harrobia egiteko egitasmoa. Eugin duen harrobia agortzen ari dela-eta, Magnesitas de Navarra enpresak Zilbetin zabaldu nahi zuen harrobia, Natura 2000 sareak babesturiko eremu batean. Horretarako, aurreko Nafarroako Gobernuaren babesa zuen enpresak, baina Alduide Mendia Koordinakundeak eta SEO/BirdLife elkarteek auzitara jo zuten 2010ean. Helegite horri dagokio oraingo ebazpena, eta aski argia da: babesturiko eremua izanik, harrobiak “kalte onartezina” eragingo luke; hortaz, gelditzeko agindua eman du. Eskualdean polemika handia eragin izan du auziak. Egitasmoaren aurkakoek ingurumenean eragingo lituzkeen kalteak salatu dituzte behin eta berriz. Aldekoek, aldiz, eskualdeko ekonomia susper­tzeko balioko duela nabarmendu dute. Egitasmoaren aurkakoak pozik azaldu dira erabakiarekin, eta bestelako garapen eredu iraunkorragoa aldarrikatu dute. Erroibarko Udalak eta Magnesitas de Navarra enpresak, aldiz, helegitea jarriko diote epaiari. Egungo Nafarroako Gobernuak, ostera, ez du halakorik egingo. Horrenbestez, auzitegiaren erabakia behin betikoa izan ez arren, aferaren amaiera gertu sumatzen da, harrobia egin nahi ez dutenen mesederako.