Euskara

EGA eta gainontzeko euskara tituluak aztertuko ditu Jaurlaritzak

Harrigarria badirudi ere, euskarari buruzko gai batean adostasuna lortu dute Eusko Legebiltzarreko alderdi politiko guztiek. Zehazki, EGA Euskararen Gaitasun Agiriaren eta gainontzeko euskara tituluen egoera aztertzeko eskatu diote, aho batez, bost alderdi politikok Eusko Jaurlaritzari. Ondorioz, Jaurlaritzak lau hileko epea izango du eginkizun hori betetzeko. Ondoren, hobekuntzak proposatu beharko ditu, azterketok errealitate soziolinguistikora eta bete behar dituen zereginetara egokitzeko. Eskariari erantzuteko, lantaldea sortuko du Eusko Jaurlaritzak. EGA gainditzen dutenen kopurua oso txikia dela iritzita (aurkezten direnen artean, % 25 inguruk gainditu ohi dute), PSE-EEk plazaratu zuen gaia, polemika dezente sortuta. Orain, gaiari heltzean, EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk adosturiko testua onartu dute, PP eta UPDren aldeko botoekin. Helburuarekin bat etorri badira ere, arrazoiei erreparatuta alderdi bakoitzaren ohiko jarrerak antzeman daitezke: hainbat lan deialdi publikotan EGA eskatzea ez dute beharrezkotzat batzuek; gaztelaniaren eta euskararen arteko asimetria, euskararen kaltetan, nabarmendu dute besteek... Alegia, oraingo adostasunak ez ditu estaltzen euskararekin loturiko gaietan alderdiek dituzten iritzi arrunt bestelakoak.