Osasuna

txarkuHaragi prozesatuak susmopean

Minbizia eragin dezaketen gaien artean ipini ditu Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) haragi prozesatuak. Hau da, txarkuteria, haragi gazituak, onduak, ketuak, hartzituak... Zehazki, OMEren esanetan, “nahikoa ebidentzia” dago halako produktuak jatearen eta koloneko eta ondesteko minbizia izatearen arteko lotura egiteko. Gainera, haragi gorria “segur aski” minbizia eragiten duten gaien artean sartu du. Hala ondorioztatu du OMEren Minbiziari buruzko Ikerkuntzaren Nazioarteko Agentziak, gaiari buruzko 800 ikerketa baino gehiago aztertu ostean. Hamar herrialdetako 22 adituk egin dute txostena. Azterketaren egileek azaldu dutenez, prozesatutako haragia jateagatik koloneko minbizia izateko arriskua txikia da pertsonentzat, baina jandako haragi kopurua igo ahala, arriskua ere handitu egiten da. Zehazki, egunean 50 gramo haragi prozesatu janez gero, % 18 igotzen da minbizia izateko arriskua. Haragi gorria ere arriskutsutzat jo du OMEk, kolon, prostata eta pankreako minbiziarekin lotu izan delako. Halere, jakinarazi dute haragi gorria minbizi mota horiekin lotzeko frogak “mugatuak” direla. Albisteak hautsak harrotu ditu, nola, gainera. Era berean, berriari buruz argitaratutako titular askok bestelako arriskua erakutsi dute: sentsazionalismotik joz albistearen mamia desitxuratzeko dagoena, hain juxtu. Onena, beti aholkatu izan den moduan, tentuz jokatzea izango da: bai jateko ohituretan, baita albisteak irakurtzean edo entzutean ere.